Koronabirusa

Bi astez luzatuko dituzte Nafarroan izurria gelditzeko egindako murrizketak

Gobernuaren ustez, posible da egunotan nabaritzen hastea hartutako neurrien eragina. Jaurlaritza, «deliberatuta» itxialdi orokor bat saihestera

Nafarroara sartzea edo handik ateratzea debekatuta dago. Argazkian, Ibardin, Nafarroa eta Lapurdi arteko mugan. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria - Igor Susaeta
2020ko azaroaren 4a
00:00
Entzun
Nafarroako Gobernuak bi astez luzatuko ditu izurritea geldiarazteko asmoz hartutako neurriak. Beraz, indarrean jarraituko dute, besteak beste, Nafarroatik irteteko arauak, baita gaueko mugimenduak eta bilkurak mugatzea helburu duten arauak ere. Javier Remirez Nafarroako Gobernuko presidenteordeak atzo agerraldi batean adierazi zuenez, egun hauetan posible da hartutako neurrien eragina nabaritzen hastea, baina «zuhurtzia» eskatu zuen. Funtsezkoa iruditzen zaio harreman sozialak ahalik eta gehien murriztea: «Guztiok norabide horretan eginez gero aurrera, eta neurriak betez gero, berandu baino lehen aterako gara egoera honetatik».

Santos Indurain Nafarroako Gobernuko Osasun kontseilariak ere parte hartu zuen agerraldian, eta adierazi zuen «beharrezkoa» dela aste honetan kutsatzeen datua murriztea, osasun sistemaren egoera oinarri hartuta. Jakinarazi zuen ospitaleetan egun gogorrak espero dituztela; besteak beste, ZIU zainketa intentsiboetako unitatean 61 pertsona daudelako ospitaleratuta. Hain zuzen, nabarmendu zuen Nafarroan bigarren olatuko kopururik handiena dela hori. Gainera, erantsi zuen azken asteetako kutsatzeen ondorioz pertsona gehiago ospitaleratu behar izan dituztela, eta horietako batzuk egoera «larrian» daudela, ZIUetan. «Zainketa intentsiboetako egonaldiak luzatzen ari dira, eta, ondorioz, ospitaleetan emandako sendagiriek—batzuetan, heriotzak— ez dituzte ospitaleratze berriak konpentsatzen».

COVID-19ak eragindako egoera zein den kontuan hartuta, Eusko Jaurlaritza azken bi asteetan adierazten ari da mahai gainean dagoela itxialdi orokor bat. Baina, Bingen Zupiria bozeramaileak atzo nabarmendu zuenez, «deliberatuta» daude hori saihesteko ahaleginean. Gobernu kontseiluaren ondoren prentsaren aurrean egindako agerraldian adierazi zuen beste neurri «asko» har daitezkeela joan den martxoko eta apirileko erabateko konfinamendura heldu aurretik.

Zupiriak adierazi zuen «normaltasun berrirako» Eusko Jaurlaritzak ondutako Bizi Berri dokumentuak hainbat jokaleku aurreikusten dituela, eta, horiek aintzat hartuta, Araba, Bizkaia, eta Gipuzkoa «zutabe gorrian» daudela; hau da, 100.000 biztanleko intzidentzia tasa 500 positibotik gorakoa dela. «Beste aldagai batzuk, gainera, adierazgarriak dira: transmisio tasa eta ZIUetako ohe kopurua, besteak beste»

«Sekulako erronka» da, Zupiriaren esanetan, «gaixotasunarekin batera epe luzez bizitzea», eta nabarmendu zuen Jaurlaritzak uste duela hori ezin dela egin «soilik murrizketekin eta debekuekin». Bozeramaileak pentsatzen du 2021eko udaberrian eta udan izurriaren «olatu berriak» etor daitezkeela. «Ezin gara hiru hilabetez behin etxean itxita egon zientziak gaixotasun hau menperatzea lortzen duen arte». Bihar batzartuko da krisiari jarraipena egiteko Labiren aholku kontseilua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.