Donostiako 69. Zinemaldia. Sail Ofiziala. KRITIKA

Iragate mingarriak

Mikel Zumeta.
2021eko irailaren 21a
00:00
Entzun
'Du som er i himlen / As in heaven'

Zuzendaria: Tea Lindeburg. Herrialdea: Danimarka.Iraupena: 86 minutu.

Zeruan bezala, Danimarkan ere. Tea Lindeburg zuzendariak iparraldeko tradizio zinematografikoaren oinordekotza modu trebe eta ezin dotoreagoan jaso du bere lehenengo film luzean. Dryer edo Bergman bezalako zuzendarien zantzua nabari zaio filmari bai eta Eggersena ere (The Witch), zuzendari garaikideago bat aipatzeagatik.

Lindeburgek gogor ekingo dio filmari, ume garaitik helduarorako igarobidea odol malkoak isurtzen dituen hodeiaren bidez iragartzen duenean. Lise (Flora Ofelia Hofman) neba-arreben artean nagusia da, etxetik ateratzeko zorian dagoena, kanpoan ikastekoa. Irrika, zirrara eta bizipoza dario protagonistari, XIX. mendeko landa aldeko Danimarkako herrixka bateko baserrian bizi den nerabeari.

Zuzendariak denbora ia errealera finkatuko gaitu kontakizunean, hogeita lau ordu inguru igaroko baititugu etxaldean, ama ume jaio berria erditzearen bueltan dagoela. Guztia denbora horretan gertatuko da: eraldaketa gure begien aurrean izango da: erabakiak, isiltasunak, ezintasunak. Erlijioa eta sineskeria estutuko dira, emakumea lotzen duten sokak bezala, zilbor-hesteak bezala, kate kaltetuak. Eta kamera protagonistarekin nahastuko da, bere aldartearen luzapena balitz bezala. Jostakari eta naifa hasieran, tentuzkoa eta zelataria segidan. Baserriaren ate, pertsona, korridoreak zeharkatuz, muturrean etorkizuna aieneka nozitzeko, burrunba itogarrian krudeltasuna kausitzeko.

Goraipagarria oso zuzendariaren lehen filma, beraz; teknikoki zaindua, tragedia eta beldurrezko generoen zertzeladak dituena. Eta, nola ez, aktoreen lana ikaragarri ona da; naturala, bizia, erretratu naturalistena bezalakoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.