kritika. Antzerki musikala

Txiroak txiroen aurka

West Side Story musikala irailaren 8ra bitartean ikusi ahalko da Bilboko Arriaga antzokian. BERRIA.
Agus Perez.
2019ko abuztuaren 18a
00:00
Entzun

'West Side Story'

Jatorrizko ideia eta koreografiak: Jerome Robins. Musika: Leonard Bernstein (partitura), Stephen Sondheim (hitzak). Libretoa: Arthur Laurents. Eszena zuzendaritza eta moldaketa koreografikoak: Federico Barrios.Lekua: Bilboko Arriaga antzokia. Eguna: Abuztuak 14.

Askok esaten dute West Side Story-ren atzean Shakespeareren Romeo eta Julieta dagoela. Egia da Montesco eta Capuletotarren arteko liskarrak eta giro hartan sortutako amodioa maisuki lekualdatu zirela New Yorkera Robert Wise eta Jerome Robinsen filmean, banda gazteen giro bortitza puertorricar eta europar etorkinengan jarrita.

Zinema estatubatuarraz ari gara, noski, eta seguruenik hango ideologia nagusiak ederki baliatu zuen argumentua Karibeko irlaren gaineko kolonialismo mozorrotua zuritzeko eta AEBetako lumpen klaseak Nazio Handi baten zerbitzura jartzeko. Nik, ordea, txiroak txiroen aurka besterik ez dut ikusten testosterona litroka isurtzen duten bi banda haien espektakuluan, eta oso entretenituta ikusten ditut haien kideak amodio eta arrazakeria kontuetan, nazio handi hartako boteredunak pozik eta lasai bizi diren bitartean. Zerbaitegatik erabaki zuten AEBetako instituzio politiko-kultural nagusiek—Kongresuko Liburutegiak kasu— «preserbatzeko moduko» filma zela, «bere balio kultural, historiko eta estetikoengatik».

Eta, tira, ados nago ni delibero horretan ere, filmaren balio horiek benetan ukaezinak direlako, nahiz eta denboraren poderioz garai bateko edertasun zimelduaren sentsazioa uzten digun, eta guretzat ere —zeresanik ez belaunaldi gazteentzat— orduan ekarri zuen berrikuntza eta sortu zuen zirrara nahiko zaharkituak geratu diren.

Baina jakin beharra dago filma, askotan bezala, Broadwayko musikalaren ostean etorri zela, eta, alde horretatik, nolabaiteko luxu kulturala da bertsio eszenikoaz gozatu ahal izatea, jatorrizko koreografiak —ez dakigula zer dela-eta— moldatuak izan diren arren. Dudarik gabe, ekoizpen handi baten aurrean gaude, eta horren adibide da taula gainean 30 bat antzezle, abeslari eta dantzari daudela eta orkestra ertain batek jotzen duela zuzenean Bernsteinen musika, musikarien erdiak agertoki azpiko hobian kokatuta eta beste batzuk agertokiaren gaineko plataforma batean.

Eremu eszenikoa ere ekoizpenaren neurrikoa da, eta errekurtso tekniko asko erabili dira kontakizunaren leku guztiak irudikatzeko. Haien artean Brooklyngo zubipekoa, Doc-en drugstore-a eta kirol-eremuko sare metalikoa gogoratuko ditugu, baina beste asko izan dira, eta girotze egoki horretan rol erabakigarria jokatu du neurriko argi-efektuen diseinuak. Produkzio mota hauetan ohikoa den bezala, azalekoak izan dira antzezpenak —Mariaren pertsonaia salbuespen ia bakarra izan da— eta emozioa abesti hilezin haietatik etorri da —Maria, Tonight, I feel pretty, America...—, Mariaren rola jokatu duenaren ahots paregabea lagun.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.