Joseba Zalakain.
Koronabirusa. GIZARTEA PENTSALDIAN

Aukeratzeko aukerak

2020ko urriaren 1a
00:00
Entzun
Ongizate Estatuak, Espainiako Estatuan behintzat, ez dio aukeratzeko eskubideari jaramon handirik egin: hezkuntza edo osasun sistema publikoek, esaterako, eskola, ospitale edota osasun zentro batera joateko eskubidea bermatu diete hiritarrei —eta bertan kalitateko zerbitzu bat jasotzeko eskubidea—, baina ez dute beharrezko ikusi hiritar horiei eskola, ospitale, osasun zentro, mediku edota irakasleak aukeratzeko eskubidea ematea. Aukeratzeko eskubide hori sistema pribatuen ezaugarri izan da batik bat. Hezkuntza edo osasun arreta zentro edo erakunde jakin batean jaso nahi dutenek zerbitzu pribatu edo itunpekoetara jotzen dute.

Hainbat eragilek aukeratzeko eskubide hori areagotzea aldarrikatzen dute. Horien arabera, arreta emango duen zentro edo profesionala aukeratzeko eskubidea eduki beharko lukete hiritarrek, estatuaren rola arreta hori arautzera eta ordaintzera mugatuz. Horrek lehia bultzatuko luke arreta ematen duten enpresen artean, eta, ondorioz, zerbitzuen kalitatea hobetu, erabiltzaileen autonomia eta kontrola indartuz. Beste ikuspegi batzuen arabera, ordea, aukera askatasun horiek, erabiltzaileen ikuspegi, lehentasun eta hautuak adierazi eta gauzatzeko tresna egokiak izan badaitezke ere, segregazioa eta ezberdinkeria sor dezakete, baliabide nahiko dituzten hiritarrak finantzaketa publiko horretaz baliatzen baitira beste hiritarrek erabili ezin dituzten zerbitzu edo zentroak hautatzeko.

Edozein kasutan, Europa osoan —herrialde eskandinaviarrak barne— gero eta ugariagoak dira aukera indibiduala gauzatzeko tresnak ; gero eta gehiago erabiltzen dira gizarte zerbitzuetan eta, batez ere, mendekotasuna duten pertsonei zuzentzen zaizkien zerbitzuetan. Frantzian, adibidez, egoitza batera joateko edo etxez etxeko laguntza jasotzeko, estatuak dirulaguntza bat ematen du, eta horretaz baliatzen dira hiritarrak behar dituzten zerbitzuak —publiko nahiz pribatuak—aukeratu eta erosteko. Espainiako Estatuan badira antzeko hainbat dirulaguntza, baina hedapena makalagoa izan da. Orokorrean, hezkuntzan eta osasun sisteman bezala, zentro edo zerbitzu jakin bat erabiltzeko eskubidea ematen du administrazioak, eta erabiltzaileen aukeratzeko askatasuna apenas hartzen den kontuan.

Komenigarri ote da Frantziako sistema hori Hegoaldeko lurraldeetara zabaltzea? Zerbitzuen kalitatea benetan hobetuko al da zerbitzu hornitzaileen arteko lehia indartzen bada? Ba al dute erabiltzaileek nahiko informazio aukera zuzenak egiteko? Sortuko al dira lurralde guztietan behar adina hornitzaile benetako lehia egoteko? Ez ote dira ezberdinkeriak areagotuko alor horretan ere? Galdera asko eta erantzun gutxi eztabaida honen inguruan. Nahiz eta gure gizarte zerbitzuen izaera errotik alda dezakeen kontua izan, esan daiteke ez dela horren inguruan eztabaida sakonik egin gure artean.

Aipaturiko galderei ezin badiegu —nik behintzat— erantzun argirik eman, ondo legoke behintzat eztabaida horren aurrean bizpahiru ideia azpimarratzea. Alde batetik, esan behar da aukeratzeko askatasun hori bi ahoko ezpata dela: garrantzitsua da erabiltzaileek zerbitzu hornitzailea aukeratu ahal izatea; batzuetan aukerak azalekoak baino ez dira, ordea, eta aukera askatasun horrek kalteak besterik ez dizkie ekarri erabiltzaileei. Bestalde, aukeratzeko eskubidea indartzeak ez luke nahitaez zerbitzuen pribatizazioa ekarriko, nahiz eta kasu horietan logika komertzialak indartu egiten diren. Azkenik, gogoratu behar da administrazioak ez lukeela marko berri horretan lehentasunik galduko, nahiz eta haren funtzioak (agian) aldatu: zerbitzuen horniduraz ez bada arduratuko, berebiziko ardurak bete behar ditu zerbitzu horien kalitatea bermatzeko eta benetako aukera askatasuna ahalbidetzeko erabiltzaile guztiei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.