BERRIAren 2.500 infografia baino gehiago Wikipedian daude eskura

Akordioa egin dute BERRIAk eta Euskarazko Wikipediak. Infografia guztiak igoko dituzte.

Galder Gonzalez wikilaria eta Iban Arregi BERRIA Taldeko kontseilari ordezkaria, atzo, Andoainen. JON URBE / FOKU.
urtzi urkizu
Donostia
2018ko ekainaren 12a
00:00
Entzun

Euskarazko Wikipedian gero eta eduki gehiago kontsultatu eta irakur ditzakete internautek. Horien artean, BERRIAk 2012tik 2018ra argitaratutako 2.500 infografia baino gehiago daude. 2012. urtetik atzerakoak ere igotzen joango dira pixkanaka, eta beste milaka batzuk egongo dira euskaldun guztientzat eskuragarri (ikusi nabarmenduak).

Galder Gonzalez Euskarazko Wikipediaren ordezkariak aipatu du Hezkuntza programarekin hasi zirenean ikusi zutela diru-laguntzaren zati bat euskarazko edukiak «askatzeko» erabili behar zela. «Hainbat eragilerekin gaia aztertzen hasi ginen, eta ikusi genuen aukera BERRIArekin lan egiteko. Oroiteria eta GAL 30 urte lanak libre utz zitezkeela ikusi genuen, eta, bestetik, infografiak oso interesgarriak zirela. Artikuluak irudikatzeko oso tresna onak dira infografiak».

Josean Apeztegia BERRIAko infografien arduradunak azaldu duenez, konbertsio eta egokitzapen batzuk egin behar izan dituzte infografia asko Wikipediara igo ahal izateko. «Programa zaharretatik berrietara grafikoak pasatzeak arazoak sortzen ditu, eta dezenteko eskuzko lana izan da».

Apeztegiak nabarmendu du aurrerantzean euskarazko egunkariaren infografia horiek guztiak Interneten hartu ahal izango dituztela herritarrek. «Eskubideak libreak dira, baina baldintza batekin: beste nonbait erabiliz gero, BERRIAren aipamena egin behar da. Gainontzean, ez dute beste mugarik izango».

Infografiak igotzeko prozesuan berrienetatik zaharrenera ari dira. «Asko falta zaizkigu igotzeko, baina BERRIAn argitaratu diren guztiak igoko ditugu. Formatu digital bektoriala dute infografiek, eta oso praktikoa da formatu hori. Izan ere, bektorearekin ez gara kezkatu behar grafikoaren tamaina fisikoaz: nahi adina handitu daiteke», zehaztu du BERRIAko infografien arduradunak. Apeztegiak, bestalde, nabarmendu du Oscar Angulo BERRIAko informatika burua «sekulako lana» egiten ari dela infografiak Wikipediara igo ahal izateko.

Eduki gehiago Wikipedian

Gonzalezek nabarmendu du BERRIAko infografiak balio handikoak izango direla Wikipediako erabiltzaileentzat: «Euskal Herria bere osotasunean aintzat hartzen duten infografiak, aktualitateko gaiekin eta euskaraz Wikipedian izatea oso garrantzitsua da. Ekarpen handia da».

Hezkuntza programarekin, bestalde, pausoak ematen ari direla azaldu du Gonzalezek: «Unibertsitateko ikasleek milioi bat hitz baino gehiago idatzi dituzte euskaraz Wikipedian azkeneko lau hilabeteetan».

Beste eragile batzuekin ere ari dira wikilariak akordioak egiten: Ahotsak.eus-en 300 bideo igoko dituzte, herri bakoitzeko hizkera jasotzen dutenak; Elhuyarrekin adostu dute Teknopolis saioko bideoak askatzea. «Lehen aldia da ETBn eman den saio bat Creative Commons lizentziapean lagatzen dena. Unibertsitateekin ere ari gara beste proiektu batzuekin».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.