Metroaren obretako zuloa «isilean gorde» nahi izan dela salatu du EH Bilduk

Ostiralean agerturiko zuloa orain arteko handiena izan da. Azalpen ofizialen falta «onartezina» salatu du Garbiñe Alkiza EH Bilduko zinegotziak

Iñaki Agirre Perez.
Donostia
2021eko maiatzaren 14a
00:00
Entzun
«Nahiz eta zulo honek aurrekoen tamaina hirukoiztu, paradoxikoki, administrazio publikoek eskainitako informazioa bere tamainaren alderantziz proportzionala izan da». Garbiñe Alkiza EH Bilduko zinegotziak gogor jo zuen atzo Donostiako udal gobernuak metroaren obretan agerturiko azken zuloaren aurrean izandako jarreraren aurka. Haren ustetan, «onartezina» da Eneko Goia alkateak edo udal gobernuak gaiaren inguruan orain arte azalpen ofizialik eman ez izana, eta ETS Euskal Trenbide Sarearekin batera gertaturikoa isilpean mantentzeko «erabaki politiko bat» hartu izana leporatu die.

Hain zuzen, Alkizaren iritziz, EH Bilduk gaia azaleratu izan ez balu, «beharbada» herritarrek ez zuketen zuloaren berri izango: «Guk publiko egin ondoren, ETSk prentsa ohar bat kaleratu zuen [...], baina ez zuen bere webgunean ezta sare sozialetan publiko egin. Eta udal gobernuak publiko egin zuen bakarra sare sozialetan izan zen, kabinak matxura baten ondorioz itxita zeudela esateko. Eta hori da gaur arte publiko egin dutena».

Obrako langileen eta herritarren segurtasuna jokoan dagoela azpimarratuz, EH Bilduk azalpenak eskatu dizkio udalari, eta astelehenean urgentziazko interpelazio bat egingo du alkatearen erantzun bat jasotzeko. Halaber, egoera zein den jakiteko, obraren jarraipenerako batzorde ez iraunkorra deitzeko ere eskatu du alderdiak.

Lehenbailehen estalia

Alkizak aditzera eman duenez, azken zulo hau betetzeko 100m3 hormigoi erabili dira, eta aurreko bietan 30m3 erabili ziren. Gainera, hura betetzeko erabakia hartzeko modua ere zalantzan jarri du: «Dakigunez, oso denbora gutxi izan zuten alternatibak aztertzeko edo kabinen azpian zulo gehiago ote zeuden egiaztatzeko. Lehenbailehen estaltzeko agindua zegoen. Azkartasun hori ez dator bat, halaber, herritarrei informazioa emateko moteltasunarekin». Ostiral arratsaldean zenbait komunikabideri bidalitako oharrean, ETSk azaldu zuen eguerdian aurkituriko zuloa joan den ekainean agertutakoarekin erlazionaturik zegoela, orduko mugimenduak inguruko hareen deskonpresioa eragin zuelako. Bada, azalpen hori kontuan hartuta, Alkizak nabarmendu du inguruan zulo gehiago egoteko arriskua dagoela, eta segurtasuna bermatzeko ezohiko neurriak eskatu dizkio alkateari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.