Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. ANALISIA

Portugal

Felix Iriarte.
2015eko abenduaren 21a
00:00
Entzun
Iragarpenak bete dira neurri handi batean. Lau alderdi nagusi, eta ez bi orain arte bezala; PP eta PSOEren gainbehera baina ez neurri berean, alderdi berrien mesedetan; eta azkenik hauteskundeak irabezteak ez duela gobernatzea bermatzen, are gehiago, bigarrenak aukera asko izango zituela aurreikusten zen eta nago hala izango dela. Pedro Sanchezek PSOEk inoiz izan duen emaitzarik txarrena izan du eta hala ere, Espainiako hurrengo presidentea izateko aukera gehien duena dela esango nuke.

Portugal datorkit burura. Duela bi hilabete, urrian, hauteskundeak izan ziren eta eskuineko alderdiak irabazi zituen; 102 eserleku lortu zituen, baina 116 behar ziren gehiengo osoa lortzeko. Ez zuen bidelagunik aurkitu beste alderdien artean, eta ezkerreko hiru alderdien arteko koalizioak kargua kendu zion Passos Coelhori. Seguru Rajoyk gogoan izango duela urrian alboko estatuan gertatutakoa.

Eta Sanchezek Antonio Costa Portugalgo lehen ministroaren ibilbidea amestuko du. Zaila zirudien ezkerreko hiru alderdiek bat egitea Portugalen, baina egin zuten. Madrilen gauzak errezagoak izango direlakoan nago. PSOEren eta Podemosen artean gehiengo osoa izan ez arren, eskuineko PP-Ciudadanos arteko batuketatik gertu ibiliko dira, eta gehiago behar izanez gero, hor daude Kataluniako eta EAEko alderdiak, eta baita IU ere. Inoizko emaitzarik txarrena eta inoizko saririk preziatuena lor dezake Sanchezek. Gainera, kargua eskatzeko zilegitasunarekin: PSOEk atzera egin du, baina PPk askoz gehiago, hauteskundeak irabazi dituen arren. Rajoyk milioika boto eta dozenaka diputatu galdu ditu, eta gobernua galtzeko zorian dago.

Aldaketak Katalunia eta EAE ere ukitu ditu. Esanguratsua Bartzelona aldean ikusitakoa. PP eta PSCren galerak agendan zeuden, baina Ciutadansek aurreikuspenak bete ez izanak badu bere garrantzia. Kataluniako hauteskundeetan izandako emaitzak berretsi nahi zituen eta oso urrun geratu da, sozialisten eta popularren parean. Irabazleak Podemosen hauteskunde marka eta ERC izan dira. Erabakitzeko eskubideak orain aukera gehiago izango dituela egingo nuke apustu.

Gure artean ere eskubide horrek aukera gehiago izango ditu? Goiz samar iruditzen zait galdera horri erantzuteko. Atzo ikusi zena zera da: ezkerra aurrera egiten ari dela batez ere botoetan eta kontuan hartu behar da EAEko hauteskundeetan —datorren udazkenean seguruenik- eserlekuak beste era batera banatuko direla, eta EAJ, EH Bildu eta Ahal Dugu-ren arteko aldea estuagoa izango dela. Espainian lau alderdiren kontua izango da aurrerantzean, eta litekeena da hemen hirurena izatea, atzerago eta eragin gutxiagorekin geratuko lirateke eta PSE-EE eta PP.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.