Donostiako 69. Zinemaldia. Zuzendari Berriak. KRITIKA

Amatasunak

Uxue Arzelus Lasa.
2021eko irailaren 25a
00:00
Entzun
'Ese fin de semana'

Zuzendaria: Mara Pescio. Herrialdea: Argentina-Brasil. Iraupena: 67 minutu.

Julia abeslaria da, eta badira hainbat urte bere herritik alde egin zuela bere ametsari jarraitzeko. Bertan utzi zituen Clara alaba eta iruzur baten ondorioz haserre dauden bizilagun mordoa. Orain herrira itzuli beharko du, iruzur horretatik atera zuen dirua berreskuratzeko. Itzulerak, ordea, bere iraganarekin topo egitera eramango du, eta atzean utzi zituen horiekin aurrez aurre aurkituko da.

Film xume bat aurkezten digu Mara Pescio zuzendari eta gidoilariak, istorioaren pisua bi pertsonaia nagusietan jartzen duena. Batetik, ideiak argi dituen emakumea, Julia, helburu jakin bat finkatu eta hura lortzeko egin beharrekoak egiten dituena; bakarrik dago eta bakarrik dihardu. Clara, ordea, inozenteagoa da, eta bere ingurukoengandik lortzen du indarra. Pesciok detaile txikiak erabiliz aurkeztuko dizkigu bi emakumeak (auto-stop egiten ari den emakumeari motxilatik diru apur bat lapurtzen dion ama, une oro jendez inguraturik dagoen alaba), eta haien ezberdintasunean nolabait ulertzen diren ama-alaba baten istorioa kontatuko digu. Horrela, zenbaitetan ama zein den eta alaba zein den nabarmen gelditzen ez den harreman bat ikusiko dugu; asteburu batean ulertuko dugun harremana, baina funtzionatzen duena: ez dago gorrotorik, batak ez dio besteari ezer leporatzen eta mundu desberdinetatik datozela dirudien arren, elkar maite dute. Ezohiko amatasun baten erretratua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.