Resistencia hiriko (Argentina) auzitegi batek ebatzi du estatuak erantzukizuna izan zuela Napalpiko sarraskian. Qom eta Moqoit komunitateetako nekazariek lan baldintza kaskarren kontra abiatutako protestak zapaltzeko, Argentinako jendarmeek eta paramilitarrek 200-300 indigena hil zituzten 1924an, tiroketa baten bidez. Zunilda Niremperger magistratuak herenegun kaleratutako epaiaren arabera, frogatuta gelditu da «gizadiaren kontrako krimenak» egin zituztela «indigenen genozidio batean», eta estatua horien erantzule dela.
Epaian eskatu dute «erreparazio historikoa» egin dadila. Biktimen senideei ez diete kalte ordainik emango, nahiz eta tokiko hedabideek argitaratu duten posible dela horiek jasotzea, epaiketa zibil bat hasten badute. Apirilaren 24an hasi zen epaiketa.
Erreparazioa egiteko neurri batzuk agindu ditu epaileak. Esaterako, eskoletako hezkuntza programetan gertatutakoaren berri ematen duen informazioa jasotzea eta biktimen gorpuzkiak bilatzen jarraitzea —gorpuak erraustu egin zituzten, eta hilobi komunetan lurperatu—. Sententziaren arabera, estatuak ekitaldi bat antolatu beharko du bere erantzukizuna onartuz, eta horretan parte hartu beharko dute biktimen senideek. Epaileak eskatu du, era berean, gertakarien lekuan museo bati eta memoriaren gune bati lekua egitea.
Chaco probintzian gertatu zen sarraskia, Resistencia hiritik 150 kilometrora, eta han bizi ziren herritarren %70-80 hil zituzten 1924ko uztailaren 19 hartan. Sententziaren berri izan ondoren, Qom komunitateko biktima baten senide Raquel Esquivelek AFP berri agentziari adierazi zion badela «garaia indigenen ahotsak entzunak izateko».
2014an, fiskaltzak atariko ikerketa bat eginarazi zuen, eta, horren bidez, bizirik ateratako Quom eta Moqoit komunitateetako kideen ahotsak bildu ahal izan ziren. Gero, Justizia Federalak bide eman zuen egiaren aldeko epaiketa bat egiteko.
Napalpiko sarraskian estatuak erantzukizuna izan zuela ebatzi dute
Epaiaren arabera, Argentinak «gizadiaren kontrako krimenak» egin zituen indigenen aurka 1924an

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu