Albistea entzun

Harkaitz Cano. Idazlea

«Apartatuz kontatu, hori izan da estrategia»

'Egunkaria auzia' kontatzeaz harago, kazetaritzari buruzko gogoetak agertu eta paperezko egunkariak omentzeko baliatu du obra. Hizkuntza tramaren parte delakoan da: «Polizia martxan jartzea eragin lezake»
JON URBE / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Itziar Ugarte Irizar -

2020ko azaroak 14

Zehatz jaso zuen proposamena: «Egunkaria-ren itxiera oinarri hartuta, antzezlan bat idaztea». Lorea Agirrek auzia aletuz idatzitako kronika xehea etorri zitzaion gogora lehenik; horrekin, kuttun dituen filmak. erredakzio girokoak. «Kazetariaren perfil askotan idealizatua, adrenalinapean idazten, hain erraz kiskaltzeko ofizioan... arketipo interesgarriak daude hor». Duela lau urte heldutako amu horretatik idatzi du Sisiforen paperak Harkaitz Canok.

Nondik heldu zenion proposamenari?

Bakoitzak bere terrenora eramaten dituenez gauzak, pentsatu nuen pauso bat albora egitea, eta itxiera lazgarria kontatzeaz aparte, paperezko prentsa nolabait omentzea. Bururatu zitzaidan kazetariaren lana, besteak beste, galderak egitea dela, galdera egokiak. Aldiz, egunkarikoak atxilotzen dituztenean, beraiek dira interrogatuak. Hor ikusi uste izan nuen antzezlanaren klabea: galderak egitea lan duen hura derrigortua da galderak erantzutera.

Nola neurtu dituzu Euskaldunon Egunkaria-ren erreferentziak?

Keinuak daude. Badaude pertsonaia batzuk oso agerikoak direnak, baina ez dira protagonistak. Egunkaria bezalako proiektu batek, hainbeste jenderen sostengua izanik, korala izan behar zuen, aktore dezenterekin, protagonismo banatuarekin. Auzipetuak gehiago ziren hemen daudenak baino, eta horrek ja derrigortzen zaitu fikzioa egitera. Apartatuz, kontatu: hori izan da estrategia. Fikzioa bilatu dut hobeto kontatu ahal izateko.

Bi giro kontrajartzen dira: erredakziokoa eta komisariakoa.

Bai, bi giro eta bi hizkuntza. Interrogatorioaren haria gaztelaniaz da, eta erredakziokoa, lankideen arteko giroa, euskaraz. Hainbat proiektutan konturatu izan naiz gure kasuan hizkuntza tramaren parte dela, hizkuntza batek eragiten du tentsioa, eta beste batek ez, hizkuntzak eragin lezake polizia martxan jartzea. Ikusten nuen elebiduna izan behar zela. Badago gaztelania hutseko beste bertsio bat, Madrilerako, baina tira.

Kasu honetan, hizkuntzagatik ere gertatu zenean gertatu zena.

Noski. Horregatik badira gauza itzulezin batzuk. Batek esaten du: «Guk egiten duguna beste batzuek hobeto egiten dute». Eta erantzuna da: «Bai, baina gu euskaraz egiten duten bakarrak gara». Noski, hori gaztelaniaz absurdoa da. Hizkuntza tresna da, baina trama ere bai, korapiloa.

Testuak segitu ohi du idazten taulan. Nola kokatu zara hor?

Nire lana gida bat da, besteek lana egin dezaten. Gero kanpo agente bat bilakatzen zara. Hor gehien gustatzen zaidana aktoreekin egiten diren lehen irakurketak dira, mahai baten inguruan bildu, eta irakurri. Gauza asko egiten da presaka, eta antzerkian sumatzen dut gabezia hori: poliki irakurtzea, entzutea, esandakoa ulertzea, eta hori elkarrekin egitea.

Tonu aldetik, zer lortu nahi izan duzu?

Testua oso literarioa da. Ni ez naiz antzerki-idazle arrazakoa. Hasieratik utzi nien argi testu askoko zerbait egingo nuela. Gustatzen zaizkit Aaron Sorkinen telesailak, demagun, non pertsonaiak oso-oso listoak diren, eta etengabe eztabaidatzen duten. Pixka bat hori nahi nuen. Horrekin batera agertzen da trama judizial-polizialago bat, atxiloketak, galdeketak eta eszena gordin samar pare bat.

Kazetaritzari buruzko pasarteetarako zein gogoeta erabili duzu?

Nik hilabetez egin nuen lan kazetari moduan, Euskaldunon Egunkaria-n, eta ohartu nintzen oso galdekatzaile txarra nintzela. Beti nuen erantzuna manipulatzeko tentazioa: «Zergatik esan du hau? Kristoren galdera egin diot eta...». Pertsonaietako batek esaten du: «Zer ezberdintasun dago poeta on baten eta kazetari on baten artean? Denbora». Kazetari bat da epemuga oso estua duen poeta bat, eta poeta bat da epemugarik ez duen kazetari bat, exajeratuta. Egia da obrak mantentzen duela garai bateko kazetaritza modu bat. Miresgarria den lana da, eta oso esker txarrekoa; exijentea oso.

Sisiforen mitoa eraman duzu izenburura. Horixe da euskaldungoaren kondena?

Sisiforena guztiontzat balio duen mito bat da, zerbait existentzialista: inoiz bukatu ez, berriro hasi. Hori beti egongo da indarrean. Baina gu bi aldiz gara Sisifo. Inguruabar ezberdinengatik, egitura ahulengatik, azaldu daiteke era askotan, badugu behin eta berriz hastearen sentsazioa. Hau ez al genuen egin, minimo hau ez al zegoen adostua, ez al genuen hemendik segitu behar? Ba, ez. Harria mendian behera erori da, eta berriro altxatu behar da. Kasu honetan, paperak.

Kepa Errasti: «Duela asko izan zen, baina duela ez hainbeste».

Sentsazioa daukat dena azeleratu dela, azken hilabeteetan zer esanik ez. Etorkizuna atzean utzi izan bagenu bezala. Ez dira hainbeste urte, egia da. Baina gauzak hain azkar doazen honetan, memoria ere ez dakit ez daukagun endekatu samar. Hor eragiteko ere balio lezake, agian.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Alex Sanvi eta Unai Iturriaga, atzo, Elkarreko komikiaren txokoan, Donostian. ©MAIALEN ANDRES / FOKU

Mundura atera dira H.B. eta Lo-li-ta

Itziar Ugarte Irizar

Unai Iturriagak eta Alex Sanvik 'Haur Besoetakoa. Itsasoan urak handi' komikia eman dute, Ikastolen Elkartearen eta 'Xabiroi'-ren eskutik. Orain arteko albumik «sendoena» dela uste dute

 ©JAIZKI FONTANEDA / @FOKU

Euskal Herrira itzuliko da gaur Patti Smith

Aitor Biain

Gasteizko Azkena Rock jaialdian eskainitako emanaldiaren ondotik, Euskal Herrira itzuliko da Patti Smith; Donostiako Kursaal auditoriumean ariko da gaur iluntzean. Punk-rockaren ikur handienetako bat da, eta Donostian emango dio amaiera Europa osoan egindako kontzertu birari.

Alexei Volodin pianista, artxiboko irudi batean. ©EUSKADIKO ORKESTRA
Anari Alberdi. ©JABOGA MANTEROLA / FOKU

Prosaz haragoko udazken bat

Iñigo Astiz

Anari Alberdiren liburua da udazkeneko literatur nobedaderik deigarrienetako bat, baina Agirreren, Epaltzaren eta Ibarzabalen nobelak, Zalduaren ipuinak eta komiki esanguratsuak ere badira tartean

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Irakurleen babesa ezinbestekoa da kazetaritza independente eta konprometitua egiten jarraitzeko.