Donostiako 70. Zinemaldia. Sail Ofiziala. KRITIKA

Gehiegikeriez, gutxiegirekin

Sebastian Lelioren The Wonder filma. DONOSTIAKO ZINEMALDIA.
Andoni Imaz.
2022ko irailaren 23a
00:00
Entzun

'The Wonder'



Zuzendaria: Sebastian Lelio. Aktoreak: Florence Pugh, Tom Burkey, Kila Lord Cassidy. Herrialdea: Irlanda. Iraupena:108 minutu.

Kontuan izanda Sebastian Lelioren The Wonder XIX. mendean girotuta dagoela, Irlandako herrixka batean, filmeko aurreneko planoa ezusteko handi bat da ikuslearentzat: ez etxalde lainotsurik, ez jantzi lokazturik, ez mendialde berderik. Aldamio bat besterik ez da ageri, itxuraz estudio bateko filmaketa set bat, The Wonder-en gisako lanak egiteko erabiltzen dituzten horietako bat. Oraindik filmeko protagonista gorpuzten hasi gabeko Florence Pugh aktorea da aurkezlea: «Kaixo. Hau The Wonder izeneko film baten hasiera da». Kamera, pixkanaka, kandela argiz girotutako etxe baten barrualdera mugitzen da, istorioa handik abiatzeko: «Istorioak baizik ez gara, eta honetan sinestera gonbidatuko zaitugu».

Istorio horretan, erlijioak eta fundamentalismoak pisu nabarmena dute, Lib Wright erizainak (Pugh) komunitate baten fede itsuari aurre egin beharko diolako neskatila baten ustezko miraria aztertzeko eskatzen diotenean. Hong Sang-sooren Walk Up-en ere ageri da erlijioa; han ere istorio bat da, protagonistaren ustez, gizakiak bere beldurrei aurre egiteko asmatutako kontu bat. Jainkoa agertzen zaionean, ordea, berriro lanean hasteko kemena sentituko du.

Fedeari lotutako gogoeta fikzioaren pizgarria da Walk Up-en, eta gai agorra, berriz, The Wonder-en. Filmaren girotzea eta abiapuntua interesgarriak diren arren, kontakizunak berehala galtzen du indarra. Musikaren erabilera astunak eta gehiegizko lehen planoek puztu egiten dituzte narrazioak bere kabuz sortu ezin dituen emozioak, eta filmaren formak errepikakorrak eta lauak dira askotan.

Wrighten antzezpen ona da filmaren indarguneetako bat, gainontzeko aktore gehienekin batera. Lanak balio du erlijioak ezarritako kontrol sozialaren gehiegikeriak erakusteko, baina hasiera eta amaiera alternatibo horiekin ere ez du lortzen garai hartan girotutako Netflixeko film baten estetikatik urrundu eta beste zerbait proposatzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.