Donostiako 70. Zinemaldia. KRITIKA. Zuzendari Berriak

Mamuak

Uxue Arzelus Lasa.
2022ko irailaren 24a
00:00
Entzun

'Nagisa'

Zuzendaria: Takeshi Kogahara. Herrialdea: Japonia. Iraupena: 88 minutu.

Tokion bizi den mutil gazte bat. Unibertsitatera doa. Kafetegian bazkaltzen du. Jatetxe bateko sukalde batean lan egiten du. Lotara doa. Horrela igarotzen ditu egunak; hobeto esanda, egunek igarotzen dute bera. Apatia konstante batean bizi da. Filmak aurrera egin ahala ulertuko dugu mina eta errua direla sentitzen dituenak, izan ere, bere arreba txikia istripu batean hil zen, eta pisu hori darama soinean. Eta hor dago tunela. Argi gorriz koloreztatutako tunela. Autobus istripu batean hil ziren bidaiarien mamuak topatu daitezkeela dioen tunela.

Takeshi Kogahara japoniarra Sundance Instituten eta Berlinale Talents Tokyoko programetan egon zen Nagisa-ren gidoia lantzen. Haren lehen film luzea da, eta Tokioko jaialdian estreinatu zuen.

Nire arreta guztia lortu du Kogaharak lehen eszenetatik. Sinopsia irakurrita ez nuen espero (ez naiz mamu eta kontu paranormalen zalea), baina filmak duen erritmo geldoak, plano luze estatikoekin, mantentzen dakien tentsioa sortzea lortzen du. Denboran saltoak eginez eraikitzen du istorioa zuzendariak, eta planoan dagoenak baino gehiago, planotik kanpo gertatzen denak izango du garrantzia. Soinuaren diseinua ere oso interesgarria da; zarata itogarritik isiltasun kezkagarrira garamatza, eta soinu-soinurik eza duten plano horiek oso modu eraginkorrean lotzen ditu protagonistaren garapenarekin.

Gazte baten mina eta ezinegona erakusten dizkigu Nagisa-k. Ez dut uste sinopsian mamuak eta sorgindutako tunelak aipatzeak mesede egiten dionik, ez da hori filmaren funtsa. Protagonistak mamuak ditu, bai, baina izpiritu eta mundu paranormalarekin zerikusirik ez duten mamuak dira. Haren arrebaren heriotzatik protagonistarentzat bizitza gelditu egin da —literalki gelditu da: plano gehienetan horrela ikusiko dugu gaztea—, eta ezin du aurrera egin. Kolore gorriko tunel horrek zerbait piztuko du harengan, kontatzen den kondaira egia den esperantza du, horrela arreba ikusteko aukera izango baitu.

Aipatu mamuek lortu ez dutena filmeko anai-arreben arteko harremanaren garapenak lortu du: istoriotik atera nau. Kontakizunari beharrezkoa ez den morboa gehitzeko trikimailu bat iruditu zait, filmak jada bazuen pisu eta tentsioaren kaltetan. Batzuetan filmari geruza eta drama gehiago sartu nahi horrek bere sinpletasunean funtziona lezakeen istorioa nahasten du, eta, Nagisa-ren kasuan, protagonistaren mina ulertzeko behar ez genuen trama bat da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.