Vicent Sanchis. Kataluniako TV3 telebista publikoko zuzendaria

«Autozentsuratzeko arrisku handia dugu»

Erreferendumari buruz publizitate instituzionala plazaratzea ez da desobeditzea, Sanchisek defendatzen duenez; informazioa behar bezala emateko arazo asko dituztela salatu du, eta Hauteskunde Batzorde Zentralaren «logika perbertsoa» dela.
ORIOL CLAVERA

Amagoia Mujika Tolaretxipi -

2019ko apirilak 14
Joan den asteartean Bartzelonako 13. epaitegiak 32 pertsona prozesatu zituen 2017ko urriaren 1eko erreferendumaren harira, batez ere funtsak bidegabeki erabiltzea edo desobedientzia delituak leporatuta. Horien artean dago Vicent Sanchis TV3eko zuzendaria (Valentzia, Herrialde Katalanak, 1961). Alejandra Gil magistratuaren arabera, prestatutako plan bat egon zen, eta auzipetu bakoitzak «helburua betetzeko modu erabakigarrian lagundu zuen, nahiz eta bazekiten beren ekintzak legez kanpokoak zirela». Sanchisentzat, «ez du zentzurik» akusazioak, TV3ren kontra ezartzen ari diren zentsurak ez duen bezala. «Etsipenez» eta «pazientziaz» bizi ditu garaiok.

TV3ek erreferendumaren publizitatea ateratzeagatik desobedientzia leporatu dizute. Zer duzu esateko?

Nik hau bakarrik esango dut: publizitate instituzionala egin zen, bai, baina Auzitegi Konstituzionalak Kataluniako Auzitegi Nagusiaren bidez emandako debekuan ez zen aipatzen ezin zela publizitate instituzionala egin. Erreferenduma egiten laguntzeko debekua zen hura. Nik erabaki nuen erreferendumaz informazioa eman behar zela bai albistegietan, baita gobernutik etortzen bazen ere, informazio instituzionala zelako.

Beraz, ez duzu desobeditu.

Ez, noski. Nik ez nuen gobernuaren eskaerarik jaso, adibidez, TV3eko egoitza hautesleku bilakatzeko; ezetz esango nioke horri, auzitegietatik zetorren aginduari jarraituz. Baina informatzea nire funtzioen barruan dago. Hori da nire istorioa.

Oharkabean harrapatu zaitu?

Ez. Batzuek pentsatzen dute TV3ek Generalitatearen publizitate instituzionala ateratzea delitua dela, oso tipikoa fiskaltzaren edo herri akusazioaren kasuan, eta kasu honetan epaileak ere hori pentsatu du.

Helegitea jarri duzue. Zer esateko?

Nik betikoa esango dut: epaileak desobedientzia delitua ikusten duela deliturik ez dagoen lekuan, publizitate hori ematea ez baita desobedientzia.

Paradoxikoki epaileak ez ditu auzipetu 2017ko irailean ustez erreferenduma antolatzen aritzeagatik atxilotutakoak, alegia Pablo Llarena epaileak buruzagi independentisten kontra egiteko oinarritzat hartu zituenak. Zentzurik ba al du horrek?

Horren arrazoiak ez dakizkit, baina gure kausak Madrilen epaitzen ari direnen oinarri bera badu, hainbat pertsonak akusazio bera badute —funtsak bidegabe erabiltzea, kasurako—, ez dut ulertzen nola ez duten hasieratik istantzia batera zentralizatu kausa guztia. Harrigarria egiten zait parte batek Auzitegi Gorenean amaitzea, beste batek Kataluniako Auzitegi Nagusian, eta beste batek Auzitegi Nazionalean. Batzuek lekuko gisara deklaratu behar zuten auzitegi batean, eta bestean ikertu gisa... Babesgabetasun izugarria da hori. Ez naiz aditua, baina kontraesan asko daude.

Zuen kasuan abokatuek salatu zuten Juan Antonio Ramirez Sunyer ikerketa abiatu zuen aurreko epailea [hil egin zen] ideologikoki oso lerratua zegoela. Alejandra Gilengatik zer diote?

Ez naiz sartuko publikoki baloratzera zer pentsatzen dudan epaileez. Gauza bakarra dakit: partekatzen ez ditudan ondorioetara iritsi dela. Horregatik jarri dut helegitea. Esan dezaket arazo politikoak ezin direla judizialki konpondu. Baina ez da inolako borondate politikorik egon Kataluniako legebiltzarkide gehienek eskatzen zutena aintzat hartzeko. Gehiengoa diodanean, independentistez ez ezik, komunez eta beste indarrez ere ari naiz.

Sanchezek irabazi eta gobernua osatzeko independentisten beharra izango balu, egoera aldatuko litzateke?

Ez. Sozialistek ez dute ezer aldatuko.

Jazarpena ez da soilik judiziala. Egunero bizi duzu TV3ko zuzendari gisa informatzeko zailtasuna.

Oso egoera gogorra bizi dugu. Egunero esaten dute gezurretan ari garela, eta ez garena garela. Fede edo erlijio kontu bat bilakatu da. «TV3ek iraindu egiten du, gezurra esaten du». Etenik gabe ari dira horretan hainbat alderdi, baina hori ez da errealitatea.

