Koronabirusa

Ohartarazi dute «ulertezina eta tristea» dela zahar etxeen egoera

Gipuzkoako Diputazioaren arabera, Iurreamendi zaharren egoitzako 37 egoiliarrek positibo eman dute. JON URBE / FOKU.
Ekhi Erremundegi Beloki.
2020ko martxoaren 29a
00:00
Entzun
Adinekoen egoitzetan ari da bereziki eragiten koronabirusa: 39 lagun hil dira gutxienez. Ezinegona areagotzen ari da. Tolosako (Gipuzkoa) Iurreamendi zaharren egoitzako langile baten idatzia argitaratu du Tolosaldeko Ataria-k. Haren arabera, egoera «tristea, negargarria eta ulertezina» da. Gipuzkoako Foru Aldundiaren arabera, 37 egoiliarrek eman dute positibo azterketetan. ELA sindikatuak joan den asteartean salatu zuen egoitzako hamabost langile daudela kutsatuta —kopurua handiagoa litzateke gaur egun—.

Iurreamendiko langileak salatu du «gauzak oso gaizki» egiten ari direla. «Protokoloak aldatzen dizkigute momentu batetik bestera; batek gauza bat agintzen du, eta beste batek, bestea. Aitona-amonak gora eta behera, hara eta hona ibili ditugu bazter guztiak kutsatuz», dio Tolosadeko Ataria-ri helarazitako idatzian.

Horren harira, gizarte eta osasun zentroetako langileak babes ekipamenduekin hornitzeko eskatu zuen atzo ELA sindikatuak. Espainiako Osasun Ministerioari, Eusko Jaurlaritzako Enplegu, Gizarte eta Osasun sailei, Nafarroako Gizarte Politiken Sailari, eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako foru aldundiei bidali die eskaera, «lehenbailehen protokoloak aldatu eta egoitzetako langileen osasuna bermatu» dezaten.

Bi hildako Gipuzkoan

Beste bi adineko hil dira Gipuzkoan zahar egoitzetan, Eider Mendoza aldundiko bozeramaileak atzo azaldu zuenez. 87 urte zituzten biek, eta bestelako patologiak zituztela azaldu zuen. Azken orduetan zortzi kasu berri kontatu dituzte Gipuzkoako zaharren etxeetan; 82 kasu daude orotara.

Arabakoetan 168 dira, oraingoz, kutsatutakoak; horietarik 23 erietxeetara bideratu dituzte. Arabako Foru Aldundiaren arabera, ez da hildako gehiago izan azkenengo orduetan. Nafarroako zentroetan 84 kasu kontatu dituzte, eta zazpi dira hildakoak.

Bizkaian, koronabirusak kutsatu dituen ala sintomak erakutsi dituzten guziak bere gain diren bi egoitzatan batzea erabaki zuen foru aldundiak herenegun. Zainketa berezietan sartzeko beharrik izan gabe, arta berezia behar duten adinekoak bilduko dituzte egoitza horietan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.