'Aita Mari' ontziari milioi bat euroko isuna jarri dio Espainiako Gobernuak

Zigorrak lotura du 2020an Palermon gertatu ziren ekintza batzuekin. Itsas Salbamendu Humanitarioak alegazioak aurkeztuko ditu

Aita Mari ontzia Pasaiako portuan (Gipuzkoa), 2020ko uztailean. IDOIA ZABALETA / FOKU.
Isabel Jaurena - Edurne Begiristain
2023ko urtarrilaren 28a
00:00
Entzun
Mediterraneoan migranteak erreskatatzen aritzen den Aita Mari ontziari espediente bat ireki dio Espainiako Gobernuak, itsasoko zazpi lege hautsi dituela egotzita. Isun guztiak batuz, milioi bat euro inguru ordaindu beharko lituzke orotara Itsas Salbamendu Humanitarioa elkarteak. Leporatzen zaizkien lege hausteen artean, hauek daude: ontziko langileen lanorduen eta atsedenen erregistrorik ez izatea; bidaia planik ez izatea; bi salbamendu txalupa berehala eskuragarri ez izatea; tripulazioak ez jakitea zer egin behar den larrialdietan.

Itsas Salbamendu Humanitarioa gobernuz kanpoko erakundeak kudeatzen du Aita Mari ontzia, eta alegazioak aurkeztuko dizkio espedienteari. Hamabost egun ditu horretarako. Zigorrak lotura dauka 2020an Palermon (Sizilia, Italia) gertatu ziren ekintza batzuekin. Erreskate ontzia Italiako portura iritsi zenean, berrogeialdia egin behar izan zuten eskifaiako kideek, eta hango kostazainek azterketa bat egin zioten itsasontziari. Ikuskatzea eginda, ontzia itsasoratzea galarazi zuen Italiak, ingurumenari eta nabigaziorako segurtasunari kalte egiteko moduko «hutsak» zituela argudiatuta. Horren ondorioz, itsasontziak 49 egun pasatu behar izan zituen Palermon, geldiarazita.

Espainiako Segurtasun, Kutsadura eta Itsasoko Ikuskatze arloa bi hilabete geroago hasi zen aztertzen «hutsune» horiek Espainian aplikagarriak ziren ala ez. Ez zuten deus erran 2022 bukaerara arte: abendu hasieran Espainiako Merkataritzako Nabigazioaren Zuzendaritza Nagusiak Valentziako Itsasoko Kapitaintzari adierazi baitzion espedientea irekitzeko.

Iñigo Mijangos eta Isabel Egiguren Aita Mari ontziko kideek adierazi dute erreskate ontzia geldiarazteko helburuz Italiako Gobernuak abiatu zuen «estrategia politikoaren» barnean egin zela ikuskapena, eta, beraz, ez zuela loturarik izan segurtasunarekin.Itsas Salbamendu Humanitarioko kideak harremanetan dira Espainiako Gobernuarekin, eta auzia konpontzeko itxaropena dute. Gainera, jakinarazi dute espedientea ireki izanak ez duela zertan oztopatu aurki abiatuko duten erreskate misioa. Valentziako (Herrialde Katalanak) Burriana portutik atera nahi dute, Mediterraneoan erreskate lanak egiteko, eta asteartean ikuskatuko dute ontzia. Aita Mari ontziko arduradunak ziur daude ontziak arazorik gabe itsasoratzeko modua izango duela.

Alderdien babesa

Erreskate ontziari ezarritako isunak kezka piztu du erakunde eta alderdien artean. Eusko Jaurlaritzako Migrazio eta Asilo zuzendari Xabier Legarretak «babes osoa» adierazi die erreskate ontziko arduradunei, eta proiektuaren «balio solidarioak» nabarmendu ditu. «Instituzioen zeregina da gatazkak desblokeatzeaeta bizitzak salbatzen dituzten ekinbideak babestea».

EAJk Espainiako Gobernuari galdetu dio ea zergatik erabaki duen espedientea orain irekitzea. Itsaso Atutxa EAJren BBBko presidenteak kezkaz hartu du Espainiako Gobernuaren zigor espedientea, eta Aita Mari ontziaren lanari «oztopoak» jartzearen aurka agertu da. EH Bilduk, berriz, Raquel Sanchez Garraio Ministroaren agerraldia eskatu du Kongresuan, azalpenak emateko.

Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemos-IUko bozeramaileak ere kritikatu du zigorra: «Hurkoari laguntza ematea zigortzen duen Europa bat duintasunik gabeko Europa injustu bat da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.