Adibide asko dituzue jazarpena azaltzeko. Azkena Albert Riverak jarritako kereila, TV3ek Ines Arrimadasi «puta» deitu ziola argudiatuta.

TV3ek «puta» Arrimadasi? Hori gezurra da. Toni Alba aktoreak hori iradokiz lekuz kanpo zegoen txio bat egin zuen, gu izan ginen kritikatzen lehenak. Baina Alba TV3eko umorezko saio bateko aktorea da, tarteka kontratatzen dutena. Hortik esatea TV3ek «puta» deitu diola amildegi bat dago. Noski, guk ere kereila jarriko diogu kalumniengatik.

Riverak esan dizu aurrez aurreko bat egiteko...

Bai oso ausarta da bera. Baina oso erraza da ulertzen: «Telebista publikoko zuzendari batek ezin du zurekin eztabaidatu, Rivera jauna». Oinarrizkoa da jakitea nik ezin dudala eztabaidatu lider politiko batekin, nik elkarrizketa dezaket, edo eztabaida bat bideratu. Eta berak hori badaki.

Bi ordutan ere konpentsatu beharko dituzue alderdi konstituzionalistak, Hauteskunde Batzorde Zentralaren aginduz, Madrilen alderdi independentistek antolatutako manifestazioa emateagatik.

Gauza absurdoetan absurdoena. Manifestazio bat ez eman ahal izatea zentzugabekeria eta zentsura hutsa da. Zergatik eta pentsatzeagatik balantza deitzaileen alde jartzea dela, ba, barkatu, baina ez da horrela. Madrilen Espainia hustuari buruzko manifestazioa egin zenean, adibide bat jartzearren, Aragoiko telebistak zuzenean eman zuen, eta manifestazio buruan egungo Espainiako bost ministro zihoazen. Logikoa da Aragoiko telebistak horrelako manifestazio bat zuzenean ematea, logikoa den bezalaxe Kataluniako telebista publikoak zabal ematea Madrilen 100.000 pertsona manifestatzen direnean, kasu honetan kausa jakin batengatik. Berdin egingo genuke beste jende batek deialdi bat egingo balu. Hauteskunde Batzorde Zentralaren logika perbertsoa da.

Debekatua duzue ere preso politiko edo exiliatu erabiltzea. Programa batean prisis pilitics erabili zenuten ironiaz, eta hori ere iraintzat jo du batzordeak.

Herri honetan umore saioak dauzkagu, eta badago saio bat Preguntas freqüents non informazioarekin batera umoreak ere tartea duen. Eta berehala hartu zen isekatzat; bueno, ironia da, umorea, Polònia-k duen bezala. Astero erabiltzen du burla, jende guztiaren kontra, epaileen kontra ere bai; zer egingo diogu ba.

Horrenbeste zentsurarekin, aurrekontu murrizketak, orain makrokausa... Ba al da TV3autozentsuran erortzeko arriskurik?

Noski. Autozentsuratzeko arrisku handia dugu. Autozentsuratzen ari gara dagoeneko. Ez TV3ek soilik. Hauteskunde batzordeak markatzen duen bideak periodistikoki ez du zentzurik, ezta adierazpen askatasuntzat duen esparru interesatuak ere.

Nola aurre egin egoerari?

Ez dago hauteskunde batzordeak esaten duena betetzea baino beste erremediorik. Eta ados ez gaudela esatea, salatzea, patxadaz eta batzuetan etsipenez.

155. artikulua aplikatu zutenean TV3 kanpoan utzi zuten. Pentsatu zenuen presioa bide honetatik etor zitekeela?

Batetik, 155.a iritsi zenean, eta TV3 kanpoan utzi zutenean lasaitua hartu genuen. Baina, bestetik, argi zegoen une asaldatuan sartzen ari ginela. Eta hor markatu dira lagunak eta etsaiak. Bartzelonako komunikabide pribatuetako kazetari batzuek publikoki diote gerran daudela, eta badakigu norbait gerran dagoenean eskrupulu gutxirekin ibiltzen dela. Gu, gerran ez gaudenok, haien hira gara. Jakin bagenekien gure kontrako erasoek jarraituko zutela, eta honaino iritsi gara.

Horrenbesteko tentsioak eragin du TV3en audientzian?

Audientziak oso onak dira. Azken hilabeteotan igo eta igo ari gara. Kataluniako telebistetan %20ko audientzian gabiltza osotasunean, eta TV3 %15era iritsi da. Horrek esan nahi du saio batzuk %30-40k ikusten dutela. Katalunian ikusle gehien duen telebista da TV3, eta baloratuena. Inkestek eta audientziak diote albistegirik orekatuenak eta neutralenak direla.

Madrilgo epaiketari kasu egiten ari zara?

Bai, noski, baina ezin dut iritzi handirik eman epaiketari buruz. Esan dezaket zuzenean ikus daitekeela; jendeak ikus dezake alde handia dagoela han ikusten denaren eta komunikabide batzuek diotenaren artean. Epaiketa zuzenean jarraitzea da modua jakiteko zer gertatzen ari den.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna