Albistea entzun
Emakumeen aurkako indarkeriari ez
Emakumeen aurkako indarkeriari ez
Emakumeen aurkako indarkeriari ez

Zientzia. Blanca Martinez. Geologoa eta zientzia dibulgatzailea

«Planetari ez zaio deus pasatuko; gizakiari, ez dakigu»

Mikropaleontologiaren bidez,azken 130.000 urteetan Kantauri itsasoak izan duen bilakaera aztertzen du Martinezek. Gizakiak klimaren aldaketa naturalak aldatu dituela eta, iragarpenak egitea zaila dela esan du.
ARITZ LOIOLA / @FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Iker Tubia -

2021eko azaroak 12

Geologia maite dituen gaiekin batu zalea da Blanca Martinez ikerlaria (Santander, Espainia, 1983). Zientzia modu errazean azaltzen trebea da, ikertutakoak kaleko hizkerara eramanda eta herri kulturako elementuekin jantzita. Winter is coming? (Negua heldu da?) esaldia, Game of Thrones telesailekoa, eraman zuen Euskal Herrian egin zuen azkenengo hitzaldiaren izenburura. Kantauri itsasoa azken 130.000 urteetako klimaren «kutxa beltza» dela azaldu zuen urriaren hondarrean, Geologia olerkari, despistatu eta miopeentzat dibulgazio jardunaldietan.

Zertan datza mikropaleontologia?

Fosil mikroskopikoak aztertzen dituen geologiaren diziplina da. Erregistro fosilean oso ohikoak diren organismoak erabiltzen ditugu. Organismo horiek soilak direnez, ezaugarri ekologiko zehatzak dituzte. Bizi diren eremuko parametro ekologikoak aldatzen badira, oso agudo erantzuten dute. Beraz, ikerketa paleoanbiental eta paleoekologiko oso-oso zehatzak egiteko aukera ematen dute.

Zein da Kantauri itsasoaren hondoan dagoen kutxa beltza?

Irudi bat da. Nik itsas hondoko sedimentu zundatzeak aztertzen ditut. Itsaso hondoan plastikozko tutu bat sartzen dugu, eta segmentu guzia hartzen du. Tutua irekitzean, kutxa beltz bat irekitzea bezala da: etenik gabeko denboraren bilakaera biltzen du.

Zer garrantzi dute ostrakodoek eta foraminiferoek zure lanean?

Foraminiferoak organismo zelulabakarrak dira, barnean oskola karbonatatua dutenak. Oso soilak direnez, ur zutabe osoan bizi dira: igerian edo hondoan. Asko daude itsasoetan eta estuarioetan. Ostrakodoak pixka bat konplexuagoak dira: karbonatatutako bi kuskudun mikrokrustazeoak dira, eta horiek geratzen dira sedimentuan. Biek ezaugarri ekologiko oso zehatzak dituzte, beraz, denboran eta lekuan izan diren aldaketei nola erantzun dieten ikus daiteke.

Nola garatu da Kantauri itsasoa azken 130.000 urteetan?

Duela 130.000 urte hasi zen glaziazio arteko aldia, hau da, gure planetaren historiako azken garai beroa. Beraz, alderatu dezakegu oraingo bero aldia Holozenoa aurrekoarekin. Garai hartan ur masak beroagoak ziren orain baino, eta itsas maila pixka bat altuago zegoen. Gero, glaziazioan, ur hotzen masengatik izotzak aurrera egiten du, eta itsas maila jaitsi; duela 20.000 urte inguru ia 120 metro gutxiagoraino ailegatu zen egungoarekin alderatuta. Europa iparraldetik heldu ziren ur masak sartu ziren, eta unerik hotzenetan gaur egun Baltikoko iparraldean bizi diren espezieak geratu ziren, zirkulu polarretik etorritakoak. Gero, Holozenoan, izotz kasko horiek urtu, eta itsas maila igo zen, ur beroagoak berriz sartuz.

Historia gertuagokoa ere aztertu duzu Kantauri itsasoan?

