Migratzaileen exodoa. Tijuanako pasabidea

Muga baten berezitasun ankerra

Tijuanakoa munduan gehien gurutzatzen den muga da; egunean 180.000 lagunek zeharkatzen dute pasabidea. Beste batzuek altzairuzko hesi bat gainditu behar izaten dute iparraldera sartzeko

Tijuanako Migratzaileentzako Etxea. Duela 30 urte zabaldu zituen ateak, eta 120 plaza ditu. KRISTINA BERASAIN TRISTAN.
Kristina Berasain Tristan.
Tijuana
2018ko azaroaren 17a
00:00
Entzun
Muga bakarra da, baina alde batetik bestera igarotzeko hamaika modu daude, bakoitza bere berezitasunekin, norabidearen eta jatorriaren arabera. Tijuana (Mexiko) eta San Diego (AEB) bereizten dituen harresiaren xafla batean idatzia dago poesia ametsak dituen jendea dela, eta muga horretan ametsak gurutzatzen dira, pertsonak bezainbeste, poesia aurkitzea zaila bada ere: hemen hasi ziren zutitzen Ameriketako Estatu Batuak eta Mexiko bereizten dituen harresia, duela 34 bat urte. Ordutik, burdinazko eta altzairuzko hesi anker bat gainditu behar dute askok, beste askok pasieran gurutzatzen dutena.

Tijuana 1,7 milioi biztanleko hiria da, eta munduan gehien gurutzatzen den pasabidea du. San Ysidro zubia 180.000 lagunek zeharkatzen dute egunean. AEBetara lanera edo ikastera doazen mexikarrak dira gehienak. Egunaren eta dataren araberakoa da berrehun metroko zubia autoan zeharkatzeko behar den denbora; tarteka, lau ordu ere behar izaten baitira. Oinez azkarragoa da. Garitatik pasatu, eta paper bat erakutsi baino ez da egin behar.

Dilcia Maria Cruzek, baina, ez dauka paperik. Tijuanatik kilometro gutxi batzuetara sartu zen iparraldera, Tecotetik: «Otsailaren 24a zen, beste hiru lagunekin hesia saltatu, eta korrika hasi ginen. 200 metro edo egin genuen korrika, baina migrakoek harrapatu gintuzten».

Hondurasko Choluteca hirian jaiotakoa da 20 urteko gaztea. Tijuanako Migratzaileen Etxean dago. Duela bost hilabete deportatu zuten jaioterrira, hegazkin batean, eskumuturretan eta hanketan giltzarrapoak zituela. Kontakizuna, baina, urtarrilaren 8an hasten da. Egun horretan abiatu zen Hondurastik. «Guatemalan sartu, eta bi egun eta erdiz ibili ostean iritsi nintzen Tapachulara». Mexiko hegoaldetik iparraldera trenean joan zen, La bestian, eta, han, zorroan zeraman diru eskasa lapurtu zioten. Harekin zihoan lagunarena makurragoa izan zen: «Palenquen bortxatu egin zuten».

Otsailaren 24a da iltzatua daukan beste data. Egun horretan, beste hiru lagunekin harresira gerturatu, eta eskailera bat jarrita beste aldera gurutzatu zuten. Ametsa behar zuena amesgaizto bihurtu zen orduan. Mugako Guardiak hielera batera eraman zuen. Han, aluminiozko izara moduko bat eman zioten estaltzeko, behin-behineko atxilotze gune horiek izen hori hotz handia egiten duelako baitute.

AEBetako legediaren arabera, gehienez hamabi orduz izaten ahal dituzte gune horietan, baina atxilotzen dituztenen %67k 24 ordu pasatzen dituzte han, baldintza ankerretan, duela bi urte lehen aldiz zabaldu ziren argazkiek erakutsi zuten moduan. Cruzek zortzi egun eman zituen han: «Hotzez egon nintzen beti, porlanezko petril batean lotan, garbitu ezinik, eta egunean hirutan gauza bera jaten genuen: zuku bat, gaileta bat eta ura». Ondoren etorri zena ez zen samurragoa izan: kartzela moduko batera eraman zuten: «Uniforme urdin bat jarri zidaten. Egin zenuen delituaren araberakoa zen uniformearen kolorea: gorria, horia, laranja...». Bi hilabete luzez izan zuten han, deportatu zuten arte, maiatzaren 3ra arte. Orain Tijuanan da berriro. Hesia zeharkatzeko saiakera egingo du berriro egun hauetako batean.

Gehienak, zaurituta

Antonio Velezek egunero jasotzen ditu mugan bertan deportatzen dituzten mexikarrak. Haiek ere hesia zeharkatzen saiatzen dira ametsa egia bihurtzeko. AEBek egunero 2.175 mexikar deportatzen dituzte hegoaldeko mugan. Hamar urtean milioi bat. «Gehienak zaurituta iristen dira, eta giltzarrapoen markak dituzte eskumuturretan. Atzo [ostegunean], 32 lagun jaso nituen», esan du ekintzaileak. Migratzaileen etxera eramaten ditu egunero: «Lur jota etortzen dira, eta isil-isilik egiten dute bidea, burumakur».

Kalifornia Beherean uztailaren 9an hasi ziren Stream Line programa indarrean jartzen: «Arizonan eta Texasen aurretik ari ziren programa hau gauzatzen, baina hemen uda honetan hasi dira».

Esmeralda Siu ari da hizketan. Tijuanako Migratzaileen Defentsarako Koalizioko koordinatzailea eta abokatua da. Stream Line programak giza eskubideak urratzen dituela dio: «Aberriratze azkarrak egitean datza programa horren ardatza; horretarako, epaiketa masiboak egiten dituzte, eta inolako berme juridikorik gabe; besteak beste, migratzaileek ez dutelako abokatu bat izateko eskubiderik ere».

Iheslariak kartzeletan izateko asmatutako formula dela dio Ciuk. Donald Trumpek migrazio legeak zorrozteko hartutako neurri sortaren parte da iheslariak kriminalak balira bezala tratatzen dituen egitasmoa. « Egun bakar batean prozesatu, kriminalizatu eta deportatu egiten ahal dituzte», zehaztu du Ciuk. Asiloa eskatzera joaten direnak kriminalizatzen dira horrela, abokatuaren iritziz, eta, aurrekari penalak badituzte, zailago izango dute etorkizunean herrialdean sartzea.

AEBetan paperik ez duten 11 milioi lagun bizi dira. Deportazioen kopurua itzela da. Bada 27 bider deportatua izan denik ere. 2011. urteak hautsi zuen errekorra. Barack Obamaren agintaldiko zortzi urteetan zortzi milioi lagun deportatu zituzten; 2011 izan zen deportazio gehien egin zen urtea: 388.409 lagun. Trumpekin murriztu egin dira kopuruak; agintaldiko lehen urtean, urtarriletik azarora, 151.647 lagun deportatu zituen. Atxilotuak, aldiz, ugaritu egin dira: 143.000. Guatemalara 33.570 lagun deportatu dituzte; Hondurasera, 22.381, eta El Salvadorrera, 18.838.

Patrick Murphyk sortua

Migratzaileen Etxean, aterpeaz eta janariaz gain, aholkularitza juridikoa eskaintzen diete migratzaileei. Deportazio seguru bat izatea ere bermatzen dute. 2006tik 2016ra egunean, batez beste, 235 lagun iritsi ziren Tijuanara. Tantaka iristen ziren orain arte, talde txikietan, edo bakarrik, karabana iritsi arte. Etxeak 140 lagunentzako tokia dauka, eta aspaldian ari ziren ikusten fenomenoak ez zuela etenik izango.

Patrick Murphyk sortu zuen etxea, duela 30 urte, eta beti bezain eskuzabal jasotzen ditu iheslariak: «Ez dute ezer txarrik egin, eta etorkizun oparoago eta seguruago bat baino ez dute nahi; gizakion eskubidea da hori, eta ezin da horrela jokatu, bidean gizarte zibilaren babesa baino ez dute jaso».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.