KRITIKA. Antzerkia

Hitzaldi antzeztua

Pep Cruz eta Alba Pujol aktoreak, antzezlanaren une batean. ARRIAGA ANTZOKIA.
Agus Perez.
2021eko otsailaren 21a
00:00
Entzun

'Un país sin descubrir de cuyos confines no regresa ningún viajero'

Testua eta zuzendaritza: Alex Rigola. Dramaturgiarako aholkulariak: Dobrin Plamenov, Alba Pujol, Irene Vicente. Eszenografia: Max Glaenzel. Antzezleak: Alba Pujol, Pep Cruz. Lekua: Bilboko Arriaga antzokia. Eguna: Otsailak 19.

Deskubritzeke dugun herri hura Estix ibaiaren bestaldekoa da greziar mitologian, hildakoen mundua, alegia. Herri hartatik, ordea, ez da inoiz bidaiaririk itzuli —gaurko lanaren izenburua lekuko—, baina haren mugetaraino hurbildu gara heriotzara bidean doan paziente baten bizipenetatik abiatuta. Pazientea, gainera, ez da edozein izan, taula gainean jardun duen Alba Pujolen aita baizik, pasa den udazkenean hil zena eta mundu honetan Ekonomiaren Historiaren katedraduna izan zena.

Esandako ezaugarriek —emanaldian zehar azaltzen den heriotzaren hurbiltasuna, hildakoaren maila intelektual eta morala, alaba bera izatea esperientzia horren antzezlea... berezi egin dute proposamena, eta parada polita eman digute heriotzaren kontuaz sakon gogoetatzeko.

Esan bezala, taula gainean Alba Pujol bera ikusi dugu emankizunaren gidari, eta haren alboan Pep Cruz aktore beteranoa eduki du Josep Pujol aita zenduaren rolean. Adinaren eta itxura fisikoaren arabera, Cruz egiatan izan zitekeen Alba Pujolen aita, eta alde horretatik bete-betean asmatu du Alex Rigolak aktorearen hautaketan. Pujolena, ordea, diskutigarritzat jotzen dut gutxienez, kontuan izanda oso estrainioa—deseroso eta guzti— egin zaigula alaba aitaren heriotzatik hain hilabete gutxira kontu sentikor horren gainean espektakulu egiten ikustea, espektakulu adeitsua, filosofikoa eta biziontzat lagungarria izan arren. Are gehiago jakin ostean aitarengandik jasotako adierazpenak eta berari zein balizko biloba bati idatzitako gutunak baliatu dituztela emanaldian.

Planteamendu eszenikoa zirkunstantziek eskatutakoaren araberakoa izan da: aulki altu bat Cruzentzat —ez du ia erabili—; bonsai moduko bat albo batean, bizitzaren jarraikortasuna sinbolizatuz agian; proiekzioetarako pantaila bat, eta mahai metaliko handi bat ordenagailu batekin, besterik ez. Musikarik ez da izan emanaldi osoan, eta hainbat esaldi, aipu eta galdera proiektatu dira atzeko pantailan. Haien artean, oso interesgarriak egin zaizkigu Enric Benito sendagileak—hilzoriko pazienteei laguntza ematen jardun du 45 urtetan— Josep Pujoli bidalitako adierazpenak, baina horiek eta The Big Lebowski-ren pasarte txiki bat izan dira emanaldiaren izaera lehorra zertxobait arindu duten bakarrak, dramaturgia arloan hiru sinadura aurkitu ditugun arren.

Bestetik, Alba Pujol giza hezurdura irudikatzen zuen mozorro batekin ibili da denbora guztian, mezuaren kontrako kontraste antiestetiko eta zentzugabean, eta bere antzezteko manera oso artifiziala egin zaigu, arte dramatikoa ikastean bereganatutako keinu eta jarrera guztiak ezabatu ezinik balego bezala. Horrek guztiak ageriko artifizialtasun sentsazioa sortu du, eta emanaldia hitzaldi antzeztu baten mailan geratu da, bizipen sentituen analisi dramatizatuaren izaera hartu beharrean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.