Jose Antonio Seoane. Osasun bioetikan aditua

«Oro har, egoitzetan daudenen arreta ez da lehentasunezkoa»

Pandemiak zahar etxeetan azaleratu duen errealitateari erreparatuta, Seoanek zaintza ereduaz hausnartu beharra azpimarratu du, baina ikuspegi politiko batetik: zaindua izatea eskubidea dela aldarrikatu du.
MONIKA DEL VALLE / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Maite Asensio Lozano -

2020ko urriak 7

Coruñako Unibertsitatean Zuzenbidearen Filosofian katedraduna da Jose Antonio Seoane, eta osasun bioetikan aditua. Azken asteetan, EHUren Udako Ikastaroetan parte hartu du bi aldiz, besteak beste, kalteberatasunaz, bakardadeaz eta eskubideez mintzatzeko.

COVID-19ak zahar etxeetan izandako inpaktuaz mintzatu zara. Zer gertatu da egoitzetan?

Ez dut auzia oso sakon aztertu, baina ematen du zahar etxeetako arazoek lotura dutela bertako zaintza lehentasunezkotzat ez hartzearekin. Pandemiari emandako erantzuna batez ere sanitarioa izan da, eta egoitzetan bestelako zaintza bat ematen da. Eta erantzun horretan ere, mendekotasun egoeran zeuden adineko batzuei ez zaie lehentasunik eman, osatzeko aukera gutxiago zutelako eta horrek ekarri zuelako zaintza ez izatea hain eraginkorra. Hori ondorio bat izan da, ez irizpide bat; ez dut uste esan dezakegunik halakorik nahita erabaki dutenik, baina egia da egoiliarrek arreta gutxiago jaso dutela. Pandemiak agerian utzi du sanitarioak ez diren zaintzak bigarren mailakoak direla gure gizartean.

Ados zaude adinekoen abandonuaz eta diskriminazioaz hitz egin dutenekin?

Egia da abandonua egon dela, eta desberdin tratatu dituztela, baina ez dut uste berariazko erabaki bat izan denik horren atzean. Dena den, abiapuntua bera da: egoitzetan daudenen arreta ez da lehentasunezkoa, oro har. Langile trebatu nahikorik ez dago, eta, gainera, biztanleria zahartzen ari da, mendekotasun egoerak gero eta ugariagoak dira, eta gure egoitza ereduak ez die auzi horiei erantzuten. Eta are larriagoa dena: ez dugu eztabaidatu zer zaintza eredu nahi dugun. Sarri, zahar etxea konponbide bakarra bihurtu da, baina ez da beti onena. Arazo sozial bat da: ez dugu hausnarketarik egin, eta erantzun inperfektua eman dugu egoitzen bidez; hortaz, arazo larri bat agertu denean, erantzun azkarrak eman behar izan direnean eta ez denean egon denontzako baliabiderik, zahar etxeak geratu dira gabe. Ez dago soilik pandemiarekin lotuta: egiturazko arazo bat da.

Adinekoak bakartu egin dituzte hainbat astez euren logeletan. Zer ondorio du haiengan?

Hondamena da. Bakardadea balio bezala uler daiteke, hautatua denean eta kudea dezakegunean, baina, inposatua denean, gaina hartzen digu. Konfinamendua modu justifikatuan inposatutako bakartzea izan zen, baina egoiliar askok ezin dute hori ulertu; beraz, bakarrik egotearen kalteari erantsi behar zaio ez ulertzearena, eta, horrekin lotuta, segurtasunik eza, autoestimu arazoak... Etengabeko laguntza behar dutenentzat oso zaila da bakardade hori kudeatzea: zaintzailea edo solaskidea desagertzen denean, pertsona horren bizitzaren parte inportante bat desagertzen da. Egoera inposatu bat da; errealitateak ekarri du, eta bakardade hori ezin zaio inori egotzi, baina abandonua bai, aurpegiratu behar da.

Eredu aldaketaz mintzatu izan zara. Zer aldaketa behar da?

Ikuspegia aldatu behar da. Onartu behar dugu zaintzak beharrezkoak direla pertsona guztiontzat: denok behar dugu zaintza, baina intentsitate diferentekoa bizitzako etapa bakoitzean; eta horretako gehiena ez da sanitarioa. Adinekoei dagokienez, egoitzen eredua nagusitu da, baina berez hori ez da konponbide bat, besteak beste, ezin duelako erreproduzitu etxearen eredua eta ez daukalako profesional kualifikatu nahikorik. Beraz, pentsatu behar dugu luzaroan eman beharreko zaintzetan, nola egokitu zentroak egoiliarren beharretara... Itxuraz aldaketa errazak dira, baina egiturazkoak dira, berekin dakartelako hausnartzea nolako gizartea nahi dugun.

Zaintza eskubide bat al da?

Bai. Ez dago horrela adierazita, baina bai, badago zaindua izateko eskubidea. Eta eztabaidatu behar dugu noraino iristen den: egun daukagunarekin konformatzen garen ala gizarte zerbitzuak egiaz bihurtuko diren ongizate estatuaren laugarren zutabe. Zaintza ezin da mugatu etxera, eskuzabaltasunera edo familiara; auzi politiko bat da: zaintzen ez duen gizarte bat gizarte bidegabea da.

Egunotan Gipuzkoako eta Arabako egoitzetako langileak greban daude. Eredu aldaketa horrek berekin ekarri behar al ditu lan baldintza egokiak?

Zalantzarik gabe. Ez dakit zein den zehazki hemengo egoera, baina orokorrean egoitzetako langileek grebara jotzen dutenean, gauzak txarto dauden seinale. Grebak ulertu behar dira euren lana egiteko baldintzen aldarri gisa: ondo zaindu nahi dute, eta, horretarako, baliabide ekonomikoak eta pertsonalak behar dituzte. Lanuzteak balio behar luke arazoak identifikatzeko eta zuzentzeko, eta langileei laguntzeko profesional onak izaten, hori ari baitira eskatzen: gizakiekin egiten dute lan, eta egoitzetan bizi den pertsona bakoitza ordezkaezina da.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Proben %9,6 positiboak izan dira azken zenbaketetan

Proben %9,6 positiboak izan dira azken zenbaketetan

Arantxa Iraola

Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak kutsatutako 1.709  pertsona gehiagoren berri eman dute

Pedro Sanchez Espainiako gobernuburua, atzo eginiko agerraldian. ©BORJA PUIG DE LA BELLACASA / EFE

Alarma egoera ezartzea erabakiko du Espainiako Gobernuak bihar

Edu Lartzanguren

Ministroen Kontseilu berezia egingo dute bihar dekretua sinatzeko, Madrilgo Gobernuko iturrien arabera.

Ezinbesteko arrazoiengatik ez bada, ezin da Nafarroatik irten edo hara sartu. Irudian, foruzainen kontrola, atzo, Beran. ©JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Erkidegoen menpeko alarma egoera eskatu dute Urkulluk eta Txibitek

Joxerra Senar

Jaurlaritzaren arabera, Auzitegi Nagusiaren azken erabakiak agerian utzi du neurriak hartzeko muga juridikoak dituztela. Espainiako Gobernuak etzi aztertuko du eskaria erkidegoetako presidenteekin

Metroko lanak Zubieta kalean, geldirik. Ekainaren 5ean zulo bat sortu zen soto batean. ©JON URBE / FOKU

Donostiako metroko obren atal korapilatsu bat 

Lander Muñagorri Garmendia

Lanak geldirik daude Kontxako zatian. Egitasmo gorabeheratsua eta eztabaidatua izan da hasieratik.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna