Indarkeria matxista

Kalean dira bost erasotzaileak

Iruñean eta Bilbon milaka pertsona atera dira kalera protesta egitera. Epaileek aitortu dute «delitu larriagatik» zigortuta daudela, baina gehitu dute hori ez dela espetxealdia luzatzeko nahikoa arrazoi. Bideoa albistearen amaieran.

Bilboko Mugimendu Feministak udaletxe aurrean egindako elkarretaratzea. Epaitegietatik abiatu zen manifestazioa. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Jon Rejado.
2018ko ekainaren 23a
00:00
Entzun
Iruñeko 2016ko sanferminetan sexu abusua egiteagatik kondenatutako bost gizonak kalean dira. Bermea ordaindu, eta libre dira bostak atzo arratsaldetik. Iruñeko espetxean zeuden hirurak 18:00 aldera atera ziren, batera, eta atean zain zituzten bi autotan sartu, eta ziztu bizian alde egin zuten handik. Beste bi zigortuak —guardia zibila bat eta militarra bestea— Madrilen zituzten preso, Alcada de Henaresko espetxe militarrean, eta haiek ordubete eta erdira askatu zituzten, 19:30 aldera. Taxian alde egin zuten biek, hainbat iruditan ikus zitekeenez, irribarrez. Espainiako Defentsa Ministerioaren esku zeuden haiek aske uzteko tramiteak. Bostek 6.000na euroko bermea ordaindu ostean atera ziren, behin-behinean.

Ikusmin handia zegoen kartzelen atarian. Iruñean, espetxearen inguruetan emakume ugari elkartu ziren, eta denen ahotan zeuden hitzak ziren amorrua, gaitzidura, injustizia eta zigorgabetasuna. Emakume batek barrikadak jarri behar zirela adierazi zuen, amorratuta, kartzelatik atera ez zitezen.

Kaleetako erreakzioa bezperakoa bezain irmoa izan zen. Iruñean, Udaletxeko plazan, milaka lagun batu ziren. Ez ezetz da. Justizia, irakur zitekeen esku gorriz margotutako pankartan. Bilbon, berriz, epaitegien inguruko errepideak moztu behar izan zituzten. Behin udaletxe aurrean komunikatu bat irakurri zuten. Beste hainbat hiritan ere milaka lagun atera ziren protesta egitera.

Epaileen erabakiak ezinegona eragin du herritarren artean. Eta erakundeek bere egin dute ezinegon hori. Autoari helegitea jarriko diotela iragarri dute jada Iruñeko Udalak, Nafarroako Gobernuak eta Fiskaltzak.

Polemika bizia eragin du autoak. Epaileek hausnartu dute zigorra ez dela nahikoa espetxealdia luzatzeko; «ia pentsaezintzat» jo dute delitua berriz egingo dutenik, «anonimotasuna galdu ondoren». Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak aintzat hartu ditu bost gizonen defentsen argudioak.

Zigor «nabarmen» urriagoa

Apirileko epaia idatzi zuten hiru epaileek sinatu dute autoa. Ricardo Gonzalez izan da txostengilea: erasoaren bideoetan «indarkeriarik» antzeman ez zuelako boto partikularra eman zuen epailea. Raquel Fernandino kidearen aldeko botoa izan du. Bost kondenatuak baldintzapean aske uztearen alde egin dute biek, «askatasun pertsonalerako eskubideari lehentasuna aitortu behar zaiolako». Jose Francisco Cobok, apirileko epaiaren txostengileak, eman du boto partikularra. Azken horrek eskatu du espetxealdia luzatzeko, jatorrian ezarri zieten zigorraren erdia bete arte: 4 urte eta 6 hilabete. Ihes egiteko arriskua mantentzen dela argudiatu du.

Ebazpenak egungo testuingurua aintzat hartu behar duela hausnartu dute baldintzapeko askatasuna aitortzearen alde egin duten bi epaileek. Hau da, ezin dira kontuan hartu 2016an behin-behineko espetxeratzea justifikatzeko baliatutako argudioak. Orduan kartzelatzeko agindua akusazioek eskatutako zigor handiekin lotu zen, baina epaileen ustez, arrazoi horrek indarra galdu du. Izan ere, bi epaileek gogora ekarri dute bost erasotzaileei bederatzi urteko espetxe zigorra ezarri zietela, akusazioek eskatutakoa «oso nabarmen» urrituta.

