'Walk Up'
Zuzendaria: Hong Sang-soo. Aktoreak: Kwon Hae-hyo, Lee Hye-young, Song Sun-mi. Herrialdea: Hego Korea. Iraupena: 97 minutu.
Jakin gabe pantailan ageri den hori haren filmografiako pelikula txiki bat ote den, noiz eta non amaituko den etxe baten atarian hasitako bidaia intimoa, Hong Sang-sooren zinemak badu begien bistakoa eta azaltzen zaila den zerbait, gainontzeko guztietatik bereizten duena. Haren film guztiak berdinak direla esatea sinplekeria bat da, baina, alde batetik, egia ere bai: jendea hizketan, jaten, edaten eta erretzen; oinarri-oinarrian, hori besterik ez dute erakusten gehienek. Eta, oinarri-oinarrian, horrelakoak dira eguneroko bizitzako elkarrizketa gehienak ere: denak berdinak, eta denak bereziak.
Eraikin batean filmatu du Walk Up, eta izan liteke arkitekturari buruzko pelikula bat: pisuz pisu aldatzen den etxe baten arkitekturari buruzkoa, eta, era berean, pertsonaien arteko harremanen arkitekturari buruzkoa. Espazio bakoitzak moldatzen du harremana, eta harreman bakoitzak ematen du beste espazio baten berri.
Hongen azken boladako lanen bidetik, estilo ia biluzia du filmak —berrenkoadratzeko erabiltzen dituen zoom horietako bakar bat ere ez—, eta modu linealean egiten du aurrera, gehienetan soilak eta gardenak diren egoera batzuekin. Eta, hala ere, kontakizunean sartzen dituen elipsi harrigarriek ezustean nahasten dituzte narrazioetako denborak, eta etengabe zabaltzen dute filmaren mundua, sekuentzia bakoitza oraindik egiteko dagoen film baten pieza bat balitz bezala, egoera guztiek gordetzen baitute istorio berri batera doan ate bat, bizitza bat erabat aldatu dezakeen erabaki bat.
Dena da arrunta eta dudazkoa aldi berean. Protagonista zinemagile bat da —Hongen filmetako enegarrena, edo betiko bera—, eta elkarrizketa asko ezin sinpleagoak dira —erlijioen funtzioari buruzkoa, esaterako—, baina, azken boladako filmetan landu dituen gai handietatik urrundu arren, asmo bizigarri bat dago elkarrizketa eta irudi bakoitzaren atzean.
Aurreko hiru filmetan bezala, Hong bera aritu da argazki zuzendari —The Novelist's Film-eko zuri-beltzetik hurbil (2022)—, eta, haren zinema estudiatzen dutenek esango dute, baina kontraste handiko irudi horiek bide berriak zabaldu dituzte beti berdina omen den mundu horretan.