Donostiako 69. Zinemaldia. Sail Ofiziala

Boterekeriaz, umoretsu

Fernando Leon de Aranoa 'El buen patrón' satirarekin itzuli da Sail Ofizialeko lehiara. Zhang Jik debuta egin du 'Ping yuan shang de mo xi' thrillerrarekin

Ezin bertaratuta, Zhang Ji zuzendari txinatarrak online eman zituen bere filmari buruzko azalpenak. JUAN HERRERO / EFE.
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2021eko irailaren 22a
00:00
Entzun
Duela hemeretzi urte, Los lunes al sol filmarekin Urrezko Maskorra eskuratu zuen Fernando Leon de Aranoak. Vigoko (Galizia) ontziolen suntsitze prozesuan langabezian utzi zituzten hainbat lagunen egunerokoa azaldu zuen film hartan zinemagile espainiarrak, eta Javier Bardem sartu zen haietako baten larruan. Oraingoan, haren antagonista izan daitekeen pertsonaia baten rola jokatu du aktoreak El buen patrón filmean, arrakasta lortzeko edozer egiteko prest den enpresariarena. Kritika soziala eta umore garratza uztartuz itzuli da Leon de Aranoa Donostiako Zinemaldiko sari nagusia lortzeko lehiara, eta harrera beroa egin zion Kursaaleko publikoak atzo goizeko emanaldian.

Julio Blanco balantzak fabrikatzen dituen lantegi bateko nagusia da. Familia bat direla errepikatzen die langileei, seme-alabatzat dauzkala, haiek eta beren familiak babestearren aritzen dela une oro. Enpresa bikaintasunaren sari bat irabaztekotan dela azaldu die, erabaki hori hartzen duen batzordearen bisita laster jasoko dutela, eta esan diezaiotela egia: zoragarria dela bertan lan egitea. Baina kaleratu berri duten langile batek bakarkako borroka bat abiatuko du; pankartak eta megafonoa eskuetan, eraikin aurrean kanpatu du, eta ez dela bertatik mugituko ziurtatu. Eta, noski, hori ez da enpresariak batzordearen aurrean eman nahi duen irudia.

Zuzendariaren hitzetan, Los lunes al sol-en «alde iluna» izan liteke film berria. Protagonistatik hasita. Bardemen ustez, publikoarentzat ezaguterraza den pertsonaia bat da, eta ez du pertsona jakinik eredutzat hartu. Izan ere, antzezlearen lana bere baitan bilatzea dela esan zuen, pertsonaia beregandik urrun dagoen norbait izan arren. «Ez dakit jendeak zer pentsatzen duen nitaz [barrez], baina nigan ere egongo da Julio Blancoren zerbait. Aktoreak bere tresnekin lan egin behar du, eta horiek dira bere oroimenak, sentipenak, beste inor izateko gaitasunak... Pertsonaia epaitzeak ez du laguntzen interpretazioan; harekin enpatizatu behar duzu, eta haren arrazoiak aurkitu». Erreferentziak barruan bilatzeari dagokionez, idazketa prozesua ere antzekoa dela esan zuen zuzendariak. «Botere harremanen auzia garrantzitsua zen idazterakoan, gu guztiongan dagoen zerbait delako; berdin dio balantzen lantegi bat edo beste zerbait izan, botere puska bat duenak modu horretan erabiltzeko arriskua edo tentazioa izan baitezake. Batzuetan, izan nahiko zenukeen pertsonaiak idazten dituzu, eta, beste batzuetan, izateko beldur zaren horiek, eta garrantzitsua da norbere barruan bilatzea».

Gainerako pertsonaiek ere badute alde ilunik, eta, Urrezko Maskorra eman zion filmaren aldean, elkartasunik ez da haien artean. «Patroiaren eta langileen arteko harreman bertikal hori azaltzeaz gain, langileen artekoak ere agertzea interesatzen zitzaidan, haietan ez baita elkartasuna edo klasea nagusitzen, indibidualismoa eta lehia baizik. Bakar bat ere ez da guztiz zintzoa; ez nuen film estereotipatu bat sortu nahi».

Eta horretaz guztiaz hitz egiteko, umore garratza baliatu du zinemagileak. «Uste dut umorea dela ia edozer gauzatara hurbiltzeko modurik onena; niretzat, gauzak ulertzeko eta esplikatzeko era bat da. Bizitzaren parte da, eta beti saiatu naiz nire lanetan sartzen». Aurreko filmetan ere bazegoela baina oraingoan «galgarik ez jartzen» saiatu dela zehaztu zuen. «Sentitzen nuen modurik onena zela lan munduaren paisaia hain hondatu eta latz hori agertzeko, umoreak bai baitu zerbait katartikotik, eta hori garaitzeko modu bat da».

Miseria askotarikoak

Oso bestelakoa den baina kritika sozialetik ere baduen istorio batek eman zien jarraipena Sail Ofizialeko emanaldiei. Zhang Ji zinemagile txinatarrak Ping yuan shang de mo xi / Fire on the Plain thrillerra aurkeztu zuen lehiara, bere opera prima dena. 1997. urtea da, krisi ekonomikoak gogor jotako Txinako eskualde batean. Lantoki ugari ixten ari dira, eta, egoera horretan, etorkizuna beltz ikusten dute kontakizuneko pertsonaiek: aita langabezian geratu ostean kanpora ikastera joan nahi eta ezin duen neska gaztea (Zhou Dongyu), lagunekin lapurretetan ibiltzen den mutila (Liu Haoran)... Bizirik iraun nahian dabiltzan bitartean, saileko hiltzaile bat dabil kalean, eta haren arrastoaren atzetik, polizia bat. Baina bat-batean hilketak eten, eta kasua argitu gabe itxiko da. Urte batzuk geroago, berriro irekiko dute ikerketa.

Txinatik etortzeko zailtasunak direla eta, online mintzatu zen zinemagilea bere filmaz, emanaldiaren ondoren egindako agerraldian. Argazki zuzendari gisa hainbat filmetan parte hartu ostean zuzendaritzara jauzi egiteko gogoa bazuela esan zuen, eta filmak oinarri duen Shuang Xuetaoren Moses in the Plain nobelan aurkitu zuela pantailaratu nahi zuen istorioa. «Liburuak arrakasta handia izan zuen Txinan, sari ugari eskuratu zituen, eta niri asko gustatu zitzaidan. Nire familiako eta haurtzaroko oroitzapenak ekarri zizkidan».

Ez zela langintza erraza izan aitortu zuen. «Zaila izan zen filma egiteko zer atal aukeratu erabakitzea; liburua luzea da, eta, beraz, nekeza izan zen eszenak filtratzea. Horrek bost urteko lana ekarri zigun».

Pandemiak ere izan zuen eraginik. Estreinaldia ez ezik sortze prozesuaren hainbat fase ere atzeratu beharrean izan zirela kontatu zuen. «Azkenerako, jabetu ginen zailena ez zela izan aktoreak aukeratzea edo liburua moldatzea, baizik eta filma aurrera ateratzea bera». Azkenean lantaldearen ahaleginari esker lortu zutela gehitu zuen.

Filmak agertzen duen testuinguruaz, zinemagileak azaldu zuen bi garai nabarmentzen direla kontakizunean: 1997. eta 2005. urteak. Hain zuzen, «Txinan ekonomikoki eta sozialki aldaketa handiak izan diren garai bat», haren hitzetan. Azken urteotan Txinako zinemagintzak izandako goraldiaz ere hitz egin zuen. Haren ustez, oso uzta ona izaten ari da, eta horren erakusgarri da, besteak beste, zinemagile gazteen lanak jaialdietara iristea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.