HILBERRIA. John Singleton

Beltzen bizitzak erdigunera

NINA PROMMER / EFE.
Ainhoa Sarasola.
2019ko maiatzaren 1a
00:00
Entzun
Bere komunitatea izan zuen ardatz filmetan, eta bere bizi esperientziak lanetarako osagai. Los Angelesko South Central (AEB) auzo txiroan sortua, zinema ikasi ahal izan zuen, eta zinematik egin nahi izan zion ekarpena komunitateari. Arrazakeria salatuz zein gazte beltzen bizitzak hobetzeko hezkuntza aldarrikatuz. Boyz n The Hood (1991) bere opera prima-rekin arrakastaz ekin zion bide horri, eta, tarteka bere ildotik aldendu bazen ere, beltzen errealitatea ardatz zuten hainbat lan egin zituen ondorengo urteetan. John Singleton herenegun hil zen, 51 urterekin, garuneko isuri bat izan eta bi astera.

Hego Kaliforniako Unibertsitatean egin zituen zinema ikasketak. Haiek amaitu eta berehala, 23 urterekin errodatu zuen Boyz n The Hood, eta ate nagusitik sartu zen Hollywooden: Oscar sarietarako bi izendapen lortu zituen, zuzendaritza eta gidoi onenarenak, eta halakorik lortzen zuen lehen zinemagile beltza bihurtu zen. Cannesen harrera ona izan zuen aurrez, eta Donostiako Zinemaldian ere izan zen Singleton filma aurkezten —Zabaltegi sailean eman zuten—.

Haren ondotik, beltzen bizitzak islatzen zituzten beste hainbat drama urbano ondu zituen —Poetic Justice (1993), Higher Learning (1995), Baby Boy (2001)—, baita arrazakeriaren auzia gordin ageri zuten beste hainbat ere —Rosewood (1997)—. Akziozko pare bat lan ere egin zituen ondoren, beste hainbaten lanak ekoitzi ere bai, eta telesailetan aritu zen azkenaldian.

Indarkeriagatik bere lanei eginiko kritikei honela erantzun zien behin: «Analisi koldarra da hori, amerikarra gizarte biolentoa baita. AEBetako industria osoak sustatzen du indarkeriaren kultura. Nire filmek auzitan jartzen dute indarkeria hori, beste askok ez bezala».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.