Autogestioa nahi dute abaro

Pertsona autonomoak dira oraindik ere, baina indarrak ahultzen direnerako, oraino gertuan garatu gabeko bizileku eredu baten alde ari dira hainbat adineko: etxebizitza kolaboratiboena.

arantxa iraola
Donostia
2019ko apirilaren 19a
00:00
Entzun
Ixabel Fernandez (Donostia, 1948), Karmele Mujika (Errezil, Gipuzkoa, 1948) eta Marisa Sarria (Donostia, 1950). Mahai baten jiran daude hirurak, Donostian, hirian co-housing egitasmo bat bultzatzeko ahaleginetan nola ari diren kontatzen, eta olatu zabalago baten parte direla argi adierazten: «Perretxikoen gisara zabaltzen ari dira halako proiektuak». Elkarbidean da orain martxan duten egitasmoaren izena, eta ate joka dabiltza, egun adinekoei zuzenduriko arretan ikusten ez duten baliabide berri baten zimenduak ipini nahian; etxebizitza kolaboratiboena. Mujika: «Niri, batez ere erakargarria egiten zait bakarrik ez bizitzeko era emango didalako: babesa da». Gaztetan, hainbat egitasmo antolatzea egokitu zitzaiela diote. Sarria: «Ibili ginen auzo elkarteetan». Fernandez: «Haurtzaindegiak abian jartzea tokatu zitzaigun». Konforme ez zeuden gazte haietakoak izan ziren, eta ez daude orain ere konforme aurrean dutenarekin: eraldatu egin nahi dute, ate eta aukera berriak zabaltzeko.

Gaiaren inguruan egin dituzten hitzaldietara-eta jendea «ugari»bildu zaiela diote; gogoa ikusten dute. Fernandez: «Gehienok izan dugu gure gurasoak zaindu beharreko esperientzia, eta zerbait ezberdina nahi dugu guretzat: komunitatean bizi nahi dugu, baina guretzat ere espazio pribatua izanda». Bakardadea izaten da, zahartu ahala, eragozpen handi bat, eta horri aurre egiteko eredu aski egokia dela uste dute: «Bakardadea saihesteko bideetako bat dira etxebizitza kolaboratiboak. Adinekoen artean dagoen arazo oso larria da».

Egungo zahar etxeen ereduaz haragoko zerbait nahi dute: benetan aseko dituen abaro bat. Fernandez: «Zerbait ezberdina nahi dugu. Oraindik baliodunak sentitzen gara gizarte honetan, eta etorkizunerako asmoekin». Ezer berririk asmatzera ez doazela argi dute: «Europan urteak daramatzate halako egitasmoek, beste hainbat herrialdetan ere bai». Etxebizitza tutelatuak-eta badira egun, baina horiez apartekoa da buruan duten eredua. Sarria: «Administrazioen esku daude horiek, eta hor ez dago adinekoek eurek beste pertsona batzuekin batera susta ditzaketen kolaborazioetarako tokirik; guk proposatzen dugun ereduan, kooperatiba bat sortuko genuke, eta horrexek egingo luke kudeaketa». Hortxe ikusten dute aldea: «autogestioan». Fernandez: «Marra gorrietako bat izango da jendea ez etortzea etxera altzari baten moduan. Parte hartzea da asmoa; bakoitzak ahal duen heinean. Zerbait komunitarioa egin nahi dugu. Biak landu nahi ditugu; alde pribatua, eta komunitarioa». Buruan dute, halaber, zaintzari ere leku egitea: «Bizilagun onen arteko harremanak landu nahiko genituzke; garai batean izaten ziren bizilagunen arteko erlazioak; halako zerbait». Ari dira etxeak non jarri aztertzen, eta erakundeetan ate joka.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.