Arabako Bertsolari Txapelketa. Finala

Bertsolari aro berri baten lekuko

Giro bikaina sortu dute Gasteizko Principal antzokira finaleko seikotea animatzera joan diren zaleek. Bertsolari gazteenek freskotasuna eta urduritasuna erakutsi dute saioan

Zaleek bertsolarien aldeko pankarta ezberdinekin apaindu zuten atzo Principal antzokia. ENDIKA PORTILLO / FOKU.
Edurne Begiristain.
Gasteiz
2019ko martxoaren 31
00:00
Entzun
Final guztiek dute urduritasun eta emozio kutsu bat. Eta atzokoak bietatik izan zuen, sobera. Ez baitzen izan beste final bat. Ez bederen azken urteotakoa bezalakoa. Hamalaugarren edizioak izan zuen berezitasunik. Bertsolari aro berri baten lekuko izan zen atzo Principal antzokia, belaunaldi gazteek euren tokia aldarrikatu baitzuten atzoko finalean. Bi finalista berri eta gazte izan ziren oholtza gainean: Peru Abarrategi eta Aroa Arrizubieta. Biak ala biak lehen aldiz igo ziren Principal antzokiko taula gainera. Eta biek gaztetasuna, freskotasuna eta urduritasuna eraman zuten finalera.

Aurten finala gaztetu dela nabaria izan zen saio guztian. Eta gaztetasun horri aipamen egin zioten agurrean bertan ia bertsolari guztiek: «Gazte jendea» aipatu zuen Agirrek, «aro berriaz» mintzatu zen Perea... Artega izan ziren bertsolari gazteenak, eta publikoak sumatu egin zuen hori. Zaleek sutsu animatu zuten Arrizubieta bertsotan ari zela huts egin zuenean. Perea bera ere gerturatu zitzaion gero aulkira animoak ematera, eta elkarrekin kantatu zutenean ere, goxo besarkatu zuen elkar.

Bestelako berezitasunik ere izan zuen saioak, sei finalistetatik hiru aramaioarrak baitziren: Xabi Igoa, Manex Agirre eta Peru Abarrategi. Eta zale aramaioarren berotasuna oso presente izan zen finalean. Gogotsu aritu ziren saioan herriko bertsolarien aldeko oihuekin, hasieratik amaiera arte.

Giro beroa egon zen Arabako Bertsolari Txapelketako finalean.Principal antzokiaren kanpoaldean ere, finala hasi baino ordubete lehenago, nabaritzen hasia zen giroa. Antzokiko inguruak zalez bete baino lehen iritsi zenoholtzara igoko zen seikotea. Lehena iristen izan zen Perea, eta ondoren, Agirre. Elkar besarkatu zuten, eta animoak eman zizkioten elkarri. Gauza bera egin zuten, gero, Arrizubietak, Viñasprek, Abarrategik eta Igoak, taldera batu zirenean. Antzoki barrura sartu ziren seirak eta handik tarte batera bide bera hartu zuten zaleek. Finala galdu nahi ez zuten aurpegi ezagunen artean izan ziren, besteak beste, Josu Zabala musikaria, Igor Elortza bertsolaria, Gorka Urtaran Gasteizko alkatea eta Miren Larrion EH Bilduko zinegotzia.

Barruan animo eta indar olatu batek bete zuen aretoa. Pankartetan, oihuetan zein txaloetan sumatu zen zaleen berotasuna. Bost pankarta eskegi zituzten palkoetatik, Arrizubietari, Igoari eta Abarrategiri eskainitako mezuekin. Saio guztian etzun ziren sei bertsolarien aldeko oihuak, baina bereziki ozenak izan ziren Abarrategiren eta Igoaren aldekoak. Buruz buruzkora igaroko ziren bi bertsolarien izenak jakiterakoan lehertu zen aretoa, bereziki Viñaspreren izena entzutean. Abetxukoarrak txapela jantzi zuenean zutik jarri zen aretoa. Beroa izan zen publikoaren erantzuna eta beroa finala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.