Gazte mugimenduaren kontrako epaiketa

Etorkizuna bake eta justizian oinarrituta eraikitzeko deia

Auzipetuek herritarrei eman diete azken alegatua egiteko aukera; epaia bakerako urratsa izan dadila eskatu dute

Oihana Elduaien Uranga.
Donostia
2014ko otsailaren 1a
00:00
Entzun
Epaituak bere etorkizunaren giltza duen epaimahaia konbentzitzeko daukan azken aukera da azken hitza edo alegatua. Azken ondorioa, azken eskaera. Madrilen epaitzen ari diren gazteek epaiketako aurreneko saioetan hitza hartu ostean, epaimahaiari zerbait esateko daukaten aukera bakarra da. Baina azken hitz hori herritarren esku uztea erabaki dute Segikoak izatea egotzita epaitzen ari diren gazteek. Eta epaimahaiari hitz egiteko ez ezik, euskal herritarrei hitz egiteko ere baliatu dute. Hala, berrogei euskal herritar ezagunek sinatu dute berrogei gazteak aske uzteko eskatzen duen azken alegatua —epaitzen ari diren 36ez gain, epaiketara aurkeztu ez zirelako preso dauzkaten beste lau ere auzipetuta daude—.

Luzatu egin den arren, epaiketa atzo amaitzea espero zen hasiera batean, eta azken alegatua atzo aurkeztu zuten, Donostian. Alaia Martin, Mikel Labaka, Sabino Cuadra, Bakartxo Ruiz, Ramon Agirre eta Mikel Astarloza izan ziren aurkezpenean, alegatua sinatu duten berrogei lagunen ordezkari, eta Jazint Ramirezek eta Ainara Ladronek irakurri zuten testua. Bi horiek ere auzipetuta daude Segikoak izateagatik, Espainiako Auzitegi Nazionalean epaitzeko zain. Haiez gain, sinatzaileen artean daude, esate baterako, Jesus Egiguren PSE-EEko presidentea, Txema Montero abokatua, Amets Arzallus bertsolaria eta Irati Jimenez idazlea ere.

Gehiengo berriaren adierazpena, 'gu' berriarena izena jarri diote alegatuari, eta «justizia trantsizionala» eskatu dute, besteak beste. «Harresiak zeuden lekuan» zubiak eraiki behar direla diote, eta justiziaren arloan ere halaxe egin behar dela: «Bada arrazoibide eta tresna juridiko aski epaiketa honen emaitza bakearen aldeko urrats txiki bat izan dadin. Justizia garai berri baterako trantsizio ikuspegitik aplikatzen hasi behar da».

Zubiak nahi dituzte, «etorkizunerako zubiak», «ilusio zubiak». «Atzera begirako estrategia antiterrorista» Euskal Herriarentzat «zama latza» dela uste dute sinatzaileek, horrela ez dagoela beraiek nahi duten bezala «errespetua eta aitorpena» oinarri izango dituen «bakean eta justizian oinarrituko den etorkizuna» eraikitzerik. Eragile politiko eta sozialek urratsak egin dituztela diote, baina gehiago ere behar direla aitortzen dute. Bide horretan, Madrilen egiten ari diren epaiketa «konponbidea eten edo oztopatzeko asmoz eraikitako harresi berria» dela salatu dute, «garaiz eta lekuz kanpo dagoen anakronismoa».

Ilusio bila

Gizartea «ilusio desioz» dagoela dio berrogei herritarrek sinatuta berrogei gazteren alegatua egiten duen testuak, baina, frustrazioa besterik ez duela bilatzen nabarmendu dute. Ilusioari eusteko, epaituak libre uzteko eskatu dute. Eta, are gehiago, kontuan hartuta «epaiketan berez delitua ez diren ekintzak» aurkeztu dituela akusazioak : «Helburuak dituzte epaitzen, ez bitartekoak; jardun politikoa dute epaitzen, eta ez delituak.

Epaiketak iraun duen lau hilabeteetan beraien kontrako akusazioak egiten ikusi eta entzun dituzte berrogei gazteek fiskala, poliziak eta perituak. Eta entzundakoarekin haserretu direnetan ere isilik eutsi behar izan diote. Abokatuen egitekoa da epaituen defentsa. Entzundako denak entzunda, epaimahaiari esan nahi diotena esateko aukera herritarrei eman diete gazteek.Eta mezu argi bat eman dute: «Bakean eta justizian oinarrituko den etorkizuna eraiki nahi dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.