Migrazioa, eta bakea lortzeko bidea

2022ko azaroaren 16a
00:00
Entzun
Migrazioari buruzko artikulu sakon eta mamitsua eskaini digu urriaren 25eko BERRIAn Jose Mari Esparzak. Ertz askotatik lantzen du gaia, eta aipatzen dituen eta aipatzen ez dituen puntu batzuk jorratu nahi ditut nik, askoz sakonagoa den Esparzaren pentsamendua desitxuratu nahi izan gabe, eta migrazioaren eta gure herriaren arazoei erantzuna emateko lagungarri izango ditugulakoan.

Lehenik eta behin, funtsezko planteamendu batekin bat nator Esparzarekin. Migratzaileekin betiere —sufritzen duten pertsonak direlako— errespetu handiarekin jokatu behar dugun arren, migrazio masiboa nazioarte mailan dagoen bidegabekeria sozialak eta inperialismoak eragindako egoera dela hartu behar dugu kontuan, eta, horregatik, migratzaileei zor diegun begirunearekin batera, bidegabekeria horien kontra joan behar dugu, egun batean inor ere bere herritik nahi gabe eta ogi bila atera behar ez izateko. Borroka horren emaitza, ordea, ez da azkar asko ikusiko, eta, bitartean, gure artean aipatutako bidegabekerien ondorioz migratzaileak izango ditugula argi eta garbi izan behar dugu. Funtsezko galdera bat planteatzen zaigu orduan: zer egin egoera horren aurrean?

Bigarrenik, eta arestian egindako galderari erantzuna emanez, ez nago ados Esparzak migratzaileei buruz adierazten dituen ideia batzuekin: «Bigarren mailako herritar izango dira, gizarte-bazterketaren mugan dauden marjinaltasunaren poltsak, delinkuentziak eta kulturen talkak utzitako ondorioekin». Zergatik gertatu behar dira derrigorrean egoera horiek? Behin baino gehiago gertatzen diren arren, ez dugu ezinbesteko zorigaitza direnik pentsatu behar. Migratzaile horiek gure herrian integratu ez izanaren ondorioz gertatzen dira errealitate horiek; eta geuk, euskaldunok, geure arduraren zati bat ere badugu gai honetan. Oso gai korapilatsua da, eta kanpotik etorritako etorkinek ere agian badute horretan ardura, baina iruditzen zait euskaldunok geure buruari funtsezko galdera bat, oraindik egin ez dioguna, egin beharko geniokeela: herri eta komunitatea garen aldetik, zer egin dugu euskaldunok kanpotik etorritako pertsona horiek gure herrian, kulturan eta hizkuntzan integratzeko? Galdera horri erantzuna ematea da, beraz, gakoa.

Hirugarrenik, Esparzak etorkinei buruz adierazitako beste ideia batekin ere ez nagoela ados esan behar dut: «Migrazio masiboak migrazioa jasotzen duten herriak oztopatzen eta desartikulatzen ditu, batez ere euskaldunak bezala migrazio-politikak erabakitzeko botererik ez dutenak...». Gai honi buruz funtsean pentsatzen dudana adieraziko dut: bake eta askatasun arazo handiak dituen herria da Euskal Herria, eta etorkinak gure herriaren bakea eta askatasuna lortzeko borrokan integratzealitzateke gakoa, pertsona horiek herri honen parte senti daitezen, Euskal Herriaren arazoak ezagut ditzaten eta denok gure herriaren bakea eta askatasuna lortzeko ahaleginean lagun izan gaitezen. Zer gertatzen da, ordea? Gure herriaren bake eta askatasun arazoei erantzuna emateko, gizarte zibil aktiboa behar dugu, eta hainbat eta hainbat urtetan bizi izandako gorrotoaren eta indarkeriaren ondorioz (torturak, hilketak, atxiloketak...), ez gara mugimendu zibil eta baketsu bat lortzeko gai izan. Sor dezagun, bada, mugimendu hori; guztiok, hemen jaiotakoak eta kanpotik etorritakoak, bakean eta askatasunean oinarritutako herri batean bizi gaitezen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.