Nerea Zusberro Alberro.
Qatarko Munduko Kopa. HARMAILATIK AULKIRA

Mirari arabiarra

2022ko abenduaren 11
00:00
Entzun
Maroko Munduko Kopa bateko finalerdietara iritsi den Afrikako lehen selekzioa da. Horretarako, Espainia eta Portugal utzi ditu bidean kanporaketetan. Gainera, haren hautatzaile Walid Regraguik, fase honetara iritsi den Afrikako lehen entrenatzaile da.

Defentsa posizionalean, 4-1-4-1 kokatzen dira. Bloke ertain, trinko eta, batez ere, oso laburra osatzen dute. 25 metrotan defendatzen dute, erdigunetik gertu. Intentsitatea dute ezaugarri nagusia, eta guztiek hartzen dute parte defentsako lanetan.

Oso interesgarria da erdilarien kokapena. Ounahi eta Amallah pixka bat irekita daude beti. Zertarako? Lehenik eta behin, aurrelaria, En-Nesyri, lehen lerroan sar dadin, bai aurkaria aurrera doanean, bai hegal batek presio egiten duenean; bigarrenik, defentsaren baskulazioa bermatzeko. Hori da Marokoren indarguneetako bat. Aurkaria kanpotik ateratzera gonbidatzen dute, baina aurkariak erdiko erreitik aurrera egiten duenean, txapelketako erdilari defentsiborik onena agertzen da: Sofyan Amrabat. Aurkariaren barruko harrera guztiak kontrolatzen ditu. Esaterako, Espainiaren aurka, bederatzi baloi berreskuratu zituen, eta lehien %100 irabazi zituen. Baloia lapurtu ondoren, arabiarrek kontraerasoa antolatzen dute.

Marokoren sektore nagusia eskuina da; bertan, bere bi jokalaririk onenak daude: Achraf Hakimi eta Sofiane Boufal. Eraso azkarrak sortzen dituzte eskuinean, nagusitasuna sortuz edo alde ahulera mugituz, pase luze gurutzatuen bidez. Helburua: hegalen bizkarrari eraso egitea.

Marokoren metodo sinplea da, baina bikain gauzatzen du. Inork ez dio oraindik golik sartu. Ikusteko dago noraino iritsiko den mirari arabiarra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.