Jantzi, mozorrotu eta nortasunak

2018ko apirilaren 25a
00:00
Entzun
Euskal diasporako «dekanoa» dugun Mikel Ezkerro euskalargentinarra, Argentinako Euskal Etxeetatik birak egiten dituenean, behin baino gehiagotan kexu azaldu da gazteei«euskal dantzariz mozorrotu» esaldia entzutean. Jantzi aditza mozorrotu aditzaz ordezkatzea biziki mingarria egiten zaio eta. Sarritan, dantzaldien ondorengo otorduetan egin ohi diren solasaldietan Mikelek errieta egiten die bertaratutakoei.

Neu ere adinean aurrera egiten ari naizelarik, gazteekiko belaunaldi-jauzia antzematen ari naiz, eta esaterako, San Tomas eta bestelako jai tradizionaletan, Ezkerro jaunak ukan dituen antzeko egoerak ere bizi izan ditut.

Jakin badakit tradizioek kulturari aurrea hartzea adierazpen kezkagarria dela. Izan ere, bizirik dagoen kultura bat etengabe berrasmatzeko eta berritzeko gai da eta fosilizatzen hasita dagoena, aldiz, mitifikatutako iragan idiliko baten zurrunbiloan itotzen da.

Jakitun naiz ere, euskal abertzale askoren erreferentzia estetiko indartsuenak XIX. mendeko baserritar, laborari, arrantzale eta behargin Euskal Herrian dugula. Hori dela eta, iragan den mendeko euskaldunok jaietan ez gara baserritar mozorrotzen, janzten baino. Gure belarrietan irain kutsua hartzen du mozorrotu aditzak, baina ez dugu ikasi sentimendu horren jatorria zein den ondo adierazten eta gazte askok ez dute dagoeneko ulertzen.

XX. mendekoontzat XIX. mendeko erreferentziek aitona-amonen munduraino eraman gaitzakete, hots, fisikoki ezagutu eta maitatu ditugu pertsonenganaino. Belaunaldien gaindiko transmisio funtsezkoa da, gure espeziearen ezaugarri nagusienetarikoa baita. Desagertu den mundu horren ezaugarriak, baloreak, bizipenak ezagutzea oso baliagarria da.

Dena den, egun, non bilakaera historikoa bizkortu den, hori bezain garrantzitsua da belaunaldi berrien sentimendu eta beharrak ulertzeko ahalegina egitea. Hainbat arrazoirengatik, gure nortasunaren muina diren erreferenteak oso urrun daudelako.

Gure gazte urteetan aitona-amonen tradizioak berrinterpretatzeko eta eredu berriak eta propioak asmatzeko gai izan ginen. Kalea berreskuratu genuen, jai herrikoiak berrasmatu ziren. Erreferentzia ugari izanda ere, haustura-jarraipena ariketa egitea lortu genuen eta euskal kultura euskarri erakargarria izatea lortu zen.

Igandero mezetara joaten ziren aitona-amonen begietan guk egiten genuena astakeria zen, zalantzarik ez. Ikusten ez zituztenak ikustekotan, izutuko ziren, baina gure ustez gu egiten ari ginena euskal kultura zen, eta ze demonio! arrazoia genuen. Mundu anglosaxoniarretik indartsu zetozen korronteak euskal munduan kokatzeko gauza izan ginen, hiri-leinuak ere euskal munduan kokatu ahal izan ziren.

Autoestima oso ona da, dominak batzuetan erakustea ez dator gaizki. Halere, oraingo honetan, nire ustez, albo batera jotzea tokatzen zaigu. Ikusi behar dugu, entzun, eta batik bat, egiten utzi behar dugu. Horrela, elkarri hobeto ulertuko diogu.

Tresnak bideratu behar dira belaunaldi berriek euren ahalduntze-prozesuak, euren sortze-ariketak egin ahal izan ditzaten. Noski, gure betaurrekoak eskaini behar dizkiegu, nahi dutenean, tarteka, horietatik begiradatxo bat bota dezaten; haiek sortu behar dituzte euren erreferentziak, ordea. Euskal Kulturak bizirik jarraitzeko, XXI. mendekoek lekukoa hartu behar dute; euskararen erabileraren tasa handitzeko, haiek hartu behar dute ardura... eta euskal politikagintzan ariketa berriak egin ahal izateko, gazteak lehenengo lerrora igaro behar dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.