ainara arratibel gascon
Tokio 2020. KEN ZAZPI [ORDU]

Autokritika

2021eko abuztuaren 5a
00:00
Entzun
Askotan esaten da kirolariek ohiko esaldiak erabiltzen dituztela galdera batzuei erantzuteko, eta autokritika ez egiteko. Futbolean bereziki ohikoa da hori. Are gehiago, kazetari batek gustuko ez duen galdera bat eginez gero, haserretu egiten dira. Kazetaria areriotzat hartzen dute. Baina ez da hori kirolari guztien kasua, eta Olinpiar Joko hauetan ikusten ari da hori: «Ez dugu gure maila eman, hanka sartu dugu»; «aurkaria ni baino hobea izan da, ez dago besterik»... Halakoak esaten dituzte kirolari askok, naturaltasunez.

Eta zenbat eskertzen diren halako adierazpenak. Batetik, autokritika egiten delako, eta, batez ere, kirolariek agerian uzten dutelako nola sentitzen diren. Adibide argigarria gaur ikus dezakezue, gehigarri honetan, Nerea Pena eskubaloi jokalariaren elkarrizketan. Olinpiar Jokoetatik kanpo geratu eta gero, «triste eta minduta» ageri da, eta aitortu du une erabakigarrian huts egin zutela, eta bera ere ez dela nahi bezain ondo aritu. Une zail horietan, gai da horretarako. Porrota sentitzeaz hitz egiten du, dolu prozesu batez.

Zein garrantzitsua den kirolariek autokritika egitea, eta naturaltasunez hitz egitea galtzeaz, porrotaz. Mamu horri estalkia kentzea. Egun hauetan hainbeste hitz egiten den kirolarien presio eta zama hori arintzen lagun diezaieke, errealitate hori gizarteratzeko orduan zutarri bat ezartzen. Izan ere, zaleei haien lekuan jartzen lagun diezaieke. Eta kazetariak ez gara etsaiak bide horretan; bidelagunak gara, kirolariaren eta zaleen artean zubi lana egiten dugunak.

Kirolariek askotan esaten dute autokritika egitea dela hobetzeko lehen urratsa, eta hutsetatik eta porrotetatik gehiago ikasten dela garaipenetatik baino. Horri hitza jartzea falta da, ordea:gizarteratzea. Lagun diezaiegun denen artean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.