begona del teso
EPPUR SI MUOVE

Hamabi apostolu burua bendatuta, eta asto bat

2023ko martxoaren 17a
00:00
Entzun
Eman ziren Oscar sariak, eta kontent gaude frikiok; ez bakarrik Everything Everywhere All at Once beste guztien gainetik geratu zelako, baizik eta Halloween guztietan menderaezina den munstroaren kontra ausart jardun duen Tony Curtisen eta Janet Leighen alaba paregabeak, Lady Jamie Lee Curtisek, garaikurra altxatu zuelako, txapeldun.

Baina Oscarrak banatzen ari ziren bitartean, planetan ez zen pantaila bat bera ere itzali, eta Lurraren bost izkinatan pelikulek jarraitu zuten ederki asko aretoak betetzen.

Estreinatu zen gau hartan ez bere pertsonaiekin ez bere ikusleekin gupidarik ez duen Sick of Myself, bere erreferentzia bisuala Edvard Munchen kreatura horietako bat izanik. Estreinatu zen haurrak zein gazteak duin, serio, majo artatzen dituzten Frantziako King eta Alemaniako My Fairy Troublemaker.

Promesak ere egin ziren, zizkiguten. Badakigu, kasurako, gaur bertan estreinatzen dela Bañolet filma Donibane Garazin. Badakigu ere Euskal Herriko plaza anitzetan izango dela ikusgai berandu baino lehen.

Badakigu, hain zuzen ere, justu Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean Paxkal Irigoien eta Maia Iribarneren lana eskainiko den egun berean (martxoaren 21ean), Errenterian Ozzinema zeluloidezko akelarreak iazko Cannesko Epaimahaiaren saria jaso zuen Jerzy Skolimowskiren Eo-rekin tentatuko gaituela. Horrelakoxea da bizitza: biren artean erabaki behar duzunean, beti aterako zara batean galtzaile eta bestean garaile.

Leituko duzue Eo Robert Bressonen Au hasard Balthazar klasiko eder, esanguratsu eta mingarriaren egokitze gaurkotua dela. Akort. Ados. Bietan mundua eta geure burua asto baten bitartez ikusten baititugu. Baina frantziarrarengan apaindura gutxikoa zen zeluloide kasik latza, gaueko kaminoetako zorabioa da Poloniako semearengan.

Gogoetarako ematen du izaki tolesgabe/hobengabe horren begirada malenkoniatsuak, baina gero eta ezezagunagoak egiten zaizkigun mugarik/hondorik gabeko bazter fisikoetara ere eramaten gaitu zeluloidezko sekretuz/mirariz gainezka den pelikula honek.

Arbuiatu izan dute askok, bai. Krudelki. Basaki. Arrazoirik gabe. Pantaila infernuzko gorriarekin lehertzen da, argazki zuzendari egundokoa den Michal Dymeken kamerak ere ezin baitio eutsi. Michal, portzierto, bai Star Wars-en, bai Pawlikowskiren Cold War zinez maitatu hartan trebatu zen bere ofizioan. Pawel Mykietvek Cannesen saria lortu zuen soinu bandagatik, gure belarrietatik sartu eta gure hezur-muinetan eztanda egiten duten soinu ilun eta metalezko horiengatik. Sarri ez dirudi ezta musika konposizio bat ere, baizik eta Deabruak hartua den zinema soinu-diseinatzaile baten azken-aurreko balentria hilgarria.

Arbuiatu du jende frankok pelikula. Beste makina bat, aldiz, ez da oraindik bere onera bueltatu, zeren, nola bueltatu mundu honetara kontatu behar dizuedana ikusi ondoren? Eo-ren istorioa amaitzear dela, derrepentean, palazzo batean Isabelle Huppert bera agertzen zaigu. Meza ari da entzuten. Berarentzat bakarrik ari da apaiz gazte eta guapoa ogia eta ardoa sagaratzen. Isabellerengandik bi pauso atzerago dagoen neskame-idazkari-esklaboaren sakelakoak jotzen du. Boteprontoan. Ogia ez da oraindik Jesusen haragia. Ardoa ez da oraindik Jainko baten odol bilakatu, baina jauregiko andrea zutitu egiten da bere belaun-aulkitik, eta frantsesez zein italieraz haserre bizian hasi...

Izugarria da denok, apaiza ere, aho bete hortz uzten gaituen zinema atrebimendu hori. Eszena Toscanako lurrari dagozkion koloreekin, koloreetan dago filmatua, baina dagoeneko ikonikoa bilakatu dena zuri-beltz zikindu eta bortitz batean iltzatuko zaizue burmuinean. Eo ikusten dugu uharka baten gaineko zubian. Behean, presagain horretan preso den urak jauzi eta bor-bor egiten du. Ur horrek bere barrenetan dakarren amorrazioa hain da itzela, ezen bertako arranpek Iparraldeko Europan diren Lofoten irletan sortzen den Maelstrom bera bezain arriskutsuak ematen duten. Eta hor goian, Eo dago, auskalo zeren esperoan; Eo, bere begirada malenkoniatsuaz, kontakizun guztietan aipatzen den bere inozentziari eutsiz...

Cannesen esperimentatu genuen idatzitako hori guztia, baina geroxeago, Berlinen egin genuen topo, berriro ere, Robert Duvall, Michael York zein Jeremy Irons aktoreak bere kamera aurrean izan dituen sortzailearekin.

Alemaniako hiriburuan bazaudete, edo joatekotan bazarete, ez galdu aukera: bi lekutan ikusgai da Skolimowskiren pintura. Bai, margotu egiten duen zinemagilea da. David Lynch bezala, Takeshi Kitano nola, Dennis Hopper ere margolaria da. Nik uste dut hobeto eta sakonago barneratuko zenuketela Eo Kronen kalean den Nudd galeriako eta Brug karrikan den Poloniako Institutuko erakusketetan murgilduz gero. Hortxe baitira kolore bertsuak, unibertso antzekoak. Hortxe, zinemako pantaila bezain handiak diren margolan hainbat. Hortxe autorretratu usteldua. Hortxe burua bendaturik duten hamabi apostolu garaitu horiek. Errenterian zein Berlinen, Eo eta Jerzyri, agur.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.