Euskal errepublikaren txostena

Pako Aristi - Idazlea

2018ko ekainak 3
Hamar urte badira, zorionez, Euskal Errepublika sortu zenetik, konkistatuak eta, Espainiaren zein Frantziaren baitan asimilatuak izan ziren gure lurralde zigortuak askatu, batu eta estatu batean elkartu zirenetik, eta ospakizun honen harira Errepublikaren Kontseilu Gorenak hamarkada honetan erdietsi ditugun lorpenak agertu nahi dizkio euskal populuari.

Tamalez, gure herriak hamarkada asko igaro zituen alferrikako proposamen hutsalak egiten, maila politiko serio batera ere iristen ez zen ideologia autonomista infra-estrategiko batean erabat burua galduta. Herriarena baino, buruzagi politikoena izan zen errua, ezjakintasun politiko, aitortu gabeko ezintasun bat eta zinismoaz osaturiko koktel batek hartu baitzuen hamarkada horietako euskal politika, herriaren energia xahutuz ekimen politiko antzuetan.

Baina zorionez herria esnatu egin zen konformismotik, kolonialismotik, heldutasuna erdietsi zuen inork espero ez zuen bezalako kohesio nazional bat erakutsiz. Horretarako kirurgia politiko erradikal bat egin behar izan zuen gure nazioak, euskal kasta politikoa erauzi, gainditu eta baztertuz, oztopo bihurtu baitziren independentziarako bidean, erreflexu politikoak galduta, konplexu identitarioz beteta, zeinak herriari kutsatzen zizkioten eguneroko agerraldi mediatikoen bidez. Maila infantil batean nahi zuten herria, haien kontsignak obeditzen beti. Baina herri hau miresgarria da, eta buruzagi belaunaldi berri bat sortzeko gauza izan zen.

«Nahikoa da!», esan zuen herriak, eta helburua, independentziarena, garbi identifikaturik, indarrak biderkatzeko makina perfektu bat bihurtu zen, abila nazioarteko negoziazio diplomatikoetan, eta Errepublika aldarrikatu eta ezarri zuenean berehala ikusi zuen munduan zehar, poliki-poliki, gero eta estatu gehiagok aitortzen zutela, Euskal Errepublikarekin harreman komertzialak hitzartzen eta munduko goi-bileretara gonbidatzen. Globalki aztertzen diren ongizate mailako estatistiketan ere agertzen hasi ginen, Europako nazio eredugarrienen pare. Iaz ezagutu dugu euskal hizkuntzari emandako lehen Nobel sariduna, Joan Mari Irigoien, euskal mundu tradizionala eta zalantza moral berriak uztartzen jakin duelako. Baina, batez ere, munduak Euskal Errepublikari eman dion behin betiko ongietorria izan da saria, Irigoienek berak Stockholmerako prestatu zuen diskurtsoan zehazten duenez, Williams Butler Yeats idazle irlandarraren hitzak errepikatuz, Irlanda zioen tokian Euskal Errepublika ipiniz: «Sari honen ohorea ez da hainbeste niretzat, baizik eta, Euskal Errepublikako literaturaren ordezkari naizen unetik, errekonozimendu hau Europak gure estatu libreari eskaintzen dion ongietorria da».

Zer esan Espainiaz eta Frantziaz? Haien okupazio luzeari amaiera jarri eta haien inolako esku-hartzerik gabe biziko ginela ulertu zutenean boikot kanpaina gogorra abiatu zuten, medioetan, kantzelaritzetan, oinarrizko jaki, sendagai eta erregaien alorrean, baina ongi prestatuak aurkitu gintuzten, aurre hartu baikenien alor estrategiko eta sensible guztiei. Harremanak moztu behar izan genituen guztiz haiekin, kaltea eurak nozitzen hasi ziren arte: Euskal Errepublika garraio gune garrantzitsua da Europarentzat, eta Bruselak inola ere ez zuen onartu Europa barneko herri subirano eta aske baten gaineko blokeorik. Iaz hasi dira bi nazio inperialista-harroskoak guri harreman galdezka, eta aztergai dago gobernu honen mahaian.