Gorrondatxe hondartzan ikus dezakegu Bilboko jarduera industrialaren erregistro bat. Zepa, adreilu erregogorra, plastikoa, beira... Labe Garaietako hondakinak itsasadarrean botatzen zituzten, eta itsasoaren dinamikak gertu ziren hondartzetara eramaten zituen: Tunelbokara edo Gorrondatxera. Bitxia da, hamarkada gutxitan arroka bat sortu delako, oso berezia olatuengatik, eta gizakiak naturan duen eragina agerian uzten du. Azken batean, itsasoak zaborra itzultzen digu egin duguna gogorarazteko.

Antropozeno terminoa baliagarria da egoera hori azaltzeko?

Geologian ez dago onarturik denbora termino gisa, ez baitakigu aztarnarik utziko ote duen erregistro geologikoan. Hala ere, bada metafora moduko bat adierazteko gizakiak ingurumenaren eta klima aldaketaren eboluzio naturalean nola eragiten duen. Izan ere, ziklo naturalak giza eskalara aldatzen ari gara, eta horrek eraginen digu. Horregatik erabiltzen dugu termino hori, gizartean nahiko ezaguna delako.

Noraino ari da gizakia eboluzio natural hori aldatzen?

Dagoeneko ez gara espezie nomada bat; aldaketa klimatikoei egokitu nahi gatzaizkie, tenperatura edo itsas maila aldatuta ere, mugitu gabe. Kontua da ari garela aldaketa natural hori azkartzen: ari gara tenperatura igotzen maila naturaletik kanpo, eta itsas maila ere ohiko mailatik igotzen ari da. Horren ondorioz, ez dakigu oso ongi nola egokitu egoerari. Ez dakigu zer den gertatuko dena, baina zuzenean eraginen digu.

Gizakia aldi geologiko berri bat sortzen ari dela esan liteke?

Hor dugu eztabaida. Garai geologikoek arrastoa utzi behar dute erregistro geologikoan, etorkizuneko material eta arroketan. Sortzen ari garena geratuko da milioiko urte barru? Izan liteke gertakari puntual bat, gerta liteke deus ere ez geratzea... ez dakigunez, ezin dugu definitu eskala geologikoaren baitan.

Galdera marka asko daude etorkizunari begira. Zer iragarpen egin litezke geologiaren bidez?

Milaka urte barru glaziazio bat izanen dugu; hori hala da, ez da aldatuko. Arazoa da giza eskalara etorrita, tenperaturen joerak beheranzkoa izan beharko lukeela. Giza eskalan badirudi tenperaturak eta itsasoaren mailak gora eginen dutela naturala ez den erritmo batean. Baina eskala geologikoan ez da deus ere gertatuko. Planetari ez zaio deus pasatuko; baina gizakiari ez dakigu zer gertatuko zaion.

Beraz, gizakiak bere buruarengatik kezkatu beharko luke.

Gainera, erregistro historikora jotzen badugu, egoera hau ezohikoa da. Ezin dugu deusekin alderatu; ez dakigu zer gertatuko den. Beraz, egoera ahalik eta naturalenera itzuli behar dugu, garapen ahalik eta iraunkorrenera, gertatuko dena iragarri ahal izateko.

Tenperaturak igotzen ari direla eta negua heldu dela esatea kontraesana iruditu dakioke jendeari?

Denboraren ikuspegian dago gakoa. Eskala geologikoan, bai, glaziazioa heldu da. Giza eskalan, ez dugu halakorik ikusiko.

Tenperaturen muturreko gorakadak ekar dezake tenperaturen muturreko beherakada?

Hori gerta liteke; ikusi duguna da modu naturalean planetak agudo erantzuten duela oreka lortzeko. Goma bat luzatzean bezala; zenbat eta gehiago luzatu, errebotea orduan eta handiagoa izanen da. Muturreko beroa baduzu, gero muturreko hotza izanen duzu, orekatzeko. Hori da modu naturalean gertatzen dena, baina, gizakiaren esku hartzearekin errebote natural horrek zein punturaino egin dezake tapoiaren funtzioa?

