Tokio 2020. BALORAZIOA

TOKIO 2020, AMESKERIA BAT

Olinpiar Jokoetan normaltasun itxura eman nahi izan badute ere, COVID-19 kasuak bikoiztu egin dira Tokion. Antolakuntza arazoak nabarmenak izan dira, eta kirolariek mezu indartsuak zabaldu dituzte.

Bisitari batzuk, Tokioko Olinpiar Jokoetako suontziaren aurrean argazkiak ateratzen. FAZRY ISMAIL / EFE.
jakes goikoetxea
Tokio
2021eko abuztuaren 10a
00:00
Entzun
Tokioko Olinpiar Jokoak ameskeria bat izan dira, errealitate itxurako irudipen bat. Jokoei normaltasun itxura eman nahi izan diete, baina ezer ez da izan ohi bezalakoa. Ezta normaltasunetik gertuen egon diren elementuak ere: lehiaketa eta kirolarien ahalegina. Jendea faltatu baita, ikusleak. Taupadak. Txaloak. Oihuak. Giroa. Kirolariek beren onena eman dute kirol gune huts eta hotzetan. Antolakuntza saiatu da ikusleak musika ozenarekin eta esatarien hitz jarioarekin ordezkatzen; baina lehiaketa askok lagunarteko lehiaketak eman dute.

Tokioko Olinpiar Jokoak ameskeria bat izan dira, egin diren hiritik eta gizartetik at antolatu eta jokatu direlako. Errealitate paralelo bat sortu delako Jokoak aurrera ateratzeko. Atzerritarren eta atzerritarrentzako burbuila bat zentzu guztietan, ez bakarrik COVID-19aren zabalkundea eragozteko.

Tokioko Olinpiar Jokoak ameskeria bat izan dira, telebistentzat antolatu direlako inoiz baino gehiago. Joko katodikoak, Joko birtualak.

Negozioa, ordea, benetakoa da: NOB Nazioarteko Olinpiar Batzordeak ez ditu galdu nahi izan telebisteneta babesleen diru sarrerak; era berean, saihestu egin nahi izan ditu jokoak bertan behera utziz gero haiei ordaindu beharreko kalte ordainak. Dirua irabazteko asmorik gabeko erakundea da NOB.

Oraindik ikusteko eta zehazteko dago japoniarrek zenbateko ordainagiria ordaindu beharko duten.

COVID-19A

Jokoak hasi aurretik arrisku bat, beldur bat, zegoen: kanpotik Japoniara iritsitako milaka bisitariek (kirolariak, laguntzaileak, ordezkariak eta kazetariak) COVID-19aren zabalkundea eragingo zutela, edo birusaren aldaera berriren bat sartu. Ondorioz, osasun sistemak gainezka egingo zuela. 90.000 bisitari inguru izan dira, horietatik 11.500 kirolariak.

Tokioko kutsatzeen kopuruak nabarmen egin du gora Jokoek iraun duten bitartean: uztailaren hasieran eguneko kasuak 600-700 inguru ziren; jokoak hasi ziren astean, uztailaren 19tik 25era, milatik gora; eta, bukatu diren astean, lau mila baino gehiago.

Japonian, asteko kopuru metatuetan jartzen dute arreta batez ere: uztaileko lehen astean kopurua ez zen lau milara iristen; Jokoak hasi zirenean hamar milaren bueltan zeuden; azken astean, hogei milatik gora. Paralinpiar Jokoak bi aste barru hasiko dira.

Datuek esan nahi dute Olinpiar Jokoek eragin dutela igoera? Ez. Oraingoz ez dago lotura zuzenik bataren eta bestearen artean. Izurritearen bilakaera eta Jokoetako parte hartzaileen datuak hobeto aztertu beharko dituzte horretarako. Zenbait osasun adituk nabarmendu dute, ordea, Olinpiar Jokoen inguruko festa giroak eraginda, herritarrek ez dituztela ohi bezain zorrotz bete COVID-19aren kontrako neurriak.

Antolatzaileek burbuila batean sartu dituzte Olinpiar Jokoengatik herrialdera iritsitakoak: hotel ofizialen sare bat (kirolariak Olinpiar Hirian), garraio sistema propioa, listu testak, parte hartzaileen ibileren berri izateko aplikazio bat eta bertakoekin harremanik ez izateko agindua. Eta, jakina, ikuslerik ez kirol guneetan. Burbuilak izan ditu zirrikituak, baina nahiko ondo funtzionatu du: uztailaren 1etik, 404 positibo izan dira Jokoen ingurukoen artean; 624.000 listu test egin dituzte, eta kutsatze tasa %0,02koa izan da. Arrakasta hori ulertzeko, aintzat hartu beharreko datua da Olinpiar Jokoengatik iritsitakoen %70 txertatuta zeudela. Japonian, proportzioa %30 ingurukoa da.

Koronabirusak guztiz baldintzatu du antolaketa, baina ez lehiaketak. Olinpiar Jokoetan parte hartu edo lan egin dutenen artean 430 kasu izan dira. Horietatik 286 bizi dira Japonian. Oso kirolari gutxik eman dute positibo. Ezagunena, Jon Rahm Barrikako (Bizkaiko) golfaria.

