Hezkuntza Sailaren porrota

2017ko apirilaren 6a
00:00
Entzun
Haurrak gela/irakasle kopurua zehazten duten zenbakitzat jotzen dituen Hezkuntza Sailaren porrota, alegia. Haientzat haurrak ez dira hezkuntzarako eskubide-berdintasuna duten pertsonak, objektu hutsak baizik.

Objektu hutsak izanik, aniztasuna hutsaren hurrengoa da hezkuntza sisteman. Ikasleak, bere garapena kontuan hartu gabe, jaiotako urtearen arabera antolatu, guztiei programa zabala eman, gutxieneko helburu berak eskatu eta bukaeran zenbaki bat jartzera behartzen gaitu Hezkuntza Sailak. Ondorioz, haur batek ez baditu helburuak gainditzen, errepikatzeko mehatxua dauka. Hala ere, ikasle talde bat urte berean jaio izanak ez du garapen bera izango dutenik esan nahi. Batzuek ikasteko denbora gehiago behar dute eta beste batzuek gutxiago. Egungo sisteman ezinezkoa da bakoitzaren garapenaren araberako norbanako programazioa egitea, bai ikasle kopuruagatik, bai sailak ezarritako gutxieneko helburuak lortzeko exijentziagatik ere. Hortik dator ebaluazioen exijentzia.

Hasiera planteamendu faltsu bat ezarri da derrigorrezko hezkuntzan, hots, ebaluazioak egin behar dira, sistema hobetu nahi bada. Ez da egia. Planteamendu honek logikoa badirudi ere, ez du batere zentzurik hezkuntza sisteman, ikasleak sailkatzeko eta ikastetxeak lehian jartzeko ez bada, eskubide-berdintasunak ez baitu ikasleen homogeneotasuna adierazi nahi.

Esaterako, bi ikasle desberdinak diren bezala, bi ikasturtetako ikasle-taldeak ere desberdinak dira, pertsonak, egoera eta ezaugarriak aldatzen baitira. Beraz, talde bati egindako ebaluazioak ez du zertan beste batentzat baliagarria izan. Aurten, LHko 4. mailan egin den ebaluazio diagnostikoaren ondorioak aztertu, programan zuzenketak egin eta berriro aplikatu orduko, ikasle horiek DBHn egongo dira eta 4. mailan beste ikasle-talde bat egongo da eta bere ezaugarriak desberdinak izango dira.

Zergatik ebaluazioak? Hezkuntza sistemaren helburua ikasleak sailkatzea denez, ikastetxez kanpoko ebaluazioak behar dituzte, ez baitira irakasleez fidatzen, eta honek autonomiaren arazoa dakar.

Egun, ikastetxe bateko eskola-komunitateak ez du eskumenik, administraziotik datozen arauak aplikatzeko eskumena izan ezik, ados dagoen ala ez galdetu gabe. Ezin du curriculum propioa landu, ezin du nota mota erabaki, kanpotik datorren ebaluazioa nahitaez onartu behar du, ezin du egutegi propioa aukeratu... Beraz, Hezkuntza Sailaren baimenik gabe ia ezin da ezer egin, esaterako, ikasleen notak jartzeko ere INIKA enpresaren baimena behar da, haiek programa kudeatzen baitute, ez irakasleek.

Bere lagun enpresariei dirua nola helarazi kezka bakarra duen gobernuaren porrota da. Eusko Jaurlaritzari (EJri) etengabe ari gatzaizkio entzuten enpresariei lagundu behar zaiela esaten, hezkuntzan inbertsioa jaisten ari den bitartean. 2009an hezkuntzako gastu publikoa BPGaren % 4,4 zen eta 2017an % 2,79 aurreikusita dago. Murrizketa politika honek eragin zuzena du ikasleengan; kasu batzuk aipatuko ditut:

Irakasle batek baja hartzen duenean, ordezkoa bosgarren egunetik aurrera bidaltzen dute; ondorioz, ikasleek bost egunean irakasle desfilea ikusiko dute.

Irakasle/ikasle ratioa Lehen Hezkuntzan legez 25ekoa bada ere, salbuespen gisa27 ikasle jarri zen, ikasturtean ikasle berriren bat etortzen bazen ere. Egun, gela askotan salbuespen hori lege bihurtu da, eta irakasleak aurrezten dira horrela.

Ikastetxe bakoitzari dagozkion irakasleen zerrenda zehazteko orduan, ikasle eta gela kopurua kontuan hartzen dira; hala ere, kasu absurdo asko ematen da; esaterako, ikastetxe bati 27,16 irakasle dagozkiola, eta ez pentsa 28. irakaslea bidaliko dutenik, ez; irakasle batek eskola horretan ordutegiaren % 16 beteko du eta kito; edota arreta berezia behar duten ikasleen kopurua nahikoa ez denez, irakasle erdia, herena eta bost seirena ere bidali izan dute, irakasle oso bat ez ordaintzearren.

Kanpotik etorritako ikasle berriei euskara irakasteko HIPrograma sortu zuen EJk, eta ikasle kopuruaren arabera irakasle bat, erdia, herena... bidaltzen du. Baldintza bat jarri zuen programan: ikasle berri horrek bi urtean beste ikasleen euskara maila lortu ala ez, hirugarren urtean laguntzarik gabe garatuko da, hau da, bertako haur askok urte askoan lortzen ez dutena ikasle etorkin batek bi urtean lortu behar du. Askoz eskarmentu handiagoa duten herrialdeetako espezialistek hizkuntza berri bat menperatzeko lauzpabost urte behar direla esaten dute; hemen bi urte ematen dizkie.

Gure ikasleek zientzietan emaitza txarra atera dute. Inork ez du esaten, ordea, Lehen Hezkuntzako ikastetxe gehienetan ez dagoela laborategirik. Oro har, EJk ez du ikastetxeetan laborategirik, plastika gelarik eta halakorik aurreikusten. Hori bai, Idoia Mendiak eskoletan urte bat ere iraun ez zuten ordenagailu ziztrin txiki horiek zabaldu zituen eskola 2.0 programaren barruan, Telefonicaren pozerako.

Aspaldidanik ari gara hezkuntzan inbertsio gehiago egin behar dela esaten, esaterako, irakasle/ikasle ratioa jaitsi, irakasle plaza berriak sortu... Alta, «bere lagun enpresariak pozteko politika» aurrera eramatearren, alderantzizko bidea hartu du Jaurlaritzak Heziberri ezarri nahian, baina ezin izan du eskola-komunitatea engainatu. Beraz, pertsonengan eta hezkuntza publikoan sinesten ez duen gobernuaren porrota da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.