Bestalde, autoa babestu duten bi epaileek, ez dute ikusten bost kondenatuek delitua berriz egin dezaketenik. Epaileek jaso dutenez, auziak izan duen oihartzunaren eta «piztu duen presioen» ondorioz, gizartean bost gizonekiko «aurkakotasuna» sortu da. «Horrek ezbaian jartzen du delitua berriz egiteko balizko arriskua». Anonimotasuna galdu izanak horretan lagunduko duela uste dute. Are, epaileek gaineratu dute, aurrez aipatutako presio horren ondorioz, sexu abusuagatik kondenatu zituzten gizonek «muturreko arazoak» izango dituztela «bizitza sozial normala» izateko.

Atal horretan, epaileek aipatu dute Pozoblancoko (Andaluzia, Espainia) epaile bat ikertzen ari den sexu erasoa. Sanferminetako bost erasotzaileetatik lau daude auzi horretan inputatuta, beste emakume baten aurkako sexu eraso bat leporatuta. Pozoblancoko epaileak instrukzioa luzatu du, «kasuaren zailtasuna» dela eta. Horren aurrean, epaileek argudiatu dute, gertakaria epaituta ez dagoen heinean, ezin dela aintzat hartu, eta, beraz, ezin dela pentsatu kondenatuek sanferminetako delitua berriz egingo dutenik.

Ebazpenean kautela neurriak ezarri dizkiete bost kondenatuei. Ezin izango dira Madrilgo erkidegora joan, salaketa jarri zuen emakumea han bizi delako, eta debekatua dute biktimarekin komunikatzea, «edozein dela bidea edo prozedura». Bestalde, pasaportea eman beharko dute; ezin izango dute Espainiako Estatua utzi epailearen baimenik gabe; eta astelehen, asteazken eta ostiralero bizi diren udalerriko guardiako epaitegietara joan beharko dute. Azkenik, bizilekua zehaztu beharko dute, baita harremanetarako telefono bat ere: bakoitzak jakinarazitako lekuan topatuko ez balute, bilatzeko eta atxilotzeko agindua emango lukete.

Baldintzapean aske uztearen alde egin duten bi epaileen iritziz, neurri horiek nahikoak dira balizko ihesaldiak saihesteko. Era berean, epaileek adierazi dute erasotzaileek ez daukatela baliabide ekonomikorik «modu eraginkorrean ihes» egiteko. Aldiz, boto partikularra aurkeztu duen epaileak argudiatu du arriskua mantentzen dela.

Hiru helegite jada

Autoaren aurka helegitea jartzeko aukera dago. Bada, hainbat erakundek aurkeztu dituzte errekurtsoak: Nafarroako Gobernuak, Iruñeko Udalak eta Nafarroako Fiskaltzak. Joseba Asiron Iruñeko alkateak «atsekabe sakona» agertu du autoaren aurrean. «Bukaerara arte joango gara, eta aske uzteko erabakiaren aurka ere egingo dugu».

Maria Jose Beaumont Nafarroako Gobernuko Justizia kontseilariak ere eman du helegitearen berri. Kondenatutako bost gizonek ihes egiteko arriskua dagoela nabarmendu du, baita delitua berriz egitekoa ere. Halaber, aste gutxi barru hasiko diren sanferminetan sexu erasorik gerta ez dadin itxaropena agertu du, baina «arriskua» badagoela ohartarazi du.

Bestalde, Beaumontek ezagutarazi du «bi edo hiru hilabetean» argituko direla aurtengo apirileko epaiari jarritako helegiteak. Abusua egon zela ebatzi baitzuten epaileek, eta ez sexu erasoa. Nafarroako Probintzia Auzitegiko iturriek jakinarazi dute atzoko ebazpenari jarritako helegiteek ez dutela eraginik izango apirileko epaiaren errekurtso prozesuan.

[youtube]https://youtu.be/ePI6s_kwcjg[/youtube]
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.