Kupoa eta gisakoak, lorpentzat saltzen zizkigutenak, historia dira. Menpekotasunaren Museoan dago guztia ongi esplikatua belaunaldi gazteentzat, alde batean menperatzaileen historia luzea, zitalkeriaren historia unibertsala izenburupean, non jasotzen den okupazio espainol-frantsesak eragin dituen euskal hildako, deserriratutako eta torturatuko guztien kopurua: 756.890 zortzi mendetan; eta bestean, Erresistentziari eskainitako erakusgela ugariak, non jasotzen diren mendeetan gure herriari bizirik eutsi zioten pertsona eta ekimen ugariak: euskaltzaindia, gudariak, Nafarroa hiru aldiz askatzen saiatu ziren oldartsuak, kantariak, antropologoak, arrantzaleak ea.

ETAko presoen arazoa Hagako auzitegian konpondu genuen. Deskonkistako gerra ez-ohiko baten testuinguruan kokatu genuen haien egoera, eta aldi berean Espainiako agintari batzuen auziperatzea lortu. Europan bazegoen Espainiari eta Frantziari eskarmentu bat emateko gogo itzela, eta hura aprobetxatu genuen gure mesedetan.

Euskarak milioi eta erdi hiztun irabazi ditu hamarkada honetan, hain da indartsua estatu batek hizkuntzari ematen dion zilegitasuna, prestigioa, presentzia eta erakargarritasuna! Espainol hizkuntza gure lurretatik urruntzen hasi da, duela 800 urteko bidearen kontrakoa eginez, bere sorlekura itzuliz, Ebrotik behera dauden lurraldeetara. Berdin frantsesa ere, Atturri ibaitik landa. Elebidunak izatekotan, hobe dugu euskal-ingeles elebidunak izan. Inposatu zizkiguten hizkuntzak desinposatzeari ekin genion; orain gurea da, erabat, hizkuntza politika, eta estatudun nazio guztietan normala den bezala, orain gure kultura eta hizkuntza propioa indartuko ditugu.

Akats batzuk ere egin ditugu, une ilunak ekarri dizkigutenak. Euskal Armada bat sortzeko asmoaren inguruan berehala piztu zuten eztabaida gogorra mugimendu sozialek, Euskal Herrian tradizio luzea dutenak, intsumisoek, pazifistek eta anti-militaristek. Haien zilegitasuna onarturik ere, Estatu bat gauza serioa da, ezin armarik eta ejerzitorik gabe munduan errespetatua izatea espero. Tamalgarria izan zen Javier Ventura Aperribai gaztearen heriotza Bilboko manifestazioan; gure segurtasun indarren jokaera neurrikoa izan arren, zoritxarrak eraman zuen bere bizitza. Alabaina, azpimarratu nahi dugu Javierren hiltzailea berehala utzi zuela Euskal Errepublikako gobernuak epaileen esku.

Izan ere, estatu bat edukitzeak hori esan nahi du: etsaiak (lagunak bezala) izendatzeko ahalmena daukazula, eta zure aurkako haien ekimenak baliogabetzeko tresnak. Ez dela gupidarik existitzen estatuen artean, elkarri min egiteko indar oreka bat baizik, gerra eta konkista asmo gehienak paralizatzen dituen oreka armatua, koertzitiboa, komertziala edo beste ezein eratakoa.

Oharra: debekatuak geratu dira fiesta rociera guztiak, estetikoki itsusiak direlako, ez beste ezergatik; ahaztu nahi dugun iragan anakroniko baten lekuko bihurtu dira. Gaur sinatu du dekretua Asisko Urmeneta Errepublikako Lehen Ministro Jaunak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna