Albistea entzun

Koronabirusa. Mundua

COVID-19a Europa ixten ari da atzera

Bigarren olatuak abaila hartu du herrialde guztietan, eta urri erdian murrizketak agintzen hasi dira gobernuak. Konfinamendua saihestuz baina mugimenduak murriztuz ari dira erantzuten gehienak, urri erditik aurrera
Tamaina handiagoan ikusi

Mikel P. Ansa -

2020ko urriak 28

Uztailean eta abuztuan apenas sentitu den koronabirusaren eragina Europan; Euskal Herria izan da salbuespenetako bat. Baina irailetik aurrera, hotzarekin batera, Belgikan, Txekiar Errepublikan eta Eslovenian asko hasi ziren ugaritzen positibo berriak. Eta urrian, birusa ziztu batean hasi da zabaltzen herrialde guztietan; OME Osasunaren Mundu Erakundearen arabera, pandemiaren epizentro bilakatu da kontinentea atzera. Egunez egun ari dira gainditzen bezperako datuak, eta urri erditik aurrera hasi dira gobernuak neurriak hartzen. Erabateko konfinamendua saihestu nahian ari dira, baina mugimendua murrizteko eta harreman sozialak gutxitzeko neurriak hartzen ari dira, etxeratze aginduak ezarriz, denda eta ostatuen ordutegiak murriztuz, herrietatik ateratzea debekatuz kasu batzuetan, eta maskarak leku gehiagotan erabiltzera derrigortuz zenbaitetan —orain arte, leku publiko itxietan soilik behar ziren herrialde gehienetan—. Hau da Europaren egoera, intzidentzia tasa altuenak dituztenetatik hasita:

Belgika

Europako kutsatze tasarik azkarrenetakoa du, Andorraren atzetik eta Txekiar Errepublikarekin batera. Milioi bat biztanleko 935 heriotza izan ditu pandemia hasi zenetik: Europako tasarik altuenetan hirugarrena, San Marinoren eta Hego Euskal Herriaren atzetik (980). Test gehien egiten dituzten herrialdeetako bat da, baina, hala ere, ehuneko tasa altuenetakoa ere badu: %19,7koa du azkeneko zazpi egunen batezbestekoa. «Infekzioen tsunami bat» iritsi zaiela adierazi du gobernuak. Beldur dira zainketa intentsiboek bi astean gainezka egin dezaketela.

Gobernuak urriaren 19an hartu zituen neurriak: taberna eta jatetxe guztiak itxi, etxeratzeko agindua ezarri —Wallonian, 22:00etatik 06:00etara; Flandrian, gauerditik 06:00etara—, eta alkohola saltzea debekatu zuen 20:00etatik aurrera. Dantzalekuak ere itxita dauzkate harrezkero, eta ekitaldi publiko handiak, debekatuta. Etxera lau lagun gonbidatu litezke gehienez, baina talde hori mantendu behar dute hamabost egunez. Antzoki, zinema eta gisakoetan gehienez 200 lagun elkar daitezke.

Txekiar Errepublika

Pandemiaren lehen kolpea saihestu zuen, neurriak garaiz hartuta —Europan maskaren erabilera agindu zuen herrialde bakarra izan zen udaberrian—, baina bigarren olatuak bete-betean harrapatu du, eta daturik okerrenetakoak biltzen ari da. Mila biztanleko 3,6 test egiten ari da —Hego Euskal Herrian 5,6 egiten dira—, baina horietatik positibo ematen ari dira %30,5; kutsatze kateen kontrola galdu duen seinale. Ospitaleak mugara iristen ari direla ohartarazi du gobernuak. Euskal Herriak baino lau aldiz heriotza gutxiago izan ditu orain arte: milioi bat biztanleko, 221.

Europako bigarren olatuan murrizketak agindu dituen lehen herrialdeetako bat izan da: urriaren 14an ostatuak itxi zituzten (jatekoa eramateko izan ezik), bilerak mugatu sei lagunetara... Baina gobernua aurki ohartu zen ez zela aski. Andrej Babis lehen ministroak barkamena eskatu zuen neurriak bizkorrago ez hartzeagatik, eta alarma egoera eta konfinamendua ezarri zituen urriaren 22an. Azaroaren 3 arte iraungo du gutxienez. Dendak, ostatuak, eskolak... eta funtsezkoak ez diren jarduera guztiak itxi dituzte. Gaur etxeratze agindua ezarriko dute.

Egoeraren larritasuna aski ez, eta azken egunetan polemika sortu da: Roman Prymula Osasun ministroa harrapatu zuten ustez itxita behar zuen jatetxe batetik maskararik gabe irteten. Dimisioa eman du azkenean.

Eslovenia

Euskal Herriak baino milioi bat biztanle gutxiago ditu Esloveniak, eta, hala ere, COVID-19ak milioi bat biztanleko 90 heriotza inguru eragin ditu han, Euskal Herrian baino 11 aldiz gutxiago. Lehen olatuan pandemiak ez zuen hainbesteko eragina izan Eslovenian, baina bigarren olatuak gogorren jo dituen herrialdeetako bat da. Mila biztanleko 2,7 test egiten ari dira,eta positiboen ehunekoa %6,5ekoa du.

Gobernuak urriaren 19an hartu zituen lehen neurriak, baina harrezkero ia egunero gogortu ditu murrizketak. Egun, etxeratze agindua dute 21:00etatik 06:00etara, eta ostatu eta jatetxeak itxita daude; supermerkatuak eta zerbitzu jakin batzuk ematen dituzten dendak soilik daude irekita; ezkontzak debekatuta daude, beste ekitaldi sozialak bezala, eta herritarrek ezin dute beren herritik irten, lanerako edo ezinbestekoa ez bada. Kirolari profesionalek soilik egin dezakete kirola, sei lagun elkartu litezke gehienez, eta maskarak jantzita ibili behar da kalean ere. Eskolak haurrentzat daude zabalik.

Herbehereak

Urriaren 14an ostatuak eta jatetxeak itxiarazi zituen, eta alkoholaren salmenta debekatu zuen 20:00etatik aurrera. Irekita dauden supermerkatu eta dendek ere itxita behar dute ordu horretarako. Etxekoek egunean hiru pertsona har ditzakete, eta kalean lau elkartu litezke —13 urtez azpiko umeek ez dute kontatzen—. Ekitaldi publikoak debekatuta daude, eta leku publiko itxietan maskara erabiltzera derrigortu dute; ez kalean, ordea. Neurriak indarrean sartu eta gutxira, Herbehereetako errege familia oporretan joan zen Greziara, eta eskandalua eta eztabaida eragin ditu horrek.

Suitza

Gobernuak kantoien esku utzi zuen pandemiaren kudeaketa, eta, bigarren olatuko datuak gainezka egiten hasi direnean, eskualde bakoitzak bere neurriak hartu ditu. Joan den astean, ostatuen ordutegiak mugatu zituzten batzuek, etxeratze aginduak eman beste batzuek, eskoletan maskarak agindu besteren batek... Gobernuak gaur egitekoa du agerraldi bat, eta espero da neurri murriztaileagoak aginduko dituela. Mila biztanleko 2,8 test egiten ari dira, eta horietatik positibo ematen dute %17k. Azken orduetan asko ugaritu dira positibo berriak, eta Herbehereek baino intzidentzia handiagoa du orain.

Frantzia

Zenbaki absolutuetan, Europako herrialdeen artean kasu positibo berri gehien ari dira pilatzen Frantzian, eta Europako tasarik okerrenetan bederatzigarrena du —Hego Euskal Herriak, zazpigarrena—. Uste dute egunean 100.000 lagun baino gehiago ari direla kutsatzen, eta horietatik erdiak atzematen dituztela. Erietxeetan, berriz, martxoaren 17an baino gaixo gehiago dauzkate COVID-19arekin. Joan den larunbatetik, departamendu askotan etxeratze aginduak ezarri dituzte 21:00etatik 06:00etara —herritarren bi herenei eragiten die—, eta bilerak sei lagunetara mugatu dituzte. Eskolak irekita daude, eta herrien arteko mugimenduak posible dira, oraingoz. Maskarak leku publiko itxietan jantzi behar dituzte 11 urtez gorakoek, baina Paris eta inguruetan, Tolosan, Nizan, Lyonen eta beste zenbait hiritan, kalean ere derrigorrezkoak dira orain. Emmanuel Macron presidenteak Defentsa Kontseilua bildu zuen atzo, eta espero da gaur neurri berriak iragartzea; etxeratze agindua luzatzea edo tarte jakinetan konfinatzea —adibidez asteburuetan— aztertzen ari direla zabaldu da. Egindako test guztien %10,4 dira positiboak.

Eslovakia

Gobernuak konfinamendua agindu zuen joan den larunbatetik, eta etxetik atera liteke, soilik, testa egiteko edo osasun arrazoiengatik, lanera edo eskolara joateko, inguruko dendetan janaria erosteko, etxeko animaliak paseatzeko edo hileta batera joateko. Eskolak itxita egongo dira urriaren 26tik azaroaren 27ra, baina haurtzaindegiak eta 9 urte arteko Lehen Hezkuntzako zentroek haurrak har ditzakete. Garraio publikoa ere mugatu dute. Azken zazpi egunetako testetatik, batez beste, positibo eman dute %17,9k —urriaren 1ean, %7k—.

Katalunia

Ostatuak eta jatetxeak itxi zituen Generalitateak urriaren 15ean, eta kirol jarduera gehienak (elitekoak izan ezik) debekatu. Espainiako Gobernuak alarma egoera ezarri ostean, etxeratze agindua ordubetez luzatu du: 22:00etatik 06:00etara. Sei laguneko bilerak egin litezke gehienez. Gobernuak herenegun onartu zuen aztertzen ari direla asteburuetarako konfinamendua ezartzea.

Gorako bidean, eta lehen itxialdiak

COVID-19a herrialde guztietan ari da zabaltzen, baina guztietan ez du abiapuntu bera izan, eta guztietan ez da batera hasi bigarren olatua. Hamalau egunetako datuak batuta, 100.000 biztanleko 400 eta 250 kasu artean dituzte herrialde askotan, eta gorako bidean doaz. Erresuma Batua, Polonia, Espainia, Portugal, Irlanda, Italia, Austria eta Islandia daude lista horretan, besteak beste.

Horien artean, Irlandak eta Galesek egin dute itxialdiak agintzeko lehen urratsa. Irlandako Errepublikak konfinamendua agindu zuen urriaren 21ean. Bilerak debekatuta daude, eta etxetik atera liteke bost kilometroko inguruan, adibidez kirola egiteko. Funtsezkoak ez diren jarduerak eta dendak itxi dituzte. 100.000 biztanleko 261 positibo zituzten orduan, hamalau egunean. Galesko Gobernuak ere itxialdia agindu zuen, urriaren 23tik aurrera. 100.000 biztanleko 128 positiboko tasa zuen orduan, baina testetako positiboen ehunekoa %12koa zuen. Ingalaterran, Manchesterren, Liverpoolen eta beste zenbat hiritan hartu dituzte neurriak, ostatuak itxita eta harremanak etxekoen artera mugatuta.

Espainiak, uda zaila pasatu eta gero, Madrilgo eskualde batzuk itxi zituen urri hasieran, eta alarma egoera eta etxeratze agindua ezarri zuen hilaren 25ean. Erkidegoekin ari da aztertzen neurri berriak. Italian, bigarren olatuak ez du halako kolpea eman oraingoz. Hala ere, gobernuak urriaren 20an alkateei boterea eman zien 21:00etatik aurrera lekuak ixteko eta edukierak mugatzeko. Geroztik, zorroztu egin du erabakia: ostatuek, jatetxeek, antzokiek eta antzekoek 18:00etan itxi beharko dute. Eskualde batzuek etxeratze aginduak ezarri dituzte: Erromak, Lombardiak, Campaniak, Siziliak... Erabakien aurkariek protestak ere egin dituzte.

Intzidentzia txikienak, iparraldean

Zerrenda atzetik hartuta, bigarren olatuak Norvegian, Finlandian, Suedian, Alemanian eta Danimarkan izan du eragin gutxien, orain arte, bigarren olatu honetan; kutsatuen ugaritzea ikusten ari diren arren, ez dute neurri gogorrik hartu oraingoz. Norvegian eta Finlandian ez zaizkie hainbeste test egiten ari herritarrei —mila biztanleko 2,5i eta 1,5i, hurrenez hurren—, baina positibo ehuneko oso txikiak dituzte: Norvegian, azkeneko zazpi egunetan egindako test guztien %1,2 dira positiboak, eta Finlandian, %2,3 —Hego Euskal Herrian, %9,7—. Hala ere, Norvegiako Gobernuak mugatu egin du kalean bildu litekeen gehienezko jende kopurua (50 lagun), eta ostatuei debekatu egin die bezeroak hartzea 22:00etatik aurrera. Finlandiako Gobernuak ere jaitsi egin du kalean bil daitekeen jende kopurua, eta mugetako sarbideak hobeto kontrolatzeko agindu du.

Suediako Gobernuak pandemian erabilitako estrategia miretsi dute zenbaitek, eta gogor kritikatu beste batzuek; bigarren olatu honetan, oraingoz, intzidentzia txikieneko herrialdeen artean dago, Finlandia eta Norvegia auzoetan baino kasu positibo gehiago dituen arren. Azaroaren 1ean dantzalekuetako edukiera mugatuko du; ez du ematen oraingoz beste neurririk hartuko duenik. Stefan Lofven lehen ministroaren arabera, «osasun arloko langileentzat errespetu gutxikoa da egunkarietako argazkietan-eta diskotekak gainezka ikustea».

Danimarkan eta Alemanian ere ez dute sentitu hainbeste bigarren olatua, kutsatzeak han ugaritzen ari diren arren. Alemanian, jatetxeek 23:00etan itxi behar dute, Berlingo auzo batzuetan kalean maskara derrigortu dute, Berchtesgadenerreko eskualdea itxi zuten urriaren 20an bi asterako... Landerrak ari dira larrialdia kudeatzen, eta Angela Merkel kantzilerrak bilera bat du gaur haietako buruekin.

Danimarkan testak egiten jarri dute ahalegin handia: mila biztanleko, 7,5i egiten dizkie, eta positiboak %1,5 besterik ez dira. Biztanleko test gehien egiten dituen herrialdea da Europan. Gobernuak neurri berriak iragarri zituen joan den astean: orain, leku publiko itxietan maskarak beharko dira, eta gehienez hamar laguneko bilerak egin ahalko dira.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Raila Odinga presidentegaiaren jarraitzaileak, Nairobin. / ©Daniel Irungu, EFE

William Rutok irabazi ditu Kenyako presidentetzarako hauteskundeak

Arantxa Elizegi Egilegor

Hauteskunde Batzordeko zazpi kideetatik lauk uko egin diote emaitzak onartzeari. Raila Odingaren jarraitzaileek protesta egin dute batzordeko kideak bilduta dauden hotelaren atarian.

Nicola Sturgeon lehen ministroa, Eskoziako Parlamentuan. ©FRASER BREMNER/SCOTTISH DAILY MA

Hilekoarentzako produktuak doan banatuko ditu Eskoziak gaurtik aurrera

Berria

Gaur sartu da indarrean Hilekoarentzako Produktuen Legea, Eskozian. Udalek eta eskolek banatuko dituzte tanpoiak eta konpresak, eta eskatzen dituen ororentzat eduki beharko dituzte eskuragarri, doan.

Guayaquil hirian igande goizaldean izandako atentatua. ©Guayaseko gobernua.

Bost lagun hil dituzte Ekuadorren, lehergailu batekin egindako atentatuan

Hodei Iruretagoiena

Ekuadorko Gobernuak salbuespen egoera ezarri du Guayaquil hirian, 30 egunerako, «hiria babesteko eta kontrola berrezartzeko beharrezko neurri guztiak» hartzeko.

Israelgo Polizia, atzo, Jerusalem ekialdean. / ©Abir Sultan, EFE

Palestinar bat hil du tiroz Israelgo armadak

Arantxa Elizegi Egilegor

Jerusalem ekialdean egindako sarekada batean hil dute 21 urteko gizonezkoa.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...