HILBERRIA. Carlos Saura

Espainiari so egiteko leiho bat

EFE.
itziar ugarte irizar
2023ko otsailaren 11
00:00
Entzun
«Espainiako zinema leiho bat da, Espainia zer izan den eta nola oroitu duen begiratzeko». Uste horretan bermatuta hasi zuen ibilbide zinematografikoa Carlos Saurak (Huesca, Espainia, 1932), eta hala osatu du zazpi hamarkada beteko ibilia. Frankismoko zentsurari aurka egitea egokitu zitzaion hasierako urteetan, eta Espainiako gizartearen askotariko gaitzei begiratu zien bere filmetan; ez edonola, ordura arteko zinemaren mugak harago eramanez baizik.Musikari, literaturari —lau eleberri argitaratu zituen— eta argazkigintzari lotutako egile bat ere izan da, eta 91 urterekin hil zen atzo, Ohorezko Goya saria jaso bezperan.

Cuenca (1958) dokumentala izan zen haren lehen lanetako bat, eta ondotik etorri ziren Los golfos (1969) eta La caza (1965). Azken hori izan zen Elias Kerejetak ekoitzi zion lehen filma, eta elkarrekin egingo zuten lan multzo bateko lehena —«ni Eliasekin hazi naiz, eta Elias nirekin»—. 36ko gerrak utzitako zaurien inguruko erretratu gordina egin zuen lan hartan, eta zuzendaririk onenaren saria eman zioten Berlinale jaialdian.

Peppermint frappé da ziur asko haren obran ondotik datorren lanik aipagarriena: errepresio frankistaren ondorioak arakatu zituen, pertsonaien psikologian eta bere belaunaldian ikusten zituen zenbait gabeziatan arreta jarrita —sexualitatean, besteak beste—. Stress, es tres, tres (1968), Ana y los lobos (1972) eta beste heldu ziren gero, guztiak espainiar gizartearen arrakalei begira onduak. Horietan ageri zen, orobat, Sauraren lana ezaugarrituko zuen estilo sinbolista, zeina Luis Buñuelengandik zetorkion, hark esan ohi zuenez.

La prima Angélica (1973) eta Cría cuervos (1975) Cannesen erakutsi zituen, eta horiek finkatu zuten haren izena nazioarteko zirkuituan.Elisa, vida mía (1977) eta Los ojos vendados ere (1978) aupatu zizkioten; horiekin itxi zuen erreferentziazko egile bihurtu zuen aroa.

Erregistro gogoetatsuago batetik hurbilago zeuden filmak egin ondoren, formatu konbentzionalago batera lerratuago zegoen zinema bat egiteari ekin zion 1980ko hamarkadatik aurrera —Deprisa, deprisa-rekin (1981) Urrezko Hartza irabazi zuen Berlinale jaialdian—. Antonio Gadesekin egindako trilogia musikalak ere ezaugarritu zuen aldi berri hura. Bere zinemak izandako biraketaz galdetzen ziotenean, garai bakoitzean egitea zegokiona egin zuela erantzun ohi zuen. «Oso intuitiboa naiz, eta galdetzen badidazu nire zinema norantz doan... ez nuke jakingo esaten. Jauzika egiten du aurrerantz».

Pajarico (1997) —Pajarico solitario bere narrazio autobiografikoan oinarritua—, Goya en Burdeos (1999), Buñuel y la mesa del rey Salomón (2001) eta Jota de Saura (2016) dira azken hamarkadetan egin zituen filmetako batzuk. Idazketari eta argazkigintzari lotuta ere aritu zen bitartean. Ahal zuen artean lanean jarraitzeko determinazioa zuen. «Erretiratu... hiltzen zarenean erretiratzen zara, ezta? Edo ez zaizunean egiteko beste ezer gelditzen; nik uste, baina auskalo».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.