Xabier Amuriza.
PASCALEN ESFERATIK

Itxaropenetik harago

2018ko abenduaren 15a
00:00
Entzun
Itxaropenetik harago zer dago, Pascal? Gauza asko ikasi genuen, baina, zorionez, oroimenaren dohain on bat ahanzmena da. Itxaropen huts egin bati beste itxaropen huts egingarri batek darraio. Horrela, itxaropena beti da. Askori alternantzia desesperagarria irudituko zaio, baina ni, Pascal, ez naiz suizidatuko, probabilitate handia ikusten baitut itxaropen aldian hiltzeko. Itxaron ezin duenak ken beza eguzkia. Errazago egingo zaio haren itzala garbitzea baino. Lagun batek jakinarazi dit bizi-muga laburra eman diotela.

—Laburra... geratu naiz airean, nola tanta bat amaraunean.

—Oso laburra zehaztu du. Saiatzen banaiz, zerbait luza daitekeela.

—Eutsi egin beharko zaio orduan! agintzen diot, neure eskumena bailitzan.

—Dudarik gabe! baieztatu du. Orain badakit zertarako bizi naizen.

Garaiz alertatu naute. Horixe pentsatuz, pozik oheratu naiz, Pascal. Egunak ez dira, ordea, berdinak. Deprimenteena da deiturik zoazen tokian inor ez egotea, baina joaten zara. Egunen batean egongo da, eta bertan hilko duzu. Seguruenik, ez da izango behar dena, baina halaxe jasoa izango da epitafioetan. Hilketa baten ondoeza beste hilketa baten gogoak lasaitzen duela irakatsi zigun historiaren irakaspenak, inperio klasikoetan, adibidez. Herri hartako alkateari ere destino berdina opatu nion, hitzordura iristeko kaleak beti zuloz beterik zeudelako.

Bai, Pascal. «Muturrak elkar jotzen daude», esan zenuen, eta zorotasunari aurrea hartu behar zaio. Dalik esan zuen: «Zoro baten eta nire artean, aldea da ni ez naizela zoroa». Hark ere bazituen argiune batzuk. Ohera aterkiarekin noala ikusten baduzu, ez duzu nahitaez pentsatu behar burua joaten ari zaidala. «Zer daramazu?» galdetu eta «buru bat» erantzun badut, pentsa dezakezu nire helburua ez zela ohea. Beharbada, Pascal, muturrak elkar janda daude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.