Paulo Carril. Galiziako CIG sindikatuaren idazkari nagusia

«Gobernuaren jarrera gure gaitasunaren araberakoa izango da»

Carrilek uste du Espainiako Gobernuari bi zeregin nagusi ezarri behar zaizkiola: «erreforma neoliberalak» indargabetzea eta autodeterminazio eskubidearen onarpenean aurrera egitea; eta «mobilizazioa» dela giltza.

LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
gotzon hermosilla
Bilbo
2020ko otsailaren 6a
00:00
Entzun
CIG Confederacion Intersindical Galega Galiziako lehen sindikatua da: 1.500 ordezkari baino gehiago ditu, %30 inguru, eta sindikaturik indartsuena da Galiziako herrialde guztietan eta sektoregehienetan. Batez ere, azken urteetan lortu du haztea eta UGT eta CCOO gainditzea, eta beti nazio eta klase ikuspegi argi batetik. Sindikatuko idazkari nagusi Paulo Carril (Galizia, 1973) Bilbon egon da, beste sindikatu abertzaleekin batera ondutako agiria aurkezteko.

Zer aldarrikatu nahi izan duzueagiri bateratu honekin?

Nabarmendu nahi izan dugu gehiengoaren bizi baldintzak duintzeko benetako agenda sozialak azken urteotan erreforma neoliberalak indargabetu behar dituela, eta aurrera egin behar duela lan harremanen esparru propioen eta autodeterminazio eskubidearen onarpenean.

Uste dugu Espainiako gobernu berriak bi ildo horiek aintzat hartu behar dituela, kontuan hartuta guk ordezkatzen dugun sindikalismoaren garrantzia eta indar subiranistek Espainiako Kongresuan duten indarra.

Galizia «nazio larrialdian» dagoela esan duzu. Zergatik?

Hainbat faktorek eragiten dute horretan: lan erreforma horien eragin negatiboak, industriaren krisiak, ontzigintzarenak, emigrazioak —azken hamar urteetan 206.000 gaztek alde egin dute Galiziatik—, langabeziak eta abarrek. Horren aurrean, Xuntaren erantzun bakarra da turistifikazio basatia eta Galiziaren nazio izaerak izan ditzakeen onurei uko egitea espainoltzearen mesedetan.

Agirian erabakitzeko eskubidea aipatu duzue. Espainiako ezkerraren zenbait sektoretan, berriz, aldarrikapen hori oztopo gisa ikusten da.

Ezkerraren patriotismo zibikoa eta eskuinak Espainiaren ideiaren inguruan egiten duen defentsa fanatikoa, azken finean, gauza bera dira: 1978ko konstituzioaren sakralizazioa, gure ustez, Espainiako elite ekonomikoak aberastea eta nazio aniztasunaren ukazioa helburu dituena.

Espainian badago ezker bat, erreforma sozialak indargabetzerakoan epela dena, eta nazio aniztasunaren errealitatea ukatzen duena.

Espainiako gaur egungo gobernuak gauzak alda ditzakeela uste al duzue?

Gobernuaren jarrera izango da gure mobilizazio eta aldarrikapen gaitasunaren araberakoa. Gure eskubideen defentsan lantegi eta kaleak hartzeko gauza garen neurrian, Espainiako Gobernuak alde batera edo bestera egingo du.

Nola lortu duzue Galiziako lehenengo sindikatua bilakatzea?

Sindikatu ereduarekin koherenteak izanik, hau da, klaseko sindikalismoa, borrokalaria, eraginkorra eta nazio gisa ditugun erronkei heltzeko gauza dena.

Galiziako sindikalismo abertzalea indartsu dago, herri mugimenduak ere lorpen handiak izan ditu, baina badirudi zailtasunak daudela indar hori esparru politiko eta instituzionalera eramateko. Zergatik?

Zaila da erantzutea, hamarkadak daramatzagulako horrela, baina argi dugu gure herrian pairatzen dugun klase eta zapalkuntzaren ezaugarrien ondorio dela: kolonialismoa arlo ekonomikoan, eta gure kulturaren eta nazio errealitatearen ukazio erabatekoa.

Gu mobilizazioaren eta indarrak metatzearen bidetik ari gara, eta badugu borondatea beste eragile askorekin batera egoera alda dezakeen masa sozial antolatu horren parte izateko.

Aurten bozak izango dira Galizian. Aukerarik ikusten duzue PP Xuntatik kanporatzeko?

PP Xuntatik kanporatzea beharrezkoa da, baina horrek ez du ezertarako balio izango politikak aldatzen ez badira. Zoritxarrez, nazionalismoa bakarrik dago borroka eta mobilizazioaren bide horretan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.