Koronabirusa

Bigarren kolpea tabernei

Aisialdia kontrolatzeko neurri gehiago jartzear daude erakundeak, eta ostalariek salatu dute tabernetako edukieraren eta ordutegiaren murrizketek «gogor jo» dutela ostalaritza.

Egungo neurri berezietara egokitutako taberna bat, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU.
Maialen Arteaga, Andoni Rekondo
Bilbo Donostia
2020ko uztailaren 29a
00:00
Entzun
Koronabirusak bigarren aldiz jipoitu du ostalaritza. Kasuen ugaritzeak Euskal Herriko tabernen errealitatea aldatu du.Suspertze bidean zeuden, eta aldapa gora ipinitako egoera aldapa beherakoan jarri nahi zuten. Batzuek oraindik neurri berriei erreparatu ez badiete ere, bigarren kolpe honen zama gehienek nabari dute, eta badirudi eragingo dituen ubelduak aurreikusteko gai direla.

Donostian eta Bilbon galdezkaibili da BERRIA: Belfast, Herria eta Txakurtto tabernetan. Azaldu diote egoera «ezegonkor» batean daudela, «diru iturri nagusia» den gaueko giroa eten dietelako. Konfinamendua oso denbora tarte latza izan da taberna guztientzat, eta pixkanaka erritmoa hartzen hasiak ziren. Astelehenean iragarritako neurri berriak «kolpe gogor» baten modura hartu dituzte. «Guk neurri guztiak bete ditugu, eta hau kolpe lazgarria izango da guretzat» , azaldu dute Belfast tabernako kideek. Ezarritako neurri guztiak «zorrotz» bete dituztela esan dute gainontzeko tabernariek ere, eta egun daukaten egoeraren ondorioz «oso kezkatuta» daudela.

Testuinguru berri honekin sortu zaien ezjakintasunaren aurrean, etorkizuna ere lainotuta dute tabernek: «Neurri hauekin aste batzuk irauteko gaitasuna dugu; hortik aurrera, batek daki», azaldu dute, esaterako, Belfasteko tabernariek.

Begirada etorkizunean jarrita, zailtasunak izango dituztela iragarri dute besteek ere. Egoera horri aurre egiteko, iraupenaren borrokan, horma handiagoak dituzte taberna txikiek. Pilar Oleaga Bilboko Zazpikaleetako Txakurtto tabernaren jabea da, eta uste du neurriak ez direla egokitzen taberna txikietara. Bere tabernaren egiturak ez dio uzten neurri berriak betetzen, eta, ahalegin horretan, udalaren jarrera desegokia iruditzen zaio: «Diskriminazioa egon da tabernen artean: guztiei ez dizkiete baimen berak eman», kontatu du Oleagak, haserre. Izan ere, terrazadun tabernak ditu auzokide. Aldiz, berari behin baino gehiagotan eman diote ezetza. Horrela, Txakurtto tabernak irauteko berme gutxiago dituela adierazi du. Taberna ereduak ere asko baldintzatzen du negozioaren etorkizuna: «Bazkariak eta pintxoak eskaintzen ditugunok badugu euskarri bat. Gaueko tabernek zailtasun handiak izango dituzte», adierazi dute Herriako tabernariek.

Kontrola

Bizirik irauteko guda gutxi ez, eta jendea kontrolatzeko lana ere bete behar dutela salatu dute ostalaritzako langileek: «Tabernariok ez gara polizia lanak egiten jarriko». Hala ere, neurriak onartu eta «irenstea» beste alternatibarik ez dutela azaldu du Oleagak: «Dena inposizioa da. Haiek agindu, guk obeditu; eta obeditzen ez badugu, isuna». Hartutako neurri askorekin «oso haserre» daudela adierazi dute tabernetako langileek.

Neurri berrien helburua birusa desagerraraztea bada, ez dituzte ulertzen turismoaren kudeaketanikusten dituzten «kontraesanak». Donostiako tabernariek turista asko ikusten dituzte, eta gogoeta eragiten die horrek, kritikoa. «Parranda galarazten dute, eta turismoa sustatu. Ez du zentzurik», adierazi dute Herriako tabernariek. Belfasteko kideak ere kexu ageri dira hartutako erabakiekin, eta beti «zentzuz» jokatzen dutela gehitu dute: «Neurriak bete arren, eguneko edozein unetan kutsa daiteke jendea; aldiz, goizerako eta arratsaldetarako ez dute neurririk hartzen». Oraingoa «jokatzeko azken pultsua» izatea espero dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.