Donostiako 53. Jazzaldia. KRITIKA.

Hard Bop Green eta 'Pressagio'

2018ko uztailaren 31
00:00
Entzun

Benny Green Trioeta Salvador Sobral



Lekua: Donostiako Trinitate plaza. Eguna: Uztailak 28.

Garai bateko jazz klasikoa ekarri digu Benny Green jaunak (New York, AEB, 1963). Bebop, hard bop, post bebop edo nahi bezala deituko zaio, baina nota ugari, eskala amaiezinak gora eta behera, milaka nota biraka atera dira bere pianotik. Klasikoa ote? Agian bai; 50eko eta 60ko hamarkadetan ospea hartu zuen musika azkarra dugu. Oscar Peterson handia izan zen Greenen aitajauna; gaztetan, Art Blakeyren Jazz Messengers taldean sartu zen, eta horrek markatzen du. Gaztea dirudi oraindik. Hirukotea college batetik atera berri diren ikasleen itxurarekin azaldu da oholtzan; demode estiloan, trajearekin eta gorbatarekin etorri badira ere, gaurkotasun eder batez jo dute musika, eta nota denak, ederrak, freskura nabarmen batez entzun ditugu. Blues ikaragarri bat ere entzun dugu, erritmo latino dotoreak, bop eta bebop gehiago... Gurrola jauna baxuarekin bikain, azkar, kemen izugarriarekin. Eta Aaron Kimmelek, berriz, zehatz kolpe guztietan, dotore eta indartsu jardun du. Greenen pianoa nagusitu da, doinu dotoreekin, jakinduria ikaragarri batekin jotako notak helaraziz. Itxura gaztetxoena badu ere, 55 urte ditu, eta heldutasuna nabarmentzen zaio; teknikaren ezagutza handia du. Ikusleen aurrean erreberentziazko keinuak eginez azaldu da, lotsati patologiko baten apaltasunarekin gurtuz ikusleak. Bikaina kontzertua.

Salvador Sobral (Lisboa, 1989) izan da gaueko beste protagonista. 2016an Eurovision lehiaketa irabazteak ateak ireki dizkio, horri esker egin da ospetsu, eta horri esker etorri zaizkio lagun ugari ikustera eta entzutera Jazzaldira. Pretentsiorik gabeko itxura eman du taula gainean, baldar samar, sinpatiaz blai eta salto txikiak egiten aritu da. Agertokiak, Triniko ikusleek eta Donostiako Jazzaldi ospetsuan aritzeak kikildu egin dute Sobral jauna, baina atzera egin beharrean, oihu batzuk bota, gorputzari eragin, eta igerilekuan murgildu da, ikusleen artean, alegia. Zintzo, umoretsu eta orro artean abesten hasi da. Ez du teknika ikaragarririk, hobeki jarduten den erregistroa ez da luzituena izaten, eta hala ere, transmititzen du, ongi komunikatzen da ikusleekin. Ederra da abestean duen sentsibilitatea. Pessoaren Pressagio ederrarekin eta Loucura-rekin kateatu gaitu ikusleok; Eurovisionen irabazitako Amar pelos dois-ekin liluratu. Ingelesez, portugesez, gaztelaniaz —La vida es sueño-ko pasarte batzuk errezitatzean—, italieraren antzeko zerbaitetan —bel canto irrigarri bat parodiatuz—, eta, azkenik, euskaraz abestu digu.

Lagundu dioten musikariak bikain aritu dira. Resende jaunak pianoarekin emozio asko azaltzeko gai dela erakutsi digu. Fin eta trebe aritu da.

Azkenik, bisetan, Sobral jauna bakarrik azaldu da, paper bat esku artean, eta pianoa joz abestu du Prometeo nao prometer eta kanta horri lotuta, etenik gabe eta amaitzeko, Laboaren Txoria txori. Ikusleek, nola ez, zoratzen, zutik eta txaloka agurtu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.