ainara arratibel gascon
Tokio 2020. KEN ZAZPI [ORDU]

Sushirik ez, oraingoz

2021eko abuztuaren 6a
00:00
Entzun
Disfrutatu eta jan sushi ona». Hori zen gertukoek gehien errepikatzen zidaten esaldia Tokiora etorri aurretik. Aitortu behar dut ez naizela oso sushi zalea. Baina, behin etorrita, probatzeko gogoan nuen. Egun gutxi geratzen dira etxera itzultzeko, eta, oraingoz, ezer ez. Autobusetako wifi pasahitza da sushi hitza ikusi dugun leku bakarra. Pandemiagatik ezarritako murrizketak direla-eta, ezin dugu jatetxeetan otordurik egin, eta janaria erostera irteteko ere hamabost minutu ditugu.

Eta zein da alternatiba? Bada, edo kazetarien gunean bazkaltzea, han lanean ari garenean, edo hotel ondoko supermerkatuan erostea. Izan ere, guneetan ez dago jateko lekurik, neurriak direla-eta. Kazetarien gunean lau plater daude aukeran. Goxoak dira, baina egunero berdinak, eta apur bat nekatu egiten zara.

Eta supermerkatuko janariaz, zer esan? Bada, gunekoaren antzera, nekatu egiten zara. Noodle-ak eta entsaladak. Entsaladak eta noodle-ak. Eta, tarteka, ogitartekoren bat. Baina lehenagotik Olinpiar Jokoetako kideek aipatu ziguten hori ere bizipenaren parte zela. Eta hala izaten ari da.

Fruta apenas dagoen supermerkatuan. Platanoak eta kiwiak izaten ari dira gure salbazioa. Jogurtak ahaztu gabe; zein ondo sartzen diren hotelera nekatuta iristen zarenean. Eta txokolate zati txikiak; horiek ere indarra ematen dizute.

Eta gosariaz, zer esan? Arroza haragiarekin saltsa batzuekin nahastuta kutxa batean, eta gero gozo batzuk kafearekin. Eta fruta: platanoak eta laranja zukua.

Asteazkenean irtengo gara Euskal Herrirantz. Ea aukera dugun, astelehen edo asteartean gutxienez, eramateko sushi apur bat erosi eta hori jateko. Hala, gutxienez ez dugu esango Japoniara etorri eta ez dugunik jan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.