21. Korrika

Euskara buruan eta ibili munduan

Euskal etxeen bidez, Etxepare Institutuaren bitartez edo modu autonomoan antolatuta, munduko txoko ugaritan egingo dituzte euskararen aldeko lasterketak hurrengo 11 egunetan.

2019ko apirilaren 3a
00:00
Entzun
Korrikak milaka eta milaka lagun elkartzen ditu Euskal Herrian, herriz herri, egunez egun, euskararen alde. Baina, Korrikaren eragina ez da soilik Euskal Herrira mugatzen, eta urteak dira Euskal Herrikoarekin batera, munduko hamaika txokotan, Korrika egiten dutela. «Batzuek lasterketa moduan antolatzen dute, gurearen antzera; beste batzuetan, berriz, festa bat edo jaialdi bat izaten da», azaldu du Tito Serranok, Korrika antolatzen duen batzordeko kide eta munduan antolatzen diren beste Korriken koordinatzaileak.

Serranok zailtasunak ditu datozen 11 egunetan munduan zenbat Korrika egingo diren zehazteko. Webgunean azken momentura arte berritzen aritu dela azaldu du. «Eta duela bi urte Korrikaren bat kanpoan utzi genuela badakigun bezala, ziur aski aurten ere geldituko da aipatuko ez dugun bat». 20. Korrikari dagokionean, munduan 50etik gora Korrika egin zirela zehaztu du Serranok. «Eta aurten gehiago izango dira».

Nazioarteko Korrika horiek gehienetan asteburuetan antolatzen dira, ahalik eta jende gehiena biltzeko. Horietako batzuk apirilaren 5-6-7an egingo dira, eta gainerako gehienak 12-13-14an.

Antolaketari dagokionez, hiru modu nagusi daude. Etxepare Institutuaren bidez nazioarteko unibertsitateetan antolatzen direnak dira horietako bat. Etxepare Institutuak 18 herrialde ezberdinetako 34 unibertsitatetan du presentzia. «Horietan,Korrikari buruzko informazioa jasotzen dute, eta batzuek parte hartzea erabakitzen dute. Normalean, dozena bat luze izaten dira. Unibertsitatean dagoen irakasle horrek bere ikasleekin batera antolatzen du, eta hainbat ekintza egiten dituzte». Modu horretan antolatu dira, esaterako, Leipzigen (Alemania), Liverpoolen (Ingalaterra), La Platan (Argentina), Varsovian (Polonia) edo Santiagon (Txile)

Bestalde, aurten, Etxepare Institutuak bere gain hartu du lehen HABEk kudeatzen zuen Euskara Munduan sarea; hau da, euskal etxeetan euskara eskolak emateko sortutako sarea. 80 bat euskal etxe dira guztira. «Horietako batzuekin lehen ere bagenuen harreman zuzena, baina Etxepare Institutuaren bitartez, beste hainbestek bat egin dute Korrikarekin».

Euskal etxeak izan dira, historikoki, Euskal Herritik kanpoko Korrikak antolatu dituztenak. Klasiko gisa aipatzen ditu Serranok Paris, Bartzelona eta Berlin ere bai. «Leku batzuetan antolaketa bikoitza izaten da: Etxepare eta euskal etxea. Maiz gertatzen zaigu toki beretik Korrika antolatzeko bi eskaera edo proposamen heltzea, pertsona bi edo gehiago jartzea gurekin kontaktuan. Halakoetan, eurak jartzen ditugu kontaktuan guk, bien artean edo prest dauden guztien artean bakar bat egin dezaten».

«Horiek dira modu ordenatuan antolatzen direnak. Baina,Korrikak duen ezaugarrietako bat da berez sortzen direla hainbat eta hainbat ekintza, inork Euskal Herritik bultzatu gabe. Gurekin jartzen dira kontaktuan, eta esaten digute, adibidez: 'Edinburgoko euskaldun talde bat gara, eta Korrika antolatu nahi dugu'». Nazioarteko Korriken koordinazio taldeak material sorta bat dauka prest horretarako: pankartak, kartelak, itsasgarriak, banderinak, informazioa, euskarri digitalak.... «Guk horiek bidaltzen dizkiegu, eta beraiek konpromisoa hartzen dute egiten dutenaren informazioa eta argazkiak guri bidaltzeko, eta guk gure webgunean jartzeko».

Bideo lehiaketa

Etxepare Institutuak euskara ikasleen bideo lehiaketa bat ere antolatzen du Korrikaren aitzakian. Bi bideo mota daude: irakurletzetakoek bidalitakoak eta euskal etxeetakoek bidalitakoak. Youtuben eta Korrikaren webgunean dauden ikusgai. Atsegin dut gehien jasotzen dituzten bi bideoek irabaziko dute, eta arlo bakoitzeko irabazleak uda honetan egonaldia egin ahal izango du barnetegi batean. Etxepare Institutuak ordainduko die Euskal Herrirako bidaia eta AEK-ak barnetegiko egonaldia.

Azkenik, beste hizkuntza gutxituen alde egiten diren «Korrikaren ahizpak» aipatu ditu Serranok. «Horiek oso garrantzitsuak dira guretzat: besteak beste, Bretainian, Galesen, Irlandan, Katalunian eta Galizian egiten dira».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.