Next generation eus

2021eko otsailaren 19a
00:00
Entzun
Hizkuntza kontuetan aldaketa asko izan dira azken hamarkadetan. Migrazioek, teknologia digitalak, globalizazioak eta gizartearen beste aldaketa batzuek egunerokotasuna gero eta konplexuagoa izatea ekarri dute. Galdera asko ditugu aurrean: nola babestu eta sustatuko dugu euskara inguru konplexu horretan? Zer toki eta funtzio emango diogu? Eta ingelesari? Eta estatuetako hizkuntza nagusiei? Eta gainerako hizkuntzei?

Europako Batasuneko hizkuntz politikak bi helburu nagusi ditu: hizkuntz aniztasuna babestea eta sustatzea, eta herritarren komunikazio gaitasuna areagotzea. Gurean agerikoa da estatuetako hizkuntza ofizialek ez dutela babestuak izan beharrik: frantsesak 277 milioi hiztun ditu munduan, eta espainierak 538 milioi. Euskara da egoera zaurgarrian dagoen tokiko hizkuntza, Unescoren arabera. Beraz, euskararen babesa eta sustapena lehenestea legokiguke. Bigarren helburua zehatz formulatuta dago EBn: herritar guztiek jakitea, lehen hizkuntzaz gain, beste bi (gutxienez) hizkuntza, elkarren ulermena, mugikortasuna, ezagutza trukea, eta garapen ekonomikoa sustatzeko. Bigarren helburuak marko egokia eskaintzen du gurean oso ohikoa den erdal jokabide elebakarra gainditzeko, eta euskara eta beste hizkuntza batzuen erabilera sustatzeko.

Baina EBko hizkuntz politikak eta tokiko praktikak ez datoz beti bat. Joshua Fishman hizkuntzalariak azaldu zuen aspaldi zein den hemengo inertzia. Mehatxatutako hizkuntzaren (euskararen) bizi espazioan, beste hizkuntza hegemoniko bat (espainiera hegoaldean, frantsesa iparraldean) erabiltzen da non-nahi, funtzio guztiak hartuta. Beraz, mehatxatutako hizkuntzaren hiztun guztiak elebidun egiten dira. Aitzitik, hizkuntza nagusiaren hiztun batzuentzat, abantaila material gutxi eskaintzen ditu hizkuntza gutxitua erabiltzeak. Errealitate horren ondorioa da noranzko bakarreko sasi-elebitasuna: hizkuntza nagusia (espainiera edo frantsesa) erabiltzen da beti euskal eta erdal hiztunen arteko elkarreraginean, eta hizkuntza hegemonikoaren nagusitasuna betikotu egiten da. Esan beharrik ez dago inertzia hori EBko hizkuntz politikaren bi helburuen aurkakoa dela: hizkuntz aniztasuna kaltetzen du eta ez du erdal hiztunaren hizkuntz gaitasuna garatzen. Are gehiago, euskararentzat hilgarri izan daiteke: hamar euskal herritar elkartuz gero, ausaz, bilera eta afari batean, guztiek euskara jakiteko probabilitatea %0,1 baino txikiagoa da. Beraz, erdaldunen aurrean euskara erabiltzen ikasi beharko dugu, euskarak biziraun dezan.

Euskal Herriko egoeraren alderdi batzuk bereziak izan arren, Europako beste errealitate batzuk ezagutzea argigarria izan daiteke guretzat. Herrialde batzuetan ondo uztartzen dira eleaniztasuna eta tokiko hizkuntzaren babesa. Herbehereetan, esaterako, herritarren %77k hitz egiten ditu, lehen hizkuntzaz gain, beste bi, baina nederlandera da %95en ama hizkuntza. Tokiko hizkuntza erabiltzeko gaitasunik ez duten pertsonak bi taldetan bereizten dituzte herrialde horietan: atzerritarrak eta lurraldean denbora laburra emango duten pertsonak, eta jatorriz bertakoak direnak edo bertakotu nahi dutenak. Lehen taldearekin lingua franca erabiltzen dute: ingelesa, gehienetan. Europan gehien ikasten eta ezagutzen den atzerriko hizkuntza da, eta onarpen zabala dauka herritarren artean. Bigarren taldearekin, berriz, tokiko hizkuntza erabiltzen da, modu progresiboan, bertakotzen laguntzeko. Gurean, maizegi, ez bata, ez bestea. Estatuetako hizkuntza nagusiak erabiltzen dira bai lingua franca-ren ordez, bai tokiko berezko hizkuntzaren ordez: espainieraz eta frantsesez ikusten dira nazioarteko filmak telebistetan eta sortzen dira kultur lanak Ā«mundu guztiakĀ» uler ditzan; eta espainieraz edo frantsesez egiten diegu beti gure senide, lagun, edo herrikide erdaldunei (eta baita euskaldun askori ere), gurekin euskara, modu aktiboan edo pasiboan, ikasteko eta erabiltzeko aukera ukatuta.

Euskara biziberritzeko proposamen berriak behar dira, Next Generation EUS, eta bada zer ikasirik Europako herrialde eleanitzetatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.