Uxue Arzelus Lasa.
Donostiako 69. Zinemaldia. Zuzendari Berriak. KRITIKA

Gela bete min

2021eko irailaren 22a
00:00
Entzun
'Mass'

Zuzendaria: Fran Kranz.Herrialdea: AEB.Iraupena: 110 minutu.

Eliza bateko langileak zerbait prestatzen ari dira. Gela batean mahai bat jartzen dute, eta lau aulki haren inguruan. Mukizapiek gertu behar dute izan, baina ez mahaiaren erdian, arraro geldituko da. Janari gehiegi ere ez jarri, ez dute jango, baina ondo dago zerbait eskaintzea. Piano klaseak luze jarraituko du? Bai, baina atea itxiko dugu, eta ez da ezer entzungo. Eta leihoetan zintzilik dauden eskulan horiek?

Mass gela batean igarotzen da. Mahaia erdian duen gela horretan. Bertan elkartuko dira Jay eta Gail, eta Richard eta Linda. Lehenak institutuko tiroketa batean hil zuten nerabeetako baten gurasoak dira; bigarrenak, hiltzailearenak.

Fran Kranz estatubatuarrak idatzi eta zuzendu duen lehen lana da, berak aktore gisa lan egin izan baitu. Film txikia da, hasiera batean batere zinematografikoa ez diruditen ezaugarri batzuekin, baina Kranzek lortzen duena benetan ikusgarria da. Barkamenaren eta erruaren arteko dantza honetan, pertsonaia bakoitzaren minak eta min hori bizitzeko erak egiten du istorioa indartsu. Bakoitzak bere errealitatea bizi du, baina denek partekatzen dute zerbait: oinazea. Franzek maisuki gidatzen gaitu oinaze horretatik; presarik gabe, epaitu gabe. Bi orduz lortzen du ikusleak arretaz jarraitzea gela batean lau pertsonaiek duten elkarrizketa, bi orduz eztarrian korapilo bat dugula. Eta gidoi bikain bat eutsi eta borobiltzen: antzezpen bikain batzuk.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.