Kataluniako hauteskundeak. ANALISIA
Zenbatzen ez diren botoen balioa
Igandeko hauteskunde berezietan pandemia, mahaiak osatzeko zailtasuna, COVID-19a daukatenek presentzialki botoa emateko aukera bada helburu bat independentziazaleek begiz jota daukatena: independentisten botoek %50eko muga magikoa gainditzea.
Ez dute lortu orain arteko hauteskundeetan, 2015ean aurkeztu baitziren aurrenekoz argi esanez haiei botoa ematea independentziari boto ematea izango zela. 2015ean %47,80 lortu zuten, eta portzentaje bera 2017an. Urte haietan oso bizirik zegoen eztabaida errepika daiteke igandeko hauteskundeen ondoren, alegia, abiatu ote litekeen independentziaren aldebakarreko prozesu bat botoen erdietara iritsi gabe. 2015eko emaitzak ezagututa, hauteskunde gauean bertan, CUPeko hautagai nagusiak, Antonio Bañosek, garbi esan zuen ez zela egin behar, prozesu horrek ez zuelako izango nahikoa legitimotasunik. Handik denbora gutxira, herritarren uholdeak bultzatuta, CUPek aldatu egin zuen irizpidea.
Asteotako inkestak betez gero, oso etorkizun laburra dauka behinola Kataluniako politikan jaun eta jabe eta Espainiakoan oso eraginkorra izan zen CiUren oinordekoak, PDeCATek. Parlamentutik kanpo uzten dute inkestek, duela denbora gutxi pentsaezina izango zena. Zaila ematen du horrela gertatzeak, hau da, Bartzelonako probintziatik hiru eserleku ere ez eskuratzeak.
Bada beste alderdi bat, Partit Nacionalista de Catalunya, PNC, hau ere CiUn egondakoek berriki osatua. Kataluniako terminologia politikoan «urkulluzaleak» esaten diete, Eusko Jaurlaritzaren buruaren jarrera pragmatikoa hobesten baitute independentziaren aldekoek proposatzen duten bide zuzenetik aldenduz.
Igandean oso emaitza txarrak lortuko dituztela aurreikusita, azken ordura arte saiatu da PNCren buruzagi Marta Pascal akordioa lortzen PDeCATekin, baina ezinezkoa izan da. Kataluniako politikaren ur harrotuetan hondoratu egingo da ur bareetan nabigatzeko egokiagoa den «urkulluzale» katalanen belaontzia.
Inkestak beteko diren hipotesia onartuta, eta hala PDeCAT nola PNC parlamentutik at geratzen badira, bi alderdi horiei emandako botoek ez dute baliorik izango hauteskunde gauean egingo diren kontabilitateetako batean: zenbat boto independentziaren alde eta zenbat aurka. Bakarrik eserlekua lortu duten alderdietako botoak sartzen baitira independentzia bai-ez eztabaida horren kalkulagailuan. Hutsune hori, daukan historiagatik, daukan tamainagatik eta lortuko duen boto kopuruagatik, handiagoa da PDeCATen kasuan, baina inork ezin dio aurkezteko eskubidea ukatu.
Alderdiekin txirbila egiten duen prozesu politiko ezegonkorra da Kataluniakoa. Ikusi dugu nola bukatu duen CiUk hiru puskatan zatituta, PSCk «maragallzaleen» ihesa jasan zuen duela urte batzuk alderdia sektore katalanistarik gabe utzita, Ciutadans 2017ko hauteskundeak irabaztetik jaitsiera handi bat izatera pasatuko da igandean, CUPek erdia galdu zuen bi hauteskunde horien artean...
Ezegonkortasun hori ez da asko baretuko igandetik aurrera. Bakarrik independentziazalerik gabeko gobernuarekin iritsiko da barea, eta kostata.
Gaiak
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.