Gasa eta argindarra urteko preziorik merkeenetan daude

Gas erreserbak beteta egoteak eta energia eolikoaren erabilerak eragin dute merkatzea

jokin sagarzazu
2022ko urriaren 20a
00:00
Entzun
Arnasa energien merkatuan eta lasaitua kontsumitzaileen poltsikoan. Gasa eta argindarra aurtengo preziorik merkeenetan daude Hego Euskal Herrian. Bien kasuan, atzo ordaindu zen gutxien, eta gaur antzera jarraituko dute. Argindarra %6 garestiago izango gaur: 85 euro megawatt-ordua. Baina iazko egun berean baino %58 merkeago: 201 euroan ordaindu zen.

Argindarraren prezioaren jaitsiera bi faktorek eragin dute. Alde batetik, egunotan penintsulako toki askotan izan diren haizeteek energia eolikoaren erabilera handitu dute —atzo, zenbait ordutan, eolikoek argindar guztiaren %50etik gora produzitu zuten—. Horren ondorioz, gas gutxiago erre da ziklo konbinatuko plantetan, eta horrek argindarraren prezioa jaistea eragin du.

Arrazoi nagusia, dena den, gasaren prezioak azken egunetan izan duen bilakaera da. Iberiar penintsulako gas biltegiak beteta daude —Europakoak bezala—, eta udazkena epela izaten ari da; alegia, berotzeko gasa ez da horrenbeste behar. Horrek eragin du prezioaren merkatzea. Europa osoko merkatuetan gertatzen ari den fenomeno bat da, baina bereziki deigarria da Iberiar penintsulakoan. Gaur 31,8 euroan ordainduko da megawatt-ordua; aurtengo preziorik merkeena da, eta oso urrun dago abuztu amaieran ezarri zen errekorretik— 230 eurora iritsi zen—. Europako erreferentziazko merkatuan, berriz —Herbehereetako TTFn—, 115 euroan zegoen atzo arratsaldean.

Iberiar penintsulako gas merkatuko prezioak txikiagoak dira, besteak beste, besteak baino egoera hobean dagoelako, Afrikako iparraldearekin lotzen duten gasbideengatik, eta gas likidotua jaso eta tratatzeko Europako azpiegitura gehienak hor daudelako.

Gasa 40 eurotik behera egoteak, halaber, badu beste ondorio bat. Espainiak eta Portugalek Bruselarekin adostutako Iberiar penintsulako salbuespen mekanismoa etengo dute. Horren bitartez, argindarra sortzeko erabiltzen den gasari 40 euroko prezio muga jartzeko baimena jaso zuten. Baina hori eten egingo dute, merkatuko prezioa horren azpitik dagoelako. Hala, gasa erretzen duten zentralek ez dute konpentsaziorik jasoko orain arte bezala, eta hori fakturetan nabaritu da, doikuntza hori kontsumitzaileek ordaintzen baitute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.