ETA desagertu osteko elkarbizitza hizpide 'Ur handitan' saioan

Gaur eta datorren asteartean ariko dira gaiaz. Askotariko lekukotzak bilduko dituzte, Errenterian

Xabier Oleaga kazetariak torturak salatu zituen Euskaldunon Egunkaria-ren aurkako operazioan atxilotu zutenean. ETB.
urtzi urkizu
2018ko maiatzaren 8a
00:00
Entzun
Elkarri begira izenburupean, ETAren desagerpenaren ondoko elkarbizitza hartuko dute mintzagai ETB1eko Ur handitan saioan, gaur eta hurrengo asteartean (22:35). ETAren amaieraren albistea Errenterian (Gipuzkoa) nola hartu duten ezagutzen saiatuko da Xabier Madariaga aurkezlea. Errenteria herri aitzindaria izan da elkarbizitza eraikitzeko ekitaldiak eta egitasmoak antolatzen, eta horregatik erabaki du hara joatea Baleukoko programak.

Naiara Zamarreño izango da saioko protagonista nagusietako bat —ETAk haren aita Manuel Zamarreño PPko zinegotzia hil zuen, 1998an—. 14 urte zituen aitaren aurkako atentatua egin zutenean. Ama da, eta «barne prozesu luze baten ondorioz» bere esperientziaz hitz egiteko prest azaldu dela nabarmendu dute saioaren arduradunek.

Saioak Xabier Oleaga kazetariaren hitzak jasoko ditu. Punto y Hora de Euskal Herria aldizkarian hasi zen lanean; Egin-eko zuzendaria izan zen, eta Euskaldunon Egunkaria-ko zuzendariorde izendatu zuten. 2003. urtean, Egunkaria itxi zutenean, Guardia Zibilak atxilotu egin zuen Errenteriako haren etxean. Torturak salatu zituen. Handik zazpi urtera, 2010ean, errugabetzat jo zuten Egunkaria auzia-n.

Saioan, Madariagak Julen Mendoza herriko alkatea elkarrizketatuko du —EH Bildukoa da, eta Ahal Dugu eta Ezker Anitzaren koalizioarekin batera dago udal gobernuan—. Iazko uztailean, barkamena eskatu zien publikoki ETAk hildako zinegotzien senideei. «Bestearen azalean jartzeko irudimena falta» kritikatu izan du. Alkateak Naiara Zamarreñorekin batera kontatuko ditu bere esperientziak programan.

Bestetik, Jose Angel Rodriguez PSE-EE udal taldeko bozeramaile eta zinegotziak bere alderdiaren egoitzan jasan dituzten 27 erasoak gogoratuko ditu. Rodriguezek parte hartu izan du elkarbizitzaren aldeko elkarrizketetan.

Bakearen Aldeko Taldea

Programako beste elkarrizketatu bat Imanol Aizkorreta iheslari ohia izango da. 64 urte ditu, eta Zamalbide ikastetxeko irakaslea da. Torturatu egin zuten 1983an, eta horrek eragin handia izan zuen haren bizitzan. Ipar Euskal Herrira egin zuen ihes, eta jaioterritik kanpo bizi izan zen hogei urtez. 2003an itzuli zen jaioterrira.

Halaber, Bakearen Aldeko Taldearen esperientzien berri emango dute ETB1eko programan. Horretarako, Mikel Ugalde taldearen sustatzailearen hitzak jasoko dituzte. Ugalde euskaltzalea da, eta urte luzez aritu da euskalgintzako proiektuetan lanean.

Juan Carlos Merino alkate ohiaren (PSE-EE) eta Alberto Muñagorriren —hankarik gabe gelditu zen hamar urte zituela, ETAren lehergailu baten ondorioz— lekukotzak ere entzungo dira erreportajean.

Euskal Herriko errealitate berriari heltzea da saioaren asmoa, oraingo honetan Errenteriatik abiatuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.