IRIZPIDE ETIKOAK

Olinpiar Jokoek Tokioko kutsatzeetan eraginik ez dutela izan baieztatuz gero ere, zilegi al da halako ekitaldi bat antolatzea COVID-19agatik larrialdi egoera ezarri duen hiri eta eskualde batean? Bertakoek gozatu ezin dutenean? Mugak eta murrizketak jasaten ari direnek etxe ondoan halako ekitaldi bat normal egiten ari dela ikustea? Haien hirian aste batzuetarako mundu paralelo bat sortu dutela ikustea? Funtsean, Olinpiar Joko batzuk hiri eta herrialde bati bizkarra emanda antolatzea? NOBek eta Japoniako Gobernuak baietz erabaki dute.

ANTOLAKUNTZA

Japonia sarritan bisitatzen duen kazetari txinatar batek oso ondo laburbildu zuen Tokioko Olinpiar Jokoen antolakuntzak eragin zion sentsazioa: «Olinpiar Joko hauek ez dira oso japoniarrak. Ez da nik ezagutzen dudan Japonia». Antolakuntzaren akatsei, hutsuneei eta arazoei buruz ari zen.

Hiru arazo nagusi izan dira: komunikazioa, garraio sistema eta beroa. Komunikazio arazoak izan dira antolakuntzarekin. Zaila izan da arazo jakinak konpontzeko arduradunak topatzea. Antolakuntzak jarritako posta elektronikoetara mezuak bidalita ere, normalean ez da jaso erantzunik; jasotzekotan, oso berandu. Horrez gain, kirol guneetako eta bestelako zerbitzuetako langile eta boluntario gehienak ez dira oso lagungarri izan. Nagusiki, gehienek ingelesik ez zekitelako.

Boluntario asko egon dira. Guztiak adeitsuak izan dira, eta laguntzeko borondatea izan dute, baina, zerbait galdetuz gero, haien ohiko erantzuna izan da ez zekitela edo galdetzeko beste bati.

Garraioa da parte hartzaileek gehien kritikatu duten zerbitzuetako bat. Autobus bidezko sistema erraldoi bat antolatu dute, gune batean zentralizatua. Ez da oso praktikoa izan. Gainera, Tokioko ohiko trafikoarekin lanean hasi denean, atzerapenak izan ditu. Joan aurretik, antolatzaileek esan zuten garraio sistemak bide propioak izango zituela, azkarrago ibiltzeko, baina ez da hala izan.

Jakina zen Tokion bero eta hezetasun handia egiten duela udan: 30 gradutik gorako tenperaturak eta %60tik gorako hezetasuna. Baldintza txarrak aire zabalean kirola egiteko. Hala ere, Jokoak udan egitea erabaki zuten, lehentasuna telebisten egutegien interesetan ezarri zutelako, kirolarien osasunean eta lehiakortasunean beharrean.

Olinpiar Jokoak Japonian egin dira, baina, antolakuntzari dagokionez, ez-japoniarrak izan dira.

MEZUAK

Tokioko Olinpiar Jokoetan ez da soilik kirolaz, markez eta COVID-19az hitz egin. Bestelako gai batzuk plazaratzeko eta haiei oihartzuna emateko balio izan dute. Gainera, kirolariek hitz egin dute zuzenean, ez beste batzuek haien izenean.

Olinpiar Jokoak hasi aurretik jakina zen Simone Biles gimnastak zeresana emango zuela. Egindako ariketengatik edo lortutako dominengatik. Bilesek, aldiz, zeresana eman du agerian utzi duelako goi mailako kirolarien buru osasuna zaintzea zein garrantzitsua den eta goi errendimenduko kirolariek zenbateko presioa jasaten duten.

Beste kirolari batzuek bazterkeriaren eta zapalkuntzaren kontrako mezuak zabaltzeko baliatu dituzte Olinpiar Jokoak. Raven Saunders pisu jaurtitzaile estatubatuarrak besoak altxatu eta eskuak gurutzatu zituen podiumean, zilarrezko domina lortu eta gero: «Zapaldutako jende guztia elkartzen den bidegurutzea da». Olinpiar Jokoetako irudi indartsuenetako bat izan da.

«Oso harro sentitzen naiz gizon gaya eta txapeldun olinpikoa naizela esateaz». Tom Daley jauzilari ingelesak urrezko domina irabazi zuen hamar metroko plataformako bikotekako jauzietan. Homosexuala dela aldarrikatzeaz gain, LGTBI gazteei zuzendu zitzaien: «Espero dut ikus dezaten ez duela axola zein bakarrik sentitzen zaren. Ez zaude bakarrik, eta nahi duzuna lor dezakezu. Gazteagoa nintzenean, ez nuen uste inoiz ezer lortuko nuenik, nintzena nintzelako. Orain txapeldun olinpikoa izateak erakusten du edozer lor dezakezula».

Alemaniako gimnastikako taldeak emakumeen sexualizazioaren kontrako mezua zabaldu du, gorputz osoko jantziak erabiliz. «Erakutsi nahi genuen emakume bakoitzak erabaki beharko lukeela zer jantzi», azaldu zuen Elisabeth Seitz gimnastak.

PARIS 2024

Parisen izango dira hurrengo Olinpiar Jokoak, 2024an. Olinpiar Joko arruntak izango dira? Ezin da jakin. Tokioko antolatzaileek uste zuten, 2020an Jokoak atzeratu eta gero, 2021eko ekitaldia ohikoen antzekoagoa izango zela. Ez da hala gertatu.

Pariskoak hiru urte barru egingo dira. Denbora asko dirudi, eta, logikaz, koronabirusaren eragina, eraginik baldin badu, askoz ere apalagoa izango da. Baina inork ez daki. Badaezpada, horretarako ere prestatu beharko dute. Eta Tokion ondo eta gaizki egin dituztenetatik ikasi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.