Sute bat izan da Lekuona kultur espazio berrian

Errenteriako kulturgune berria eraikuntza fasean dago oraindik. Txinparta batek piztu du sua, baina ez du sakoneko kalterik egin

Teilatuaren ertz bat izan da alderik kaltetuena. OARSOALDEAKO HITZA.
Erredakzioa
2019ko ekainaren 15a
00:00
Entzun
Behinola okindegi izan zena kulturgune bihurtzeko lanetan ari dira Errenterian (Gipuzkoa). Proiektua eraikuntza fasearen azkeneko urratsetan dago, eta sute bat piztu zen atzo bertan, beharginak lanean ari ziren bitartean. Euren kabuz atera ahal izan zuten kanpora, eta ez da, beraz, inor zauritu.

Soldatze lanetan zebilen langile baten txinpartak piztu zuen sua, goizeko hamarrak eta erdi inguru zirenean. Txinpartak plastikoa eta pladurra zeuden eremu batera egin zuen ihes,eta sua berehala zabaldu zen inguruan. Langileak su itzalgailuekin saiatu ziren garrei aurre egiten, baina ez zuten lortu. Ordubeteren buruan, hamaikak eta erdietarako, suhiltzaileek jakinarazi zuten sutea kontrolpean zegoela.

Zenbaitetan, suak zabaldutako keak ingurua nabarmen hartu, baina ez du sakoneko kalterik eragin eraikinaren egituran. Alderik kaltetuena teilatuaren ertz bat izan da, Oiartzun ibaitik hurbilen dagoena. Eraikinaren barrualdean ez da inolakokalterik izan, Julen Mendoza jarduneko alkateak baieztatu duenez.

Adituen txostenaren faltan, baliteke gertakariak kulturgunearen irekiera atzeratzea. Baina arazorik ez bada, obrak uztail bukaerarako amaitzea da asmoa, Mendozak atzo adierazi zuenez. «Gero, baimenen txanda iritsiko da, eta urrirako dago aurreikusita zabaltzea. Espero duguna da eraikinak ahalik eta kalte gutxien izatea, eta ahalik eta azkarren irekitzea».

Kultur fabrika bat

Lekuona herriarentzako «kultur fabrika garrantzitsu bat» izango dela berretsi zuen atzo Mendozak, alkate modura zuen azken egunean. Hura izan da azken legegintzaldietako proiekturik handienetako bat, eta, inguruari «kultur azpiegitura sendo bat» eskaintzeaz gain, egitasmoak «gainbehera industrialari» ere aurre egin nahi dio.

Lantegi zaharraren 3.700 metro koadroak hiru solairutan banatuko dira: beheko pisuan auditoriuma egongo da, eta 2.000 lagunentzako baino gehiagorentzako espazioa hartuko du. Eraikinak liburutegia ere hartuko du, hiru solairuetan banatuta. Batez ere arte eszenikoei zuzendutako espazioek osatuko dute kultur fabrika.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.