Klima larrialdiaz asko hitz egiten ari da asteotan COP26 goi bileraren harira. Non paratu behar da arreta?

Konplexua da. Argi eta garbi, berotegi efektua sortzen duten gasena garrantzitsua da; kontuan izan behar dugu zenbat isurtzen ditugun atmosferara. Baina ez da bakarra. Kostaldeko higadura azkartzen ari da, aldatzen, gizakiak egiten dituen lanengatik. Itsasoaren dinamika aldatu nahi dugu, baina itsasoa bere lekura itzuliko da. Bestalde, estuarioak eta itsas padurak idortzen baditugu, hesirik gabe geldituko gara; berdin kontinenteetako hezeguneekin. Kontzeptu asko dira, eta denak hartu behar ditugu kontuan.

Zer iritzi duzu Glasgown egiten ari diren COP26 goi bileraz?

Hitzak ongi daude, baina ekintzak behar ditugu. Uste dut zientzialarion iritzia geroz eta gehiago hartzen dela kontuan, eta hori garrantzitsua da. Proposatzen ditugunei kasu egin behar diete.

Orain arte zientzialariei ez zaie aditu edo kasurik egin?

Azken bi hamarkadetan hasi zaizkigu entzuten. Orain aditzen gaituzte, eta, tarteka, kasu egiten digute.

Pandemiaren aferarekin jendeak interes handiagoa du zientziarekin?

Bai, pandemiarekin, baita Palmako sumendiarekin ere; jendeak adituen ahotsak eskatzen ditu. Garrantzitsua da jendeak entzun gaitzan, modu horretan eskatuko dutelako politika egiterakoan gure iritzia kontuan hartu dezaten, udaletatik hasi eta erakunde nazionaletara.

Dibulgazioa da zure lanaren zati handi bat. Zer garrantzi du horrek?

Beharrezkoa eta oinarrizkoa da, eta ikerlari guziendako betebeharra izan beharko luke. Nik finantzaketa publikoari esker ikasi eta ikertu dut, beraz, uste dut egin dudan lana helarazi behar diodala jendeari, jakin dezaten zer egiten dugun, nola eta zertarako. Ikasteko, bai, baina egiten dugunaren garrantzia balioan jarri dezaten ere bai.

Zein dira zientziaren dibulgaziorako gakoak?

Ahalik eta gertuena izan behar du: hizkera moldatu behar da ez dadin sobera teknikoa izan, baina zorroztasunik galdu gabe. Termino konplexu asko ezin da erabili; hobe alderaketak, eta marrazkiak eta irudiak erabiltzea. Gero, jendearekin hitz egiten dut, jakiteko maitatu duten, ulertu duten eta abar. Egiten duguna konplexua dela dirudien arren, modu errazean azaldu liteke.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Pirritx, Porrotx eta Marimotots, Margarita oiloarekin. / ©Maialen Andre, Foku

'Kuikui', Pirritx, Porrotx eta Marimototsen ikuskizun berria

Ane Insausti Barandiaran

Bihar zen estreinatzekoa emanaldi berria, Amurrion (Araba), baina atzeratu eginen dela iragarri du Udalak. Euskararekiko duten kezkatik sortu dute ikuskizuna. Gai hori ardatz hartuta, ipuin bat, disko bat eta ikuskizun bat prestatu dituzte.

 ©BOB EDME

«Hitzak askabide bat emanen zien andreei»

Ainize Madariaga

Martinen eleek garai batean latsagietan erranen zirenak isurtzen dituzte. Emazteak eta pairatzen duten zanpaketa dituzte protagonista bortz ipuinek: 'Latsagietako eleak'. Gaur entzungai dira.
 ©BERRIA

Izen ez diren izenak

Enekoitz Telleria Sarriegi

Ezizenak gizarte baten isla izan dira, eta hizkuntzaren bizigarri ere izan daitezke. Umorez eta ironiaz heldu zaie askotan, baina adituak ohartuta daude ukitzen dituztela jazarpenaren mugak eta generoaren arrakalak ere. Diotenez, gutxiago erabiltzen dira orain.

Haizearen eta itsasoaren artean

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.