Maider Galardi F. Agirre.
Aieteko konferentziaren 10. urteurrena. ANALISIA

(Isilune bat)

2021eko urriaren 16a
00:00
Entzun
Donald Trump lau urtez izan da AEBetako presidentea, ia 600 euskal preso ziren lehen eta 203 dira orain, greba feminista entzutetsuak izan dira han-hemen, orain streaming bidez ikusten da «telebista», Kolonbiako Estatuak bake akordioa sinatu zuen FARCekin, Durangon Euskal Herriko Topaketa Feministak izan ziren 2019an, Vox indarrez sartu da Espainiako Parlamentuan, mundu mailako pandemia baten ondorioak jasaten ari gara oraindik, Nuit Debout mugimenduak hautsak harrotu zituen Frantzian, abortua legeztatu dute Hego Amerikako hainbat estatutan, arrazializatu, queer, migrante, periferia... hitzek gero eta oihartzun handiagoa dute gurean. Lehen, gazteek «pero alguien debe tirar del gatillo» («norbaitek sakatu behar du katua») abesten eta oihukatzen zuten moduan oraingoek dantzatzen eta perreatzen dute: «mueve el culo y gora...» («mugitu ipurdia eta gora...»). Aldaketek bere denbora behar dutela esan ohi da, baina ezin ukatu azken hamarkadak berea eman ez duenik.

Barricadarenak eta Chill Mafiarenak, bi abestiek jokatzen dute isiltasunarekin, ezin esan daitekeen horri oraindik eta oihartzun sorgorragoa eginda. Eta mututasun hori da, hain zuzen ere, erabat agerikoa dena euskal gatazkaren ondorioen kudeaketan ere. Garaiak aldatu dira, bai, baina argazkiak ia bera izaten segitzen du: 2011ko urriaren 17ko Aieteko Konferentziako 54 gonbidatutik 13 ziren emakumeak; eta orain egiten ari diren ekitaldietan ere presentzia txikia da. Joan den ostegunean egin zuten argazkian, esaterako, herenak baizik ez ziren. 2015ean, euskal gatazkaren berrirakurketa feministei buruz UEUk antolatutako jardunaldietan, Jule Goikoetxeak honakoa zioen: «Gatazka publikoan emakumeek ez dute protagonismorik, ez bakean ez gatazkan; ez dugu lekurik ez batean ez bestean, eta hori esklusio sistematikoa da». Pentsa zitekeen sei urteren ondoren aldatuko zirela kontuak. Gaian ari diren ikerlariak eta egitasmoak, behintzat, badira: Olatz Dañobeitia, Foro Sozialaren genero lantaldea, Zuriñe Rodriguez, Bilgune Feminista, Gloria Guzman, Sara Hidalgo, Irantzu Mendia, Itziar Mujika... Horiek, esate baterako, solaserako prest egon dira, egunkari honek euskal gatazkaren eta gatazka politikoen irakurketa feministarako akuilua behar izan duenean. Nola da posible, orduan, askoz ere baliabide gehiagorekin Eusko Jaurlaritzaren bizikidetza plan berriak «feminismo» edo «genero» hitzak behin ere ez aipatzea?

Bada, gatazken irakurketa androzentrikoa izateaz gain, elkarbizitza eraikitzeko lurra ongi goldatzea eskatzen baitu horrek. Rebecca Solnit idazleak dio historiari buruz idatzitako liburuekin ehunka liburutegi bete daitezkeela, baina are gehiago bete ahal izango liratekeela kontatu ez den horrekin. Eta esan ez denaz gain, entzun ez den hori ere gehitu beharko litzateke zerrendara. Liburutegi mamu horretan daude orain arte aintzat hartu ez diren hainbat indarkeria: sexualizatua —bai, Euskal Herrian ere bai—, lekualdatze behartuak —hau ere bai—, instituzionala, ekonomikoa, psikologikoa... Ez da kasualitatea: gaiari lotuta orain arte elkarrizketatu ditudan andre guztiek —alde bateko zein bestekoek— erabili dute medikazioa egoerari aurre egiteko, ezkutatu dute haien nortasuna erosoago bizi ahal izateko, edota berez zegokien talde «propioak» baztertu ditu emakumeei dagozkien sexu-genero sistemaren araberako estereotipo eta rolak ongi ez betetzeagatik.

Kontu horiei azpimemoria izena jarri zien Itxaso Martinek bere doktore tesian: «Ofizial izateko baldintzak betetzen ez dituzten memoriak». Eta, oraingoz, Aieteren ondoren gelditu zaigun lur horretan ez dute tokirik andre horien ahotsek. Jokin Azpiazuk iradokitzen du: «Nola lortu errelitate batzuen inguruko isiltasuna haustea mugimenduan bigarren mailako posizioa izanik?». Finean: zoru komuna bai, baina nor dira komun horiek?

Esperantzarako tartea badago, halere. Atzo etorkizuneko erronkez eta «memoria inklusiboaz» aritu ziren Kursaalean Brian Currin, Robert Manrique, Karmen Galdeano eta Agus Hernan. Manriquek eta Galdeanok —biak biktimak— eskatzen zuten alde guztientzako egia eta aitortza bermatzeko. Eta horrek derrigor eskatzen du isiltasuna hautsi eta entzunak izatea. Ariketa hori biktimek euren artean nola egin duten txalotu zuen Currinek, eta Hernanek oroitarazi zuen nola aritu den Foro Soziala biktimen arteko topaketak antolatzen. Hain justu, Jaques Rancièrek zioen biktimak sarri hartu izan direla «ez-herritar» gisa, eszena publikoan parte hartu ezin duten «zentzudun» subjektu bezala. Hori izan liteke gatazkaren ondorioak jasan dituzten emakume asko eta asko espazio publikoan ez egotearen arrazoia.

Ez da nahikoa, ordea, euren arteko solasaldiekin, eta ez da nahikoa herritarron entzute aktiboarekin. «Ezin da eztabaida hau ustel gainean itxi», esan zuen Galdeanok. Instituzioek bere egin behar dituzte ohartarazpenak, eta abian jarri bizikidetzarako ezinbestekoak diren egia eta aitortzarako baliabideak. Hori, Currinek esan zuen moduan, Egiaren Batzordeen bidez egin daiteke. Eta feministek gehituko dute: izan daitezela horiek benetan inklusiboak eta egon dadila trantsiziozko justizia feminista Euskal Herriarentzat ere. Bestela, hamar urteren ondoren norbaitek egingo du kantu bat: rocka, punka, reggaetoia edo rapa, eta uneren batean isilduko da.

Piiiiiiiiiiiiiiiiiii.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.