HILBERRIA. Isabel-Clara Simo

Bizitza literario oso bat katalanari

TONI ALBIR / EFE.
Inigo Astiz
2020ko urtarrilaren 14a
00:00
Entzun
Frankismo betean katalanez idatzi zuen lehen ipuinarekin negar egiteraino hunkitu zela gogoratu zuen 2017an Isabel-Clara Simo idazleak (Alcoi, Herrialde Katalanak, 1943-Bartzelona, 2020), Kataluniako Letren Ohorezko Saria eman zioten egunean. «Lehenengoz idatzi nuen pentsatzen nuen hizkuntzan». Izen garrantzitsua da azken lau hamarkadetako Kataluniako literaturan, eta, langile nekaezina izanik, 50 liburu baino gehiago argitaratu ditu. Atzo hil zen, 76 urterekin.

Filosofia ikasketak egin zituen Valentziako Unibertsitatean. Han ezagutu zuen Joan Fuster kide zuen katalanaren aldeko mugimendua, eta baita senarra izango zuena ere, Xavier Dalfo kazetaria. Canigó aldizkariaren zuzendaria izan zen Simo 1972tik 1983ra arte. Frankismopean, katalanezko artikuluak ere argitaratu zituzten, eta, horren ondorioz, hainbat zigor jaso zituzten. Solidaritat Catalana per la Independenciako kide egin zen gerora; Kataluniako Generalitateko Kultura Departamentuko liburu alorraren ardura ere hartu zuen, eta katalanezko idazleen elkarteko lehendakariorde ere izan zen hiru urtez.

Victor Catala saria irabazi zuen 1978an, eta hari esker argitaratu zuen lehen liburua, 1979an: És quan miro que hi veig clar. Hasiera besterik ez zen hori, ordea, gerora ia genero guztiak landu baitzituen bere testuetan: eleberriak, ipuin bildumak, antzezlanak, memoria liburuak zein poema bildumak argitaratu zituen, eta luzea da jasotako sarien zerrenda ere. Nabarmentzekoak dira, adibidez, Alcoi-Nova York (1985), Històries perverses (1992), Perfils cruels (1995), Dones (1997), Estimats homes (una caricatura) (2002), Homes (2010) eta Angelets (2004) lanak. Hamaika hizkuntzatara itzuli dizkiote lanak, eta, tartean, euskaraz ere irakur daitezke Dorak ezetz dio, Julia eta Joel liburuak.

Hitz egiteko gaitasunari eragiten zion gaixotasun degeneratibo bat zeukan, eta, horregatik, azken urteetan nabarmen egin zuten behera haren agerpen publikoek.

«Askatasunen, emakumeen eta haurren» alde urteetan egindako lana saritu zion Omnium Cultural elkarteak Kataluniako Letren Ohorezko Sariarekin, eta bere konbikzioak argi adierazi zituen. «Gogo handia dut independentista izateari uzteko», esan zuen, «horrek esan nahi bailuke Herrialde Katalanak jadanik independente ikusi ditudala». Sariagatik esker ona adierazi zuen jaso aurretik, baina ez zuen mina ezkutatu. «Maiz esan didate emakume eta andreentzat idazten dudala, baina gezurra da. Baztertuta sentiarazi nau horrek, nik mundu guztiarentzat idazten baitut. Eta, halere, ez dut amorerik eman: jaso dudan zaplazteko bakoitzaren ostean, indar gehixeago bildu